Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren ekimenez abian jarritako Haur Abesbatzak Aktibatzeko eta Sortzeko Planaren barruan, "Euskal Autonomia Erkidegoko haurren eta gazteen abesbatzei buruzko txostena" argitaratu du. Europa osoan azterlan aitzindaria da. David Azurza Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko idazkari teknikoarekin hitz egin dugu.
Zer da Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea? Zer-nolako jarduerak eta ikastaroak kudeatzen eta dinamizatzen ditu egun?
Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea konfederazio bat da, hau da, Euskal Herrian dauden federazioen Federazioa. Gipuzkoa, Araba, Bizkai eta Iparraldeko federazio probintzialei zerbitzuak eta proiektu amankomuneko kudeaketa eskaintzeko egiten du lan.
Berriki, "Euskal Autonomia Erkidegoko haurren eta gazteen abesbatzei buruzko txostena" aurkeztu duzue. Konfederazioaren 42 urteko historian horrelako azterlan bat egin den lehen aldia da, eta koruen sektorean ere aitzindaria da, Europa osoan ez baita antzeko lanik aurkitu. Zergatik orain? Zein da azterlanaren hipotesi nagusia?
Argi dago azken urteetan, arrazoi ezberdinengatik, haurren eta gazteen abesbatzek jendea galdu dutela. Eusko Jaurlaritzarekin batera gaia lantzeko plan bat garatzeko beharraz hitz egin genuenean, lehengo pauso gisa beharrezkoa iruditu zitzaigun egoeraren panoramika sakon bat egitea. Eta, bai, konturatu gara aitzindariak izan garela ikerketa honekin. Kanpoko hainbat lekutan interesa piztu du txosten honek, eta hemendik kanpo ere aurkeztuko dira emaitzak (momentuz, Bartzelonan, Valentzian, Madrilen eta Burgosen).
Euskal Herriko Gazte Abesbatza
6 eta 23 urte bitarteko koralistez osatutako 134 abesbatzari buruzko informazioa jaso duzue. Nola egin duzue informazio-bilketa? Zelan dago egituratuta txostena?
Lan handia izan da. Ez genuen nahi lagin bat hartu, ehuneko horren arabera biderkatu eta, ondorioz, gutxi gorabeherako datu bat lortu; benetako datuekin lan egin nahi genuen. Beraz, Euskadi osoko eskola, musika-eskola zein kontserbatorio guztietako ateak jo behar izan ditugu inkesta hau fidagarria izan zedin, eta % 99,9an lortu dugu. Oso pozik gaude egindako esfortzu izugarriarekin.
Alde batetik, txosten honetan mota askotako datuak ikus daitezke: koruen ezaugarriei buruz, kontzertu-motei eta -kopuruei buruz, zuzendarien prestakuntzari buruz... Denak grafikoetan jasota. Bestalde, euskal koralismoaren inguruko lan txiki bat dago, baita etorkizunean hartu beharreko neurrien plan edo bidaia-orri bat ere, eta, amaitzeko, haurren koruen esparruko profesionalen eta instituzioetako arduradunen ikuspegiak, haurren eta gazteen abesbatzen egoerari buruz.
Zuzendaritza Akademia
Euskal abesbatzen mugimendua modu egonkor eta iraunkorrean garatu izan baldin bada XIX. mendearen bigarren erdialdetik, zer aldatu da azken urteotan emaitzek okerrera egiteko?
Batez ere bizitza aldatu da, eta aldatzen ari da, abiadura handiz. Horrek gure egunerokoa baldintzatzen du, aisialdiari eta lanari dedikatzen diogun denbora barne. Hor dago guretzat zailtasun handiena, markoa delako aldatzen ari dena.
EAEko haurren eta gazteen abesbatzen errolda orokorrari erreparatuta, Gipuzkoan biltzen dira abesbatzen % 52 eta koralisten % 54; Bizkaian, abesbatzen % 37 eta koralisten % 36; Araban, abesbatzen % 11 eta koralisten % 10. Nola azal daiteke banaketa hori?
Ikus daitekeen moduan, Euskal Autonomia Erkidergoko 3 probintzietan oso dinamika ezberdinak daude, geografikoki zein sozialki ere oso ezberdinak direlako hirurak. Horrek baldintzatzen ditu dinamikak, ohiturak eta antolatzeko erak, bai orokorrean, baita koruen munduan ere.
Zuzendaritza Akademia
Sexuari dagokionez ere, alde handia dago: EAEn guztira 4.719 koralista daude haurren eta gazteen abesbatzetan; horietatik 3.277 neskak dira eta 1.442 mutilak (% 69 eta % 31, hurrenez hurren). Gainera, prebalentzia hori handitu egiten da adinean aurrera egin ahala. Tamalez, Europa mailan ere joera antzekoa dela dirudi. Posible da horri buelta ematea?
Tira, ez da lan erraza, egia esan; izan ere, korrontearen kontra ari gara. Edozein modutan, dinamika aldatzerik ez balego ere, geratzen, behintzat, saiatu beharko ginateke.
