Imanol Pradales lehendakaria, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera, Gure Artea 2024 sarien banaketaren buru izan da gaur. Sari horiek Euskadin arte plastiko eta bisualen arloan ematen diren sari garrantzitsuenak dira. Idoia Montónek ibilbide artistikoaren saria jaso du; Josu Bilbaok jarduera sortzailea aintzatesten duen saria, eta Tractora kooperatibak arte plastiko eta bisualen arloan hainbat eragilek egindako jarduera aintzatesten duena. Ekitaldia Orconera fabrika zaharrean egin da, egun topagune bihurtua ondare industriala balioan jartzeko.
Bere hitzaldian, lehendakariak azpimarratu duenez, Gure Artea sariekin "Euskadi Berria, biharko gure Herria, imajinatzen, konfiguratzen eta aurreratzen ari zareten pertsonak aintzatetsi eta balioan jartzen ditugu". Lehendakariaren arabera, sarituek argi erakusten dute "Euskadin harrobia dagoela, talentu sortzaile izugarri handia dagoela", eta hura zaintzeko konpromisoa hartu du. "Euskadin dugun sistema kulturala indartu nahi dugu: zuek artistek tresnak izan ditzazuela zuen potentzial guztia garatzeko, leku bat egon dadila zuen lanak erakusteko, eta gizarteak zuen obraz gozatu ahal izateko", adierazi du.