Ane Garmendia, ikus-entzunezko lanen itzultzailea: «Ongi etorriak dira euskaratzen diren eduki guztiak, baina kalitatea kopurua bezain garrantzitsua da, eta hori zaindu beharra dago»

  • Ane Garmendia, ikus-entzunezko lanen itzultzailea: «Ongi etorriak dira euskaratzen diren eduki guztiak, baina kalitatea kopurua bezain garrantzitsua da, eta hori zaindu beharra dago»
    Ane Garmendia, euskarazko bikoizketarako itzulpen eta moldaketa onenaren ATRAE saria jasotzen (argazkia: Films Punto y Coma)

Ane Garmendiak ikus-entzunezkoak itzultzen eta egokitzen egiten du lan. Batez ere bikoizketaren eta azpidatzien alorretan aritzen da. Urrian, euskarazko bikoizketarako itzulpen eta moldaketa onenaren saria eman zion ATRAE elkarteak, Mavka. Basoaren zaindaria filmerako egindako lanagatik, eta "ilunetan zegoen lan bat argitara ekartzeko" balio izan duela uste du. Sariaren aitzakian, Anerekin hitz egin dugu, bere ibilbidea eta ikus-entzunezkoen itzulpengintzaren egungo egoera eta etorkizuneko erronkak hobeto ezagutzeko.


Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zenuen, eta, zure ibilbidean literatura-itzulpenak ere egin izan dituzun arren, ikus-entzunezkoen itzulpengintzan zentratuta zaude egun. Zerk eraman zintuen hautu hori egitera?

Egia esan, Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketetan ikus-entzunezkoetan espezializatu nintzen, eta karrera amaierako praktikak Donostiako Irusoin bikoizketa enpresan egin nituen. Behin ikasketak amaituta, autonomo gisa hasi nintzen askotariko itzulpenak egiten, itzulpen-agentzientzat eta abar. Urte horietan gaztetxoentzako liburu bat edo beste itzuli nuen, baina literaturaren arloan gauza gutxi itzuli dut. Hasierako urteetan gehienbat testu administratiboak, juridikoak eta halakoak itzuli nituen, baina ikus-entzunezkoen harra hozkaka neukan barruan, eta, Bartzelonako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Itzulpengintzako masterra egin ondoren, pixkanaka mundu honetan murgildu nintzen. Gaur egun ikus-entzunezkoak soilik itzultzen eta egokitzen ditut, alor hau baita gehien gustatzen zaidana.

("Euskarazko ikus-entzunezko itzulpenak: lanbidearen nondik norakoak" solasaldia. Parte-hartzaileak: Ion Zubizarreta, Maider Lizoain eta Ane Garmendia)


Zein dira ikus-entzunezkoen itzulpengintzaren modalitateak? Zertan aritzen zara zu, batez ere? Nola iristen zaizkizu enkarguak normalean?

Ikus-entzunezkoen itzulpengintzak hainbat modalitate ditu: bikoizketa, azpidatziak, gorrentzako azpidatziak, bideojokoen lokalizazioa eta itsuentzako audiodeskribapena. Ni, batez ere, bikoizketaren eta azpidatzien alorretan aritzen naiz, eta horiexek azalduko ditut labur-labur.

Bikoizketarako itzulpena ikus-entzunezko eduki baten elkarrizketen edo gidoien itzulpena da eta erreferentzia gisa jatorrizko gidoia, soinua eta irudia erabiltzen dira. Itzulitako gidoitik abiatuta egokitzapena egiten da. Egokitzapenak egiten duena da itzulitako testua irudiarekin sinkronizatu, eta horretarako kontuan hartzen dira, batez ere, pertsonaien ezpainen mugimenduak eta keinuak. Behin gidoia itzulita eta egokituta aretora igarotzen da bikoizketa-zuzendariaren gidaritzapean aktoreek bikoiztu dezaten. Nik bikoizketarako telesailak, marrazki bizidunak eta filmak itzuli eta egokitzen ditut.

Bikoizketaren barruan sar daiteke, halaber, ahots gainjarrien diziplina (ingelesez, voice over). Hau, batez ere, dokumentaletan, erreportajeetan, elkarrizketetan eta abar erabiltzen da. Ikusleak jatorrizko hizlaria entzuten du jatorrizko hizkuntzan eta, gainjarrita (apur bat geroago hasita), itzulpena entzuten da. Jatorrizkoa entzuteak sinesgarritasuna ematen dio itzulpenari.

Bikoizketen alorrean egiten dudan beste diziplina bat abestien itzulpena eta moldaketa da. Abestien itzulpena eta egokitzapena itzulpen hutsetik harago doa, horregatik esaten zaio moldaketa. Jatorrizko abestiaren esanahia itzultzeaz gain, errimak, silaba-kopuruak eta azentuak errespetatu behar dira, besteak beste. Sormen handia eskatzen duen modalitatea da, baina oso lan aberasgarria eta jostagarria da.

Azpidatziak ere egiten ditut, normalean telesail eta filmetarako. Modalitate honetan jatorrizko audioa entzuten dugu, eta pantailaren behealdean itzulpena agertzen da. Honetarako, lehenik azpidatziak sortu behar dira. Sarrera eta irteera denborak jarri behar zaizkie, jatorrizko lokuzio eta idatziak agertzen diren denborak errespetatuz ahal den neurrian. Hau azpidazteko programen bidez egiten da. Behin azpidatziak sortuta, itzuli egin behar dira. Bi lanak, azpidatziak sortzea eta itzultzea, programa berean egin daitezke.

Bezeroei dagokienez, enkarguak bikoizketa eta azpidatzien estudioetatik iristen zaizkit gehienbat. Zinema-jaialdi batzuetatik ere bai, batez ere azpidatziak egiteko. Beste lankide autonomoengandik ere jasotzen ditut enkarguak. Lanpetuta gaudenean eta lan jakin bat egiteko astirik ez dugunean, beti jotzen dugu itzultzaile lankideengana.

(Ane Garmendia, lanean)


Lan bakartia al da ikus-entzunezkoen itzultzaileena? Zein dira modalitate bakoitzaren zailtasun nagusiak?

Ikus-entzunezkoen itzultzaileen lana bakartia dela esango nuke, baina edozein itzultzaile autonomoren lana den moduan. Normalean etxetik egiten dugu lan, gure kabuz, eta sarri burbuila baten barruan sentitzen naiz ni behintzat. Bakarrik lan egitea gustatzen zaidan arren, zalantzak eta zailtasunak ditudanean asko eskertuko nuke beste itzultzaileren bat gertu izatea. Egia da Interneten gaur egun denok konektatuta gaudela, baina ez da gauza bera.

Modalitate bakoitzak bere zailtasunak dauzka, eta saiatuko naiz labur-labur aipatzen. Orokorrean, itzultzen ari zaren gaiaren arabera, bikoizketarako nahiz azpidatzietarako, terminologia eta erregistro egokia erabiltzea da zailtasunetako bat. Adibidez, epaiketak agertzen diren telesail batean euskaraz hizkera juridiko zuzena erabiltzeko ondo dokumentatu behar dugu, eta sarri horrek denbora asko eskatzen du. Gauza bera gertatzen da dokumentaletan. Batzuetan historia ikertu behar dugu, beste batzuetan ez dakit zer animalia-espezieren ezaugarriak... Gai zehatzak eta ez dakizkigunak itzultzeko, lehenik ikertu eta ikasi egin behar dugu. Bikoizketan beste zailtasun bat egokitzapena da. Fikzioan, batez ere, itzulitako testua aktorearen ahoan ondo geratzea ez da erraza beti, eta batzuetan hasierako itzulpena aldatu beharra dago aktorearen ahoan sinesgarri geratu dadin, batez ere lehen planoetan. Azpidatzietan, berriz, zailtasunik handiena jatorrizkoan entzuten dena karaktere batzuetara mugatzea da. Normalean ez da sartzen entzuten den guztia, hortaz, laburtu beharra dago bai ala bai. Karaktere-kopurua eta azpidatziaren iraupena bezeroak erabakitzen ditu, eta bakoitzak bere irizpideak dauzka. Garrantzitsuena azpidatziak ondo irakurtzeko moduko erritmoa errespetatzea da.

Beste zailtasunetako bat jasotzen dugun materialaren kalitatea da. Batzuetan, filmak zuri-beltzean bidaltzen dizkigute, ur-markekin inork pirateatu ez ditzan, edota oraindik amaitu gabe. Horrelakoek lana zailtzen digute. Jasotzen ditugun gidoiak ere ez dira beti zehatzak; hutsuneak edo akatsak izaten dituzte, eta erreferentzien azalpenak falta izaten dira. Normalean, horrelako arazoei gure kasa aurre egin behar diegu, ez dugulako nora jo laguntza eske.

("Ikus-entzunezko itzultzaileen abenturak eta desbenturak" solasaldia. Parte-hartzaileak: Ion Zubizarreta, Maider Lizoain eta Ane Garmendia)


Eta euskarazko ikus-entzunezkoen itzultzaileen kasuan, zailtasun horiek areagotu egiten al dira? Zein esango zenuke direla euskarazko itzultzaileen abantaila eta desabantaila nagusiak?