2022ko datuen artean bada bereziki kezkagarria izan daitekeen bat: abesbatza gehienek (% 60k baino gehiagok) 1-5 emanaldi artean izan zuten (6 taldek bakar bat ere ez). Zergatik da hain apala abesbatza askoren jarduera-maila?
Esan bezala, txosten honetan haurren koru-mota guztiak izan ditugu kontuan: eskoletakoak, musika-eskoletakoak eta kontserbatorioetakoak. Horietako askorentzat, korua ikasgai bat baino ez da, eta eskola barruko ekintza bat bezala planteatzen da bakarrik: Eguberriko, udaberriko eta ikasturte amaierako ekitaldiak soilik egiten dituzte. Baina badaude beste koru-mota batzuk ere, eta horiek kanpora begira ekintza gehiago egiten dituzte, noski.
Euskal Herriko Gazte Abesbatza
Zein dira haurren eta gazteen abesbatzen sektorean identifikatu dituzuen beste gabezia nagusiak? Autokritika ere egin behar da?
Batez ere, atomizazioa, koru gehienetan dauden estruktura ahulak eta profesionalen lan-baldintza eskasak; noski, autokritika sakon bat egiteko ere balio izan digu txosten honek: besteak beste, haurren eta gazteen abesbatzen lurralde-federazioen lana eta konfederazioak amankomuneko politikak garatzeko daukan egitekoa aztertu ditugu, eta hobetzeko gauza asko daudela ohartu gara: koordinazio falta hainbat gairen inguruan, erakundeen aurreko negoziazioak, sektorearen kohesio-eza...
Lortutako emaitzen eta datuen balorazioaren argitan, agerikoa da EAEko haurren eta gazteen abesbatzen osasuna ez dela oso ona. Horregatik, ibilbide-orri bat diseinatu duzue hurrengo urteetarako. Zein dira ildo nagusiak? Plan Estrategiko baten beharra ere aipatzen da txostenean. Zer jaso beharko luke?
Ibilbide-orri horretan komunikazioa, formakuntza eta dinamizazioa sendotzeko estrategia ugari planteatzen dira. Plan estrategiko bat garatu beharko genuke, bai, baina hori gauza askoz zabalagoa da: kantu koralaren lotura gizartean, kulturan, heziketan, pertsona guztien ongizatean, erakundeetan... Analisi sakonagoa eta konplexuagoa da, eta erronka itzela.
Zuzendaritza Akademia
Etorkizunera begira, publikoak sortzea da haurren eta gazteen abesbatzen sektorea berrindartzeko gako nagusietako bat?
Hala da. Publiko gaztearengana iritsi behar dugu. Daukagun produktua oso ona da, baina, agian, ez dugu ondo saldu. Komunikazioa funtsezkoa da horretarako. Ezjakintasuna ere handia da: haur eta gazte gehienek ez dute inoiz kantu koralaren esperientzia eduki, eta badakigu, probatuz gero, askori biziki gustatuko zaiela.
Identifikatutako beharrizan batzuei erantzuteko, 2024/2025 ikasturte honetan hainbat ekimen jarri dituzue martxan Euskal Herriko Abesbatzen Elkartean. Zein dira?
Bai, ekimen ugari martxan jartzen ari gara. Alde batetik, formazioaren arloan ZUZENDARI plana abiatu dugu, zuzendari berriak eta gazteak behar ditugulako. Aurten, Donostian bideratuko dugu, eta datorren urtean Bizkaian ere bai. Bestalde, existitzen diren haurren koruak dinamizatzeko KORUKIRI proiektua planteatzen ari gara datorren urterako, kantata eszeniko eder bat interpretatzeko. Azkenik, Euskadiko Orkestraren eskutik, proiektu zoragarri bat daukagu, inoiz abestu ez duten eskola-haurrentzat irekia: LOGELAN LOGALE.
Horrez gain, besteak beste, komunikazio-plan bat osatzen eta gure barruko azpiegiturak birmoldatzen ari gara. Lan handia izaten ari da, baina oso pozik gaude geure buruari ematen ari garen astinduarekin.
Logelan Logale formazio-saioa
Era honetako azterlan bat egin den aurreneko aldia denez, ez dago konparazio-analisiak egiteko daturik. Datozen urteetan txostenari jarraipena ematea aurreikusten duzue bilakaera zein de ikusteko eta hartutako neurrien emaitzak neurtzeko?
Hori da. Aurreko urteetako esperientziak dira, eta, datu zehatz askorik ez dagoenez, ezin dugu konparaziorik egin. Txosten hau 3-4 urtean behin egin beharko genuke eboluzioa zein den ikusteko eta martxan jarritako neurriak baloratzeko.
Txostena lehen aldiz diseinatzea eta egitea izan da zailena; orain, datozen urteei begira, dena errazagoa izango da.
(2024ko abenduaren 5ean argitaratutako Berezia)