Asun Agiriano, bibliotekaria: «Gaur egun ere, oraindik, liburutegi publikoak kultura-, ezagutza- eta gizarteratze-espazioak dira: babesleku eta espazio abegikorrak»

  • Asun Agiriano, bibliotekaria: «Gaur egun ere, oraindik, liburutegi publikoak kultura-, ezagutza- eta gizarteratze-espazioak dira: babesleku eta espazio abegikorrak»
    Asun Agiriano, Arrasateko Udal Bibliotekan (argazkiaren egilea: Anabel Dominguez)

Asun Agirianok urte asko daramatza bibliotekari moduan lanean, literatura eta, oro har, irakurketa sustatzen. Gaur egun, Arrasateko Udal Bibliotekaren zuzendaria da. Gainera, urte hauetan era guztietako zereginetan aritu izan da literaturaren arloan: kritikari, artikulugile... Baita idazle ere. Ibilbide emankor eta luze horren aitortza gisa, Kutxa Fundazioak Donostia Literatura Sarien barruan ematen duen Ibilbide Saria jaso berri du. Sari horren oihartzunak eraman gaitu Asunekin hitz egitera, eta, haren ibilbidearen errepasoa egitearekin bat, liburuzain-ogibideaz eta liburutegien egoeraz eta erronkez galdetu nahi izan diogu. Hona hemen kontatu dizkigunak.


Beti izan zara literaturazalea?

Beti izan naiz irakurzalea. Txikitan irakurtzen ikasi bezain laster, nire eskuetan erortzen zen guztia irentsi egiten nuen, izan Solo Moto motorren aldizkariak, izan komikiak eta sasoi batean baita Marcial Lafuente Estefania eta Silver Kane idazleen Oesteko folletoiak ere. Beste garai batekoak gara gu; etxean ez zegoen libururik, eta, 10 urterekin-edo bakarrik ibiltzen ikasi nuenean, udal-liburutegiko bazkide-txartela atera eta beste genero batzuk irakurtzeari ekin nion, batez ere abentura-eleberri klasikoak: Los Hollister, Torres de Malory... Literatura geroago iritsiko zen, institutu-garaian, eta euskal literatura, tamalez, askoz ere geroago, alfabetatu nintzenean.


Noiz jakin zenuen liburuzain izan nahi zenuela? Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek?

Txikitan ez zidaten libururik erosten. Nire herriko liburutegira joaten nintzen. Ohitura bat zen, erritual bat. Liburu bat maileguan hartu, irakurri, itzuli eta beste bat aukeratzen zenuen, eta beste pertsona batek irakurtzen zuen zuk aurretik irakurritakoa. Jarduera xume horrek beste pertsona batzuekin konektatzen zintuen.

Liburutegien munduan profesionalki aritzeko inspirazioa eta gogoa Nikaraguan nengoela iritsi zitzaidan, bertako haur-biblioteka bat antolatzeko laguntzaile-lanak egiten nituen bitartean.

Beste lurralde batzuetatik dohaintzan jasotako liburu zoragarriak zeuden Matagalpako liburutegian, ilustrazio ikusgarriekin, dotore editatuak. Istorio horietan murgildu nintzen, horiei esker jakin nuen, leku urrun batean egon arren, ez nengoela bakarrik. Eta, batez ere, jakin nuen nire etorkizuna liburuei lotuta egongo zela eta libururik gabe bizitza hotzagoa egingo zitzaidala.

Lanbide oro, bokazio oro, ausaz eta beharrez egina dago. Zoria patu bihurtzen da gauzak intentsitatez egiten dituzunean.


Zer da liburuzain (ona) izatea? Zein dira liburuzain baten eguneroko egitekoak?

Liburuzain hitza onartuta dagoen arren, nik bibliotekari hitza erabili eta aldarrikatzen dut. Ofizio honetan aritu nahi duenak, nire uste apalean, irakurketa bizi behar du. Ezagutza teorikoa ikasketek emango digute, baina berezkoak izan beharko genituzke, adibidez, memoria ona, enpatia jendearekin eta edonor errespetuz hartzeko gaitasuna. Gure profil profesionala ere aldatu da: liburuak katalogatu eta sailkatzetik aparte, konpetentzia digital berriak eskuratu behar ditugu, hori baita gizarteak etengabe eskatzen duena.

