ZINEBI – Bilboko Udalak antolatutako Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak zinema eta performancea uztartzen dituzten bi ikuskizun programatu ditu. Bi kasuetan zuzeneko musikaz lagundutako proiekzioak dira.
Azaroaren 10ean, igandea, 19:00etan, BBK Aretoak Pablo Gil Rituertoren "La Marsellesa de los borrachos" dokumentala hartuko du. Bere proiektua ZINEBI Networking Bilboko Zinema Dokumentalaren Foro Profesionalaren 2022ko edizioan aurkeztu zen. 1961eko udan Cantacronache taldeak, diktadura betean, Iberiar penintsularen iparraldean erresistentziaren abesti herrikoiak bilduz egin zuen ezkutuko bidaia berreskuratzen du filmak. Mende erdi baino gehiago geroago, film honetako lantaldeak Cantacronacheren urratsak jarraitzen ditu eta geldialdiak egiten ditu Katalunian, Asturiasen, Kantabrian edo Euskadin.
ZINEBIk Euskadin lehen aldiz aurkeztu du Boogaloo Filmsen koprodukzio frantziar-hispano-italiar hau – partzialki Bilboko Otxarkoaga auzoan eta Irunen filmatua, besteak beste –. Bernat Manzanok eta Alba Lombardiak (Escarlata Estudio) ekoiztuta, 150 minutuko iraupena duen proposamen performatiko honek uda hartan erregistratutako ahozko memoria eta soinu-artxiboak biltzen ditu, iraganeko zauriak irekita dauden lurralde baten geografia emozional eta politikoa osatuz.
Emanaldiarekin batera, Amoranteren (Iban Urizar) interpretazioa izango da, zuzenean pelikulan jasotako abestietako bat, baita elgoibartarraren kantutegiko beste pieza batzuk ere, non tradizioa eta modernitatea modu magikoan besarkatzen diren.
Bestalde, Azkuna Zentroko atrioan, asteartean, 19:00etan, "URHO" proiektua izango da, Ivan Torres Hernández ikus-entzunezko artistak izen bereko finlandiar flotaren itsasontzi historikotik izotz-haustean grabatutako soinua eta irudiak abiapuntu hartuta.