Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2025eko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlanari, eta bigarren saria, Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! antzezlanari.
Igogailu batean amaitu zen mundua
Donostiako AmaHiru konpainiak aurkeztutako komedia izan da aurtengo irabazlea. Iñaki Cid antzerkigile eta aktorearen gidaritzapean, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi elkartu dira proiektu honen lantaldea osatzeko.
Hona hemen sinopsia: Idoia eta Julen igogailu txiki batean topatzen dira bakoitzak bere aldetik lagun batzuen etxean egindako afari baten ostean. Biek zabor poltsak daramatzate. Ez dute elkar ezagutzen baina beraien bizitza betirako lotuta geratuko da. Bat-batean igogailua geratu eta behera jauziko da. Idoia eta Julen, konortea galdu ondoren, igogailuan esnatuko dira ahots batek hitz egiten diela. Igogailuen enpresako larrialdi zerbitzuetako langilea da, eta berak iragarriko die orain dela 2 ordu munduan hutsegite masibo bat egon dela eta mundua, ezagutzen zuten bezala behintzat, amaitu egin dela.