2019an sortu zuten Irati Gonzalezek eta Koldo Arakistainek Berdinki Zirku Garaikide Konpainia, eta COVID-19aren pandemiak mikra lehen ikuskizunari forma ematen harrapatu zituen. Zirkua gai askori buruz gogoeta bultzatzeko tresna ezin hobea dela sinetsita, aretorako berariaz prestatu duten Leinu lan berria estreinatuko dute abenduaren 20an, Zarautzen. Ikuskizun berriaz ez ezik, konpainiaren ibilbideaz, Zirkuola zirku-eskolaz eta zirkuak gurean bizi duen egoeraz ere hitz egin dugu haiekin. Hona hemen kontatu dizkigutenak.
Zer helbururekin sortu zenuten Berdinki Zirku Garaikide Konpainia? Zer da zirkua zuentzat?
Berdinki konpainia sortu genuenean argi geneukan zirkua denbora-pasa hutsa baino gehiago zela guretzat. Zirkuaren balio eraldatzailean sinesten dugu, eta berdintasun-gaien inguruan gizartearen iruditeria abordatzeko asmoarekin sortu genuen konpainia. Zirkua guretzat bizimodu bat izateaz gain, tresna edo lanabes ederra da gai ezberdinei buruzko gogoetak sustatzeko.
Berdintasuna oinarrizko baloretzat hartzen duzue. Izenak berak ere keinu egiten dio berdintasun-nahi horri, ezta? Zein da Berdinki Zirku Garaikide Konpainiaren filosofia?
Gure entrenamendu-saioak askotan berdintasunaren inguruko gaiez hitz egiten amaitzen genituen, eta eszenan ere gai horiek jorratzeko asmo eta beharretik sortu genuen konpainia.
Berdintasunari erreferentzia eginez, "berdin" erroa hartu genuen, eta -KI atzizkian gainera K (Koldo) eta I (Irati) ageri dira. Atzizki hori termino bezala harturik, KI-a edo CHI-a ere topatzen dugu. Binakako akrobaziak egitean bion CHIak elkartzen ditugu. K=I izan zitekeen baina =KI izena hobetsi genuen, elkarlanean gure KI-ak elkartzen ditugulako berdintasunaren alde.
Belaunaldi gazteak berdintasunaren inguruko diskurtsoekin aspertuta daudela iruditzen zaigu, baina, berdintasunaren alde oraindik asko dagoenez egiteko, guk lantzen ditugun diziplinekin eta sortzen ditugun irudiekin ikusleen iruditeria abordatu eta berdintasunaren aldarria beste leku batetik egitea da helburua.
COVID-19ak mundua hankaz gora jarri zuen urtean estreinatu zenuten mikra, zuen aurreneko lana. Harrezkero, hainbat lekutan erakutsi duzue; aurten bertan ere bai. Zeri buruzko ikuskizuna da?
Bai, Luhuson sorkuntza-egonaldian geundela jakin genuen Txinan ospitale bat sortzen ari zirela COVID-19agatik. Ondoren, ziurgabetasun izugarria zegoen sektorean, eta maiatzean beharrean irailean izan genuen estreinaldia, eta, Leioako Umore Azokan egin ez zenez, Hendaiako kultur programazioaren irekiera-jaialdian izan zen.
mikra genero-rol estereotipoei, botere-harremanei eta denok pairatzen ditugun etiketei buruzko lana da. Hasieran estereotipoetatik gertu dauden pertsonaiak ageri dira, eta, emanaldia aurrera doan heinean, estereotipoetatik urrunago eta gure izatetik gertuago dauden pertsonaiak agertzen dira etiketa guztiak erantziz.
Abenduaren 20an izango da azken urteetan ondu duzuen Leinu lan berriaren lehen emanaldia, Zarauzko Modelo aretoan. Aurreko ikuskizunean bezala, genero- eta rol-estereotipoetatik abiatu zarete, baina oraingoan gurasotasunaren eta sorkuntza-lanaren arteko talka ekarri nahi izan duzue lehen planora. Zergatik? Sorkuntza artistikoa bera ere ez al da "bizia" sortzeko modu bat?
40 urteren bueltara iristen ari gara, eta inguruko askok guraso izateko hautua egiten duten unean gaude. Nahiz eta hori ere estereotipoa izan, egia da biologikoki sortzearen helburua hori litzatekeela "ugalketa". Haur edo gaztetxoei saioak ematen aritzen garenean ere sarritan galdetzen digute ea haurrik dugun.
Badirudi haurrak izatea ezinbestekoa dela adin honetan. Gai unibertsal honek gure barruan sortzen dituen pentsamendu eta kezkak plazaratu nahi izan ditugu, eta bide horretan ohartu gara ez direla gureak soilik. Beldur eta buruhauste hauek ere unibertsalak direla. Guraso izan ala ez izan, hautuak edo bidegurutzeak gugan sortu duena azaleratu nahi izan dugu.
Zirkuko artista eta sortzaile gara, eta zirku-diziplinak irakasten ere ibiltzen gara. Beraz, sorkuntzari oso lotuta bizi gara, eta haurrekin asko egiten dugu lan. Gure lanbidean proiektu askori ematen diegu bizia: ikuskizunak, piezak, proiektuak elkarteak... Proiektu horiek ere haurrak bezala dira erditu, elikatu eta zaindu beharrekoak hain zuzen, baina artista-lanak baditu berezko berezitasunak, ordutegiak, baldintza gabeko dedikazioa, gorputzaren disponibilitate osoa... Eta hori guztia gurasotasunarekin uztartzea lan handia da. Kontziliazioa gure lanbidean behintzat utopia bat dela ohartu gara, eta hori izan da aldarrikatu nahi izan dugun gauzetako bat.
Myriam Pérez Cazabón eta Maika Etxekopar izan dituzue bidelagun sortze-prozesuan. Zeren bila jo duzue haiengana? Zer eman diote lan berriari?
Guk eszenan jarri nahi genuen horri forma bat ematen eta ideia definitzen lagunduko zigun norbait behar genuen kanpotik gurekin aritzeko.
Maika lankide izan genuen Oreka TXrekin egin genuen Xarma ikuskizunean eta Madrilen egin genuen emanaldi batean bizitzaz eta Leinu (orduan Versus) lanean txertatu nahi genituen ideiei buruz aritu ginen. Konexio oso ona izan genuenez, sorkuntza-egonaldi batera gonbidatu genuen, eta egonaldian zehar eginiko ekarpenek eta hizketaldiek asko aberasten gintuztela ohartu ginen. Maikak dramaturgian lagundu digu gehienbat, gure ideiei forma ematen.
Gure egiatik lan egin, eta Iratik irakasle izan zuen Myriam duela urte batzuk. Azken urtean, ordea, LaboXL jaialdian antolatu zuen tailer batean parte hartu genuen, eta asko gustatu zitzaigun bere esperimentazio- eta gidaritza-lana. Horregatik Leinun zuzendaritza koreografikoa egin digu, gure mugimenduei harmonia eta kohesioa emanez.
Leinu ikuskizuna sortzeko bidean, hainbat egonaldi egin dituzue: Garaion Sorgingunean, Azala Kreazio Espazioan, Lekuona Fabrikan, Getxon ("Juana Bizkarra" egonaldia) eta Zirkozaurren ("Haztegia" egonaldia). Zer eskaintzen dute era horretako egonaldiek? Zergatik dira garrantzitsuak?
Bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina, orokorrean, eskaintzen dutena sorkuntzarako baliabideak eta espazioak dira. Garaionek eta Azalak Arabako natur ingurunean dauden espazio paregabeak eskaintzen dituzte. Egonaldian zehar goxo ostatu hartzeko tokiagatik ezagunak dira. Zirkozaurre, aldiz, Bilboko zirku-espazioa izanik, zirkuarekin lotura duten behar tekniko bereziagoak dituzten sorkuntzentzat da egokia.
Errenteriako Lekuonako laguntzak ("Legamia") eta Getxokoak ("Juana Bizkarra") produkziora bideratzeko diru-sari bat izateaz gain, antzokiaren ekipamendua jartzen dute sorkuntzaren mesedetan, eta herriari ekarpenak egiteko bitartekaritza-planak dituzte beren baitan.
Batzuk iniziatiba pribatuak dira nahiz eta dirulaguntzak izan; beste batzuk, berriz, entitate publikoen laguntzak dira.
Orokorrean sortzaileari eskaintzen diotena egunerokotasunetik irten eta sorkuntzan zentratzeko aukera da, gela batean sartu eta norbere ideia edo okurrentziari nahi beste buelta emateko aukera, eta hori modu duinean egiteko baliabideak.
Kasu honetan, aretorako beren-beregi sortu duzue ikuskizuna. Zergatik? Erronka moduan planteatu duzue? Zer izan da zailena alde horretatik? Leinu zer-nolako lekuetan erakustea gustatuko litzaizueke?
Zirkuak bereak ditu erronkak, eta Berdinkin gustuko ditugu.
Berdinki sortu aurretik, Gure Zirkuan aritu ginen lanean, eta, beraz, karpatik kalerako jauzia izan zen lehen erronka. Edonork ikusi ahal izateko, kalera egin genuen jauzi. Besteen proiektuetan aritzetik gureak sortu eta kudeatzea eta gure erara aritzea izan da konpainiaren lehentasuna.
Oraingoan, Leinurekin erronka bikoitza izan dugu. Batetik, zirkuak aretoko programazioan tokia izan dezan, eta, bestetik, zirkua ez dadin soilik haurrentzako denbora-pasa moduan ulertu.
Alde horretatik, zailena izan daiteke aretoek zirkuak dituen behar tekniko bereziak betetzea, dela altuera, zintzilikatzeko ainguraketa-puntuak edo diziplinaren araberako beharrak.
Printzipioz, ahalik eta leku gehienetan erakustea gustatuko litzaiguke, areto ezberdinetan, ezohiko lekuetan, kaleko programazioan, jaialdi edo azoketan...
Ikuskizunak sortzeaz gain, Zirkuola zirku-eskola ere kudeatzen duzue. Zer eskaintzen duzue bertan?
Zirkuola zirku-eskolan zirku-diziplina ezberdinak irakatsi eta lantzen ditugu, euskaraz, 5 urteko haurrekin hasita. Orain arte izan dugun ikaslerik helduenak, berriz, 69 urte ditu. Baina argi daukagu, osasunak lagunduz gero, ez dagoela mugarik, bakoitzaren beharretara egokitu baitaitezke ariketa asko.
Ikasturtean zehar asteroko zirku-saioak, aldizkakoak eta ikastaro trinkoak ere antolatzen ditugu.
Horrez gain, "Zirkua familian" egitasmoa antolatzen dugu hilabetero, familian zirku-diziplina ezberdinak probatzeko eta zirkua (eserita kontsumitzen den arte eszeniko mota bat izateari utzita) gaitasun, koordinazio eta abilezia anitzak lantzeko jarduera fisiko moduan baliatzeko, euskaraz eta familian goiz eder bat pasatzeko helburuarekin.
Eskolak ere hartzen ditugu bertan. Gainera, kultur eskola katalogoaren barruan dago, DBHko gaztetxoek ere zirkuaren munduan murgiltzeko aukera izan dezaten.
Azkenaldian guraso-elkarte, gazteleku edo ludoteka ezberdinetatik ere iristen zaizkigu eskaerak saio itxiak antolatzeko.
Zirkua egiten dutenen esku bitartekoak jartzea ere bada Zirkuolaren helburua, entrenamendurako edo sorkuntzarako, adibidez.
Iaz, Mikel Pikatzarekin hitz egin genuen Euskal Zirku Elkarteak argitaratu berri zuen zirku-konpainien, -eskolen eta -espazioen katalogoaren aitzakian (2024koa ere ikusgai dago jada). Zirkua gurean zertan den galdetuta, "loraldia hasi baino ez da egin", erantzun zigun, eta gaineratu zuen: "euskal zirkua sektore profesional moduan agertu da jendaurrean, eta hauek lehen urratsak baino ez dira. Sinetsita gaude etorkizun handiko bidea dugula aurretik". Zer uste duzue zuek? Zein dira zuen aburuz euskal zirkuaren erronka nagusiak?
Berdinki loraldi horretan sortutako konpainia da. Aitzindariek hazia erein zuten. Ureztatzen geu ere ibili gara hainbat proiektutan jardunean, eta, orain, ereindako horren emaitzak ikusten hasi gara.
Lorpenak iristen ari dira, baina aurretik dagoen ibilbidea luzea da oraindik.
Euskal Zirku Elkarteari esker, zirku-ikuskizunen, -espazioen edo -eskolen katalogo bat izatea lortu dugu. 2024an euskal antzokien zirkuituan zirkuak ere bere lekua izan du, eta Eusko Jaurlaritzako ekoizpen-laguntzetan zirkuak lerro propioa izan du.
Hezkuntzaren legean zirkua sartu izana ere pauso handi bat da, baina hori gauzatzeko dagoen lan guztiaren abiapuntua besterik ez da. Orain bide oso bat dago jorratzeko ikasketa ofizial batzuk egin ahal izan arte.
Zirkuaren munduko hurrengo belaunaldiek uzta oparoa izan dezaten dihardugu lanean, eta zirkua, bere berezitasun guztiekin, lanbide bezala errekonozitua izatea eta ikasketa ofizialak hemen burutu ahal izatea amesten dugu.
Berdinkiren erronkak horiei lotuta daude, euskal eszenan euskarazko zirku garaikideak tokia izan dezan gainontzeko adierazpen artistikoen maila berean eta eszenatik berdintasunaren alde egiten jarraitzea, ikusleen iruditeria abordatze horrek gizartean bere eragina izan dezan.
Norantz bideratu nahiko zenituzkete zuen urratsak datozen urteetan?
Momentuz ditugun erronkak gure helburuekin eta filosofiarekin lotuak daude batik bat.
Oholtzako lanari dagokionez, lehenik gazteentzat eta kalerako sortu genuen mikra gure aurkezpen-pieza. Oraingoan, aretoetan aritzeko erronkarekin eta helduei zuzendutako gaiak jorratzen dituen ikuskizun batekin gatoz jendaurrera.
Etorkizunera begira, berdintasun-gaiak haurrekin jorratzeko ikuskizun bat lantzea ere hor daukagu, eta zuzeneko musikarekin zerbait egitea ere gustatuko litzaiguke.
Hezkuntzaren alorrean, berriz, Zirkuolarekin jarraituko dugu, eta aurten emandako pauso garrantzitsu horrek dakartzan lanetan ere gure hazia jartzen ibiliko gara.
(2024ko azaroaren 26an argitaratutako Berezia)