(H)emen, ia hamarkada bat ikus-entzunezkoetako eta arte eszenikoetako emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzen

  • (H)emen, ia hamarkada bat ikus-entzunezkoetako eta arte eszenikoetako emakume profesionalen ikusgarritasuna bultzatzen

Berriki Transhumant zinema-jaialdian saritu dute (H)emen elkartea, "ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren ibilbideagatik". Sari horren aitzakian, Eguzkiñe Aranzibiarekin hitz egin dugu, elkartearen sorreraz eta helburuez, "Aukera" programaz, egun ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen arloetan emakume profesionalek daukaten lekuaz eta lan-harremanak eta -aukerak sustatzeko eta sexuen arteko desberdintasuna murrizteko etorkizun hurbilean hartu beharko liratekeen neurriez, besteak beste.


Noiz eta zergatik sortu zen (H)emen elkartea? Zer da ALICE?

(H)emen elkartea 2016ko martxoaren 8an sortu zen Donostian.

Ikus-entzunezkoetan zein arte eszenikoetan emakumeen ikusgarritasuna sustatzea eta haien arteko elkarlana bultzatzea zen helburua.

Proiektuen lantaldeak osatzeko garaian emakume profesionalen ikusgarritasunaren garrantziaz ohartuta, emakume profesionalen direktorioa sortzea izan zen lehenengo pausoa. Direktorioa hemen.eus webgunean dago, eta bertan emakume profesionalak (ikus-entzunezkoetan eta arte eszenikoetan lanerako prest dauden emakumeak) eta kontratatzaileak (enpresak, autonomoak, instituzioak..., emakumeak zein gizonak) erregistratu daitezke, doan. Profesionalen profil osoak ikusteko erregistratuta egon behar da. Momentu honetan guztira 361 erregistro daude direktorioan; horietatik 307 emakume profesionalak dira eta 54 kontratatzaileak.

2020-2024 urteen bitartean aurrera eramateko sortu genuen egitasmoa da ALICE. Bere izena Alice Guy-Blaché fikziozko lehen zuzendariari egindako omenaldi bat da, eta bazkideen talde-hausnarketarekin sortu zen.

ALICE egitasmoak bost adar nagusi ditu, eta bakoitzak hizki bati erantzuten dio: Aukera, Lokailuak, Ikusgarritasuna, Coworking eta Etorkizuna.

AUKERA: etorkizunean ikus-entzunezkoen arloan arituko diren emakumeei lehen aukera ematea du helburu. Hortik sortu zen "Aukera" mentoretza-programa.

LOKAILUAK: ikus-entzunezko emakume profesionalen sarea gara, eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Horretarako, topaketak, tailerrak eta ekitaldiak antolatzen segituko dugu. Gainera, bazkideek euren arteko informazioa partekatzeko plaza birtuala daukate, egun Telegram sare sozialaren bidez egiten dena.

IKUSGARRITASUNA: Europako lehenak izan ginen ikus-entzunezkoen arloko emakume profesionalen direktorio bat sortzen. Direktorio hori etengabe haziz doa. Sare sozialen bitartez eta antolatzen ditugun ekintzekin, emakumeak euskal ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen industrietan zenbat garen argi geratzea nahi dugu.

COWORKING: neurri eta proposamen hauek erakunde publiko eta pribatuen babesa eta kolaborazioa behar dute. Haria ez dadila eten. Elkarlanak bilatzen eta bultzatzen ditugu, ikus-entzunezkoen arloko erakunde, elkarte, enpresa eta profesionalen artean ez ezik, baita instituzioekin ere.

Eta, azkenik, ETORKIZUNAk proiektu guztian zehar proposatzen diren ekimenen ondorioak aztertu, eta etorkizunerako erronkak definitzen lagunduko digu. Generoa kontuan hartzen duten datuak behar ditugu: lanpostuak, soldatak, dirulaguntzak, sariak, bekak, jaialdietara aurkeztutako lanak, saridunak... Funtsezkoa deritzogu Kulturaren Euskal Behatokiak 2016an egindako ikerketa gaurkotzeari.


Hitz egin dezagun, sakonago, "Aukera" programaz. Zer da, zehazki? Zer helbururekin jaio zen?

Esan bezala, ikus-entzunezkoetan lehen urratsak ematen ari diren emakumeei zuzendutako egitasmoa da, eta lau helburu nagusi ditu: batetik, ikus-entzunezkoen sektorean lan egin nahi duten emakumeak babestea eta ahalduntzea; bestetik, ikus-entzunezkoen sektorean lan egin nahi duten emakumeei euren ibilbide profesionala EAEn hasteko eta garatzeko lehen aukera ematea; horrekin batera, euskal ikus-entzunezkoen sektorean emakume profesionalen kopurua handitzea; eta, bukatzeko, urtero ekoizpenerako prest dauden emakumeek egindako sei film labur industriaratzea.


Nori bideratuta dago? Zer eskaintzen zaie aukeratutako proiektuei? Zein dira prozesuaren faseak?

Lehen edo bigarren film laburra egiteko proiektua duten 18-30 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, gaur-gaurkoz. Gutxienez 2 eta gehienez 3 emakumek osatu behar dituzte lantaldeak, eta gidoigile-, zuzendari- eta ekoizle-rolak bete behar dituzte.

Martxoa eta apirila bitartean egiten da proiektuak aurkezteko deialdia. Jasotako proiektuen artean (H)emenek aukeratutako hautaketa-batzorde batek eta Zineuskadiko ordezkari batek "Aukera" programan parte hartuko duten 6 proiektuak aukeratzen dituzte; edozein genero eta formatutakoak izan daitezke, betiere film laburrak.

Maiatza eta azaroa bitartean taldekideek hiru mentoretza trinko izaten dituzte: gidoi-mentoretza, zuzendaritza-mentoretza eta ekoizpen-mentoretza.

Mentoretzez aparte, ikastaro batzuk ere jasotzen dituzte: dosierrak garatzeko ikastaroa, pitchingean trebatzeko ikastaroa eta "Zinema ikuspegi feministatik" ikastaroa.

Bai mentoretzetan, bai ikastaroetan eskarmentu handiko profesionalak izaten dituzte alboan, euren proiektuak garatzeko eta programaren amaierarako film laburrak ekoizpenerako prest egon daitezen.

"Aukera" egitasmoaren baitan garatutako proiektuak ZINEBI jaialdian pitcheatzen, azaltzen, dituztenean amaitzen da programa. Epaimahai batek edizio horretako sariak erabakitzen ditu, eta ZINEBIren itxiera-galan jasotzen dituzte sariak "Aukera" programako neskek. Programa amaitzean, ekoizpena bilatzen duten emakumeen sei film labur proiektu izango ditugu.


Hainbat elkarterekin lankidetzan (ZINEBI, Donostia Zinemaldia, CIMA...) era askotako jarduerak egiten dituzue. Beraz, kolaborazioa ("Lokailuak" ardatza, ALICE ekintza-planean) ezinbestekoa da aurrera egiteko, ezta? Zer-nolako ekitaldiak sustatzen dituzue?

Kolaborazioak anitzak dira. Zinemaldi ezberdinekin kolaborazio desberdinak egin ditugu: esaterako, ZINEBIn gure "Aukera" programako pitchingak eta sari-banaketak egiten dira. Aldiz, beste zinemaldi batzuetan (Punto de Vista, Caostica, Seriesland, Euskal Zine Bilera...) antolatzen dituzten mahai-inguruetan parte hartzen dugu edo gure bazkideek parte har dezaten laguntzen dugu.

Donostia Zinemaldiaren kasuan, Espainiako emakume zinegileen elkarteekin batera egiten dugu mahai-inguruen antolaketa, alegia, CIMA eta Ikus-entzunezkoen Berdintasunerako Lurralde arteko Lantaldearen barruan dauden beste elkarteekin batera. Gainera, Zinemaldian "(H)emen gaude" argazkia antolatu dugu azken 5 urteetan, ikus-entzunezkoen arloan lanean ari diren emakumeen argazkia. Aurten, Ibone Bengoetxea lehendakariordea eta Kultura sailburua ere izan da bertan. Zinemaldiaren baitan, gure "Pitching Corner" saioa ere antolatzen dugu, emakume euskaldunen proiektuen erakusleihoa. Egun hori gure bazkideen saretzea bultzatzeko ere probesten dugu.

Horrez gain, aurten, CIMArekin batera, Hego Euskal Herriko emakume zuzendarien film laburren saioa antolatu dugu Artium museoan.


Zenbat bazkide ditu egun (H)emen elkarteak? Zein dira bazkide egitearen abantailak? Eta zer onura ditu elkartearentzat bazkide asko izateak?

Momentu honetan (H)emen elkarteak 120 bazkide inguru dauzka.

Bazkideek urtero kuota bat ordaintzen dute (40 €), eta, horren truke, esaterako, (H)emenek antolatutako ikastaroak doan egiteko aukera dute, eta deskontuak eta abantailak hainbat elkarte eta enpresa kolaboratzailetan (webguneko Kolaboratzaileak atalean dute informazioa). Horrekin batera, komunikazioak jasotzen dituzte (lan-eskaintzak, deialdiak, ekitaldi eta ikastaroei buruzko informazioa...), eta ikusgarritasuna lortzen dute sare sozialetan. Gainera, saretzeko ere balio die: harreman berriak egiten dituzten bitartean, lankideekin dauzkaten harremanak estutzen dituzte bazkideek; adibidez, Telegram talde bat dago bazkideentzat, eta bertan gai profesionalak partekatzen dituzte.

Dudarik gabe, emakume profesionalen elkarte batean bazkidetzean ez da bakarrik norbere onuran pentsatu behar; argi izan behar dugu kolektibo bat garela eta kolektibo horrek gauzak aldatzeko eta aurrerapausoak emateko aukera izan dezan oso garrantzitsua dela ahalik eta bazkidetza zabalena edukitzea.


Ia hamar urteko ibilbideak ematen duen ikuspegiarekin, atzera begira jarrita, hasierako helburuak betetzen ari dira? Zuen iritziz, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetako zein esparrutan eman dira aurrerapauso nabarmenenak?

(H)emen elkartea sortu zenetik ia 10 urte igaro direnean, atzera begiratuta hasierako helburuak betetzen ari garela esan dezakegu, bai, batez ere ikusgarritasunaren eta lan-aukeren arloan. Hasieratik, emakumeek ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetan daukaten lekuaren aldeko apustua egin genuen, eta oraindik ere horretan ari gara.

2016an sortutako dekalogoa begiratuz, lehenengo puntuetan ezarri genituen helburuak guztiz betetzen ari dira; hala nola, ikus-entzunezkoen sektorean emakumeen ikusgarritasuna bultzatzea eta sare sozialen bidez promozionatzeko eta proiektuetan parte hartzeko aukerak sustatzea, nahiz eta proiektuaren hasieran aurreikusitako zenbait ekintza gaur egun ez diren orduan zehaztutako moduan garatzen (adibidez, % 60an emakumez osatutako proiektuen sustapena).

Hala ere, elkarteak lortu du emakumeen lanaren ikusgarritasuna hobetzea, eta horrek lan-aukera gehiago ekarri ditu. Ikusgarritasunean aurrerapauso nabarmenak eman dira, emakumeek sektorean duten presentzia handitu egin da, eta, horren ondorioz, sektorean emakumeek dituzten aukerak hobetu egin dira, oraindik ere gizonezkoen nagusitasuna ezkutuan mantentzen den arren.

Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen sektoreetan lan-aukerak eta berdintasuna are gehiago bultzatzeko egiten ari garen ahaleginak (esaterako, diskriminazio positiboa eta ekintza publikoen puntuaketa-sistema) emakume gehiago kontratatzea ahalbidetu du, batez ere departamentuburu-postuetan. Horrek, gainera, lantaldeak berdintasunetik gertuago egotea ekarri du.

(H)emen elkarteak lantaldeak eta sareak sortu ditu emakumeen artean, eta horrek sormena, ideiak eta proiektuak trukatzeko aukera eman du. Formakuntza eta informazioa partekatzea ere funtsezko arlo bat izan da, eta hori guztia elkartea sortu zenetik etengabe lantzen jarraitu dugu.

Bai estatu mailan, bai Europa mailan, beste erakunde batzuekin, hala nola, European Women's Audiovisual Networkekin (EWA), Ikus-entzunezkoen Berdintasunerako Lurralde arteko Lantaldearekin edo CIMArekin, harremanak sendotzeak aukera gehiago ematen ditu ikus-entzunezkoen sareari bultzada bat emateko.

Aldaketa handiak eman dira, baina gure lana ez da amaitu. Emakumeen ikusgarritasunak eta parte-hartzeak etengabe sendotzen jarraitu behar du, eta guk hori lortzeko gure lanarekin konprometituta jarraitzen dugu, sektorean benetako berdintasuna lortzeko bidean.

Hainbat erronka ditugu oraindik aurretik, ez bakarrik emakume profesionalen kopurua handitze aldera. Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen industriak emakumeentzako toki seguruak eta bidezkoak bihurtzea ere erronka handia da momentu honetan.


Zertan egin behar da ahalegina bereziki?

Batetik, protokoloen ezarpenean: sexu- edo botere-harremanetan oinarritutako erasoen aurkako protokoloak ezarri behar dira ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen arloetan.

Bestetik, soldaten gardentasunean: gizonen eta emakumeen arteko soldata-berdintasuna bermatzeko neurri zorrotzagoak eskatu behar dira sektore guztietan.

Horrekin batera, emakumeen sustapena egin behar da maskulinizatutako sektoreetan: funtsezkoa da teknologiaren, zientziaren eta enpresa-lidergotzaren arloetan emakume gehiago integratzeko politikak bultzatzea. Errepresentazioa ikus-entzunezkoen sektorean garrantzi handikoa da.

Kontziliazio-neurri gehiago ere behar dira: ezinbestekoa da aitatasun-baimenak zabaltzea eta lan-ordutegi malguagoak sustatzea zaintza-lanak partekatzeko.

Esandako guztiaz gain, feminismoak hezkuntza-curriculumean egon behar du: berdintasunari eta feminismoari buruzko heziketa ikastetxeetan eta ikastoletan nahitaezko edukien parte bihurtu behar da.

Eta, azkenik, hipersexualizazioaren aurka borrokatu behar da: publizitatean eta hedabideetan estereotipo kaltegarriak indartzen dituzten irudi eta kontakizunak ezabatzeko lan egin behar da.


Duela denbora gutxi Transhumant zinema-jaialdiak (H)emen elkartea saritu du "ikus-entzunezkoen eta komunikazioaren ibilbideagatik". Besteen errekonozimendua jasotzeak aurrera jarraitzeko indarra emango du, ezta? Zein dira (H)emenen asmo eta egiteko nagusiak aurrera begira?

Bai, Transhumant saria jasotzea oso hunkigarria izan da guretzat. Euskal Herritik kanpo euskal emakumeak zineman egiten ari diren lanaren errekonozimenduak eta gu elkarte bezala egiten ari garen lanaren ospakizunak indarra ematen digu eta norabide onean goazela erakusten digu.

(H)emen elkartean emakumeak babesten jarraituko dugu eskura ditugun baliabide guztiekin. Berdintasuna nahitaezko ikasgai bihurtzea dugu helburu, eta, horretarako, hainbat ekimen proposatzen ditugu: abusuen aurkako protokoloak ezartzea, formakuntza eskaintzea arlo maskulinizatuetan eta emakumeentzako laguntza-sare sendo bat sortzea, besteak beste.

Emakume guztientzako berdintasuna eta justizia sustatzen jarraitzeko urrats sendoak emateko prest gaude.


(2024ko azaroaren 27an argitaratutako Berezia)