Inoizko presentzia handiena izango du euskal literaturak Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan

  • Inoizko presentzia handiena izango du euskal literaturak Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan
    Karmele Jaio

  • Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Kirmen Uribe eta Katixa Agirrek euskarazko sorkuntzaren aberastasuna erakutsiko dute FILen
  • Euskal Irudigileen Elkarteak antolatuta, FILustra ilustratzaileen foroaren 11. edizioa egingo da Etxepare Euskal Institutua eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz
  • Etxepare Euskal Institutuak 2011tik sustatzen du azokan euskal idazleen parte hartzea euskal literaturari ikusgarritasuna emateko

Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Kirmen Uribe eta Katixa Agirre euskarazko sorkuntzaren aberastasuna erakutsiko dute Latinoamerikako literatura ekitaldi garrantzitsuenean. Urtero ehunaka idazle eta argitaletxe, eta milaka profesional eta kulturzaleren topagune den Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azoka (FIL Guadalajara) azaroaren 30etik abenduaren 8ra egingo da Mexikoko hiri honetan, eta aurtengo edizioan euskal literaturak inoizko parte hartze nabarmenena izango du.

Mexiko Hirian hainbat aurkezpen egin eta gero, Arantxa Urretabizkaiak bere liburu berriena darama besopean Guadalajarara, "Azken etxea" (Pamiela, 2023). Euskadi Literatura Saria eta 111 Akademia Saria eskuratu zituen Urretabizkaiak liburu honekin, eta Consonni argitaletxeak gaztelaniaz "La última casa" izenarekin plazaratu ostean, Mexikoko irakurle eta profesionalei aurkeztuko die abenduaren 3an, FIL-en lehenbizi eta Guadalajarako Impronta liburu denda ezagunean jarraian.

Lehenago, abenduaren 2an, FIL Guadalajarak gazteengan irakurzaletasuna sustatzeko duen programaren baitan, Urretabizkaiak hiriko ikastetxe batean ikasleekin antolatutako topaketan hartuko du parte. Eta egun berean emakumeen berdintasunaren aldeko borroka feministaren inguruan hausnartuko du Marta Breen idazle norvegiarra eta Lina Meruane txiletarrarekin batera, "En voz alta: el eco feminista" solasaldian. Etxepare Euskal Institutuak, Norwegian Liteatura Abroad (NORLA) eta Txileko Kultura, Artea eta Ondarearen Ministerioak antolatutako ekitaldia da honakoa.

Abenduaren 3an, Karmele Jaiok sorkuntza eta maitasuna ardatz izango dituen solasaldian hartuko du parte, "Érase una vez el amor’" Raquel Lanseros eta Jordi Soler idazleekin batera. Abenduaren 4an, Kirmen Uribek itzulerarik ez duten bidaiak izango ditu hizpide, Antonio Altarriba, Gioconda Belli eta Karina Sainz Borgo kide izango dituen ekitaldian. Eta abenduaren 5an, Bernardo Esquinca eta Patricio Pronekin batera, maskulinitate berrien inguruan hausnartuko du. Mexikoko matxismoaren azterketatik hasi eta maskulinitate berritua bilatzeraino, gizonek egungo gizartean duten paperaz eta sistema patriarkalarekin duten harremanaz arituko dira "Nuevas masculinidades: ¿deconstruir para construir mejores hombres?" saioan.

Egun horretan bertan iritsiko da Bernardo Atxaga eta Katixa Agirreren txanda FILen. Atxagak "Paraísos personales" ekitaldian hartuko du parte, Julieta Valerorekin. Agirrek berriz, Laura Fernandezekin batera, irudimenezko munduez jardungo du "¿Sueña usted con ovejas eléctricas?" saioan. Amaitzeko, abenduaren 6an, Atxaga eta Agirre batxilergoko ikasleekin elkartuko dira hiriko ikastetxe banatan.

Euskal idazleen parte hartze zabal honek euskarazko sorkuntza audientzia berriei aurkezteko, eta Mexiko eta Latinoamerikarekin loturak estutu eta kultur-trukea sustatzeko aukera paregabea eskainiko du. Halaber, euskal literaturari ikusgaitasun eta oihartzun gehien emateko asmoz, egile hauen guztien agenda sustapen jarduera eta komunikabideetan elkarrizketa  osatu du Etxepare Euskal Institutuak.

Etxepare Euskal Institutuak 2011tik sustatzen du urtero FIL Guadalajaran euskal idazleen parte hartzea, Mexiko eta Latinoamerikako irakurle eta profesionalei euskal literatura deskubritzeko aukera eskainiz. Aurreko urteetan Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe,  Harkaitz Cano, Anjel Lertxundi edota Eider Rodriguez bezalako izenak egon dira FIL-en.

Ilustratzaile eta editoreak FIL-en

FIL Guadalajara ezinbesteko hitzordua da liburuaren sektorearentzat. Idazleak ez ezik, euskal ilustratzaileak eta editoreak ere bertaratuko dira azokara, izaera ezberdinetako jarduera profesionalak burutzera, eta Basque. Books. stand-a izango dute topagune.

Euskal Ilustratzaileen Elkarteak eta FIL-ek, Etxepare Euskal Institutua eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, FILustra ilustratzaileen foro profesionalaren 11. edizioa antolatzen dute. Azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean dozena bat mahainguru, tailer eta hitzaldi egingo dira ilustratzaileen artean elkarrizketa eta sormen-trukea sustatzeko. Ilustrazioaren bidez, bidaia, mina edo landa-ingurunea bezalako gaiekiko hurbilketaz hausnartuko dute. Bertan izango dira Araiz Mesanza, Higinia Garay, Elena Odriozola, Maite Caballero eta Yolanda Mosquera euskal ilustratzaileak.

Euskal sortzaileen parte hartzeekin amaitzeko, aipatzekoa da Ruper Ordorika musikaria ere egongo dela FIL Guadalajaran, ‘Amour eta toujours’ diskoa aurkezten, azokak musikari eskaintzen dion atalean.

Euskararen Nazioarteko Eguna FIL Guadalajaran

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginaz, Etxepare Euskal Institutuak antolatuta, topaketa bat egingo da azokan izango diren euskal idazle, editore eta ilustratzaileekin, institutuak euskal kultura nazioartean zabaltzeko konpromisoa eta honen bidez kultur aniztasunari egiten dion ekarpena berretsiz.


  • DataAzaroak 29
  • Gaia Literatura