Gure udal-liburutegien etorkizuna herritarren babesa lortzean datza, haiek baitira gure zerbitzuak eguneroko erabilerarekin sendotzen dituztenak.

Nik uste dut lan honetan uztartu behar ditugula eguneroko ahalegina eta bibliotekak eta irakurketa epe luzera gizartea eraldatzeko elementuak izan daitezkeela dioen sinesmen pertsonala eta profesionala.

Egoera ez da beti erraza izaten, eta ez naiz orokortzen ausartzen, baina uste dut baliabideen urritasunak ezin duela aitzakia gisa balio zu gogogabetasunean babesteko. Profesional gisa, bitarteko gutxirekin ere gure egitekoaren balioetan sinesten baduzu, baliabide gehiago behar direla froga dezakezu. Kexa ugari erabiliz gero, bibliotekari pasibo eta motel bat bihurtzen zara gizartearen eskaeren aurrean.

Asun Agiriano, Iruñean, Atzamarra album ilustratua aurkezten, Harkaitz Canorekin (argazkiaren egilea: Aitziber Alonso)


Nola ulertzen duzu zuk "liburutegi" kontzeptua? Asko aldatu al da liburutegiak ulertzeko modua?

Liburutegiak oso aspaldidanik ez dira liburuen eta dokumentuen biltegi hutsak; heziketarako eta entretenimendurako lekuak dira. Liburutegiak gidatzen dituzten balioak antzekoak dira oraindik ere: eskubide-berdintasuna, inklusioa eta aniztasuna, gure ondarearekiko eta komunitatearekiko konpromisoa, zerbitzuen kalitatea... Hori da biblioteka batean lan egitearen abantaila eta akuilu nagusia; mugitzen ari gara beti, aldaketetara egokitu nahian.

Gaur egun ere, oraindik, liburutegi publikoak kultura-, ezagutza- eta gizarteratze-espazioak dira: babesleku eta espazio abegikorrak. Pertsona guztiak onartzen dituzten lekuak dira, nahiz eta beti ez bilakatu errespetu-leku. Izan ere, gizartean dauden arazoak islatzen dira gure liburutegietan ere. Esango nuke gaur egun kosta egiten zaigula ulertzea toki komunitarioa garela.

Horregatik, gure gizarteetako kultura-aniztasunak hausnarketa bat planteatzen du gure eguneroko lanean. Uste dut integrazio-kanalak sortzeko baliabideak ematen jakin behar dugula. Biblioteka, gaur egun, gizarteratzeko bide bat da, eta igarobidea errazten du. Erakunde eraginkorra da, eta harrera-gaitasun handia du, segregazioa murriztu eta saihestu dezakeena.


Nola egokitu dira liburutegiak eta liburutegietako profesionalak gizartearen nahi eta premia berrietara?

Mundua aldatzen doan heinean, bibliotekek ere aldatzen joan behar dute. Egungo ikuspegitik, bibliotekariok kulturen arteko bitartekariak garela uste dut; izan ere, biblioteka, eskola bezala, elkarbizitza eta kultura-identitate desberdinen arteko harremana ahalbidetzen duen gunea da. Bibliotekaria bitartekaria da, zubiak eraiki ditzake. Hainbat estimulurekin konektatzen duten eragileak gara, "kakoak" (gantxoak) proposatzen dituzte (etxera eraman ditzakezun liburuak, musika, filmak, teknologia berrien erabilera, eskanerra erabiltzen irakasten dizut, automatikoki konektatzen zara wifira...) ohitura sozial eta kulturalak kutsatzen ditugu, nortasun bat transmititzeko ahalmena dugu.

Helburua ez da nahitaez integratzea, baizik eta ez bereiztea, hesiak zeharkatzeko modu espontaneoan balioko duten aukeretara irekitzea.


Paperezko liburuek eutsiko diote digitalizazioaren oldarraldiari?

Nik uste dut baietz, paperean irakurtzea plazer handia da, zentzumenekin konektatzen zaituen zerbait organikoa da.

Halere, bi euskarriak bereizi eta elkarren aurka jartzeko mania bat dago, gauza berriek zaharrak ordezkatu behar izateko joera hori. Boligrafoak ez dira desagertu ordenagailu eramangarriaren etorrerarekin. Are gehiago: gero eta boligrafo bikain, sofistikatu gehiago egiten dira. Eta liburuekin berdin gertatzen da: argitaletxe berriak sortzen dira, gero eta liburu hobeak argitaratzen dira, formatu bitxi eta erakargarriekin. Paperezko liburua liburu elektronikoarekin eta beste hamabost asmakizunekin batera biziko da.

Asun Agiriano, Atzamarra album ilustratuaren idazlea, eta Marina Garcia, liburuaren irudigilea, Donostian, Atzamarra liburua aurkezten, Maite Gurrutxagarekin batera. Maitek Klak obra aurkeztu zuen (hemen irakur daiteke 2023ko urtarrilean liburuaren harira egin genion elkarrizketa)


Beraz, argi dago etengabeko prestakuntza ezinbestekoa dela liburutegietan lanean ari diren profesionalentzat... Zer-nolakoa da prestakuntza-eskaintza gaur egun?

Euskal Herrian ez dugu biblioteketan aritzeko prestakuntza ofizial eta arauturik, nahiz eta saiakerak egin diren Euskal Herriko Unibertsitate publikoan zein unibertsitate pribatu batzuetan. Esparru honetan lana dagoen arren, ez dago hezkuntza-erakundeen aldetik interesik. Beraz, belaunaldi batekoak garenok "birziklatu" egin gara, ehundaka ikastarorekin, adibidez. Horretan, oso lagungarria eta garrantzizkoa izan da elkarte batzuen lidergoa; batez ere ALDEE eta GALTZAGORRI elkarteak aipatuko ditut. Elkarte horiei esker, gure lanaren garapenean ziurtasuna lortu dugu. Jakina! Norberak izan behar du gogoa eta udalak babestu behar zaitu, baina gurean elkarte horiek profesional ugarien prestakuntza sustatu dute eta eguneroko eginkizunak betetzeko gaitasun profesionala eta teknikoa eskuratzen lagundu digute. Eurei esker, gure ahulguneak indargune bilakatu dira, eta, ondorioz, bibliotekarien zerbitzuen kalitatean urrats handiagoak ematen ditugu.


Zuk zeuk ere ikastaroak eman izan dituzu. Irailean, adibidez, biblioteka bateko bilduma osatzeko irizpideez aritu zineten Alex Gurrutxaga eta biok, Tabakaleran. Nola egin daitezke liburutegietako apalategiak irakurleentzat erakargarri(ago)? Zer egin daiteke gazteak literaturara eta liburutegietara erakartzeko?

Liburu berriak eta erakargarriak eskaini behar ditugu gure biblioteketan. Horregatik, ALDEEK antolatu zuen ikastaro hartan xahutzeaz ere aritu ginen, hau da, liburu zaharrak, hondatuak, modaz pasatakoak erretiratu behar ditugu gure bildumetatik. Etxean bezala, komenigarria da liburutegietan ere garbiketak egitea. Liburu efimero ugari dago, denboran gutxi irauten dutenak eta gero desagertu egiten direnak. Gure lana hautatzea da, eta jarduera hori ez da gaitzestea, baizik eta iraupen-ahalmena erakustea. Biblioteka etengabeko mugimenduan dagoen erakundea da.

Bestalde, liburuen mundua laino beltzetan gal ez dadin, irakurzaletasuna bultzatu beharra dago, bai, eta, askotan esan ohi denez, zenbat eta gazteagotan irakurtzen hasi, orduan eta hobe. Hori lortzeko, misterio guztia familietan liburuak eskaini eta ematea besterik ez da. Eta etxeetatik eskoletara. Horretarako ezinbestekoa da helduok haur eta gazteen irakurketa-prozesuetan parte hartzea, motibazioa piztea, ozen irakurtzea. Gu geu irakurleak izatea, alegia. Eta ulertzea irakurle guztiak ez direla irakurle bera.


Zure ibilbide profesionalean, bibliotekari moduan lan egiteaz gain, literaturaren arloko beste hainbat zereginetan ere aritu izan zara: irakurketa-sustatzaile, literatura-kritikari, artikulugile, literatura-sarietako epaimahaikide, telebista-saio literarioetako kolaboratzaile... Baita idazle ere. 2022an, Marina Garcia irudigilearekin batera, Atzamarra album ilustratua argitaratu zenuen. Zelako esperientzia izan zen sorkuntzaren aldera pasatzea? Bide horretatik jarraitzeko asmorik baduzu?

Bizitzaren opari bat izan zen liburuaren jaiotza. Marinarentzat eta biontzat esperientzia berri eta hunkigarri bat izan zen.

Ezagutzen nuen neure burua irakurle bezala, baina idazterakoan biluzten zarela iruditzen zaizu, are gehiago kontatzen duzuna kutsu autobiografikoko istorio bat baldin bada, eta nire kasuan horrela zen. Oroimenaren ariketa bat bezala jaio zen; haurtzarotik ondutako istorioa zen. Ardoa eta gazta bezala, gero eta onduago, orduan eta estimatuago.

Eta hala izan da. Irakurle askoren zorion-mezuak jaso genituen, eta haiengana modu horretan iristea esperientzia konpara ezina izan da.

Jarraitzeko asmorik dudan? Bai... akaso. Orain dela urte batzuk idatzita nuen Putagorda ipuina argitaratu zidan orain dela urtebete, Behinola haur- eta gazte-literatura aldizkariak 48. zenbakian, Iban Illarramendiren marrazki zoragarriekin.

Berriki ipuin laburren lehiaketa batean ere sailkatuta geratu naiz. Egun, astiro-astiro nabil, denborak ez dit uzten-eta sormenari tarte luzeak eskaintzen. Testu laburrak izan ohi dira, oraingoz ez baitut indarrik proiektu luzeago bati ekiteko.

Asun Agiriano, Kutxa Fundazioaren Ibilbide Saria eskuetan, Mariasun Landaren ondoan, 2024ko azaroaren 16an


Literaturaren eta irakurzaletasunaren esparruan egiten ari zaren lan hori guztia eskertzeko, Kutxa Fundazioak Donostia Literatura Sarien barruan ematen duen Ibilbide Saria jaso duzu berriki. Nola hartu duzu? Liburuzain-ogibidearen aintzatespena ere bada, neurri batean? Nor izan zenuen buruan saria jasotzerakoan?

Poztasun handiz, baina poza ez da hainbeste zuregatik, baizik eta egiten duzunagatik. Ederra eta oso eskertzekoa izan da jaso dudan zorion-mezu uholdea, baina, zuek aipatu bezala, ez dut protagonismo pertsonaletik bizi.

Ofizioaren aitortza izan da. Norbaiten lana publikoki interesgarri bihurtzen denean, munduan jada gertatzen ari den zerbaitengatik da.

Saria jasotzerakoan, batetik, bibliotekak izan nituen gogoan; diskurtsoan aipatu nuen jada ez garela mundutik aparte bizi, kolektibo dinamiko eta kritiko bat garela, komunitatea sortzeko dohain berezia duguna. Bestetik, askok lantzat hartzen ez duten lanean buru-belarri eta konpromisoz lan egiten duten pertsonak izan nituen buruan: idazleak, itzultzaileak, ilustratzaileak, editoreak eta ipuin kontalariak, esaterako. Txalo-zaparrada handia eskatu nuen Euskal Editoreen Elkartearentzat, Euskal Idazleen Elkartearentzat (EIE), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearentzat (EIZIE) eta Galtzagorri elkartearentzat, oraindik erakunde publiko askok akzesoriotzat, apaingarritzat duten lana duintzeagatik.


Eta bukatzeko, zer-nolako irakurlea da Asun Agiriano? Zer irakurtzea gustatzen zaizu?

Irakurle orojalea naiz. Etxean irakurtzeko bizpahiru liburu batera izaten ditut. Literatura-solasaldietan irakurtzeko daukaguna, itxura ona hartu diozun azken berri hori, zure gustuko marrazkilariaren azken komikia, album ilustratu zoragarri hori, poemak mesanotxean, saiakera interesgarri bat estudioko mahaian... Gure etxean liburuak ez dira inoiz falta.

Nire bizitzako zati garrantzitsuak dira, eta batzuetan gogoratu behar dut ez direla bizitza. Eta gogoratu behar dut mundua irakurriko ez ditudan liburuz beteta dagoela.


(2024ko abenduaren 12an argitaratutako Berezia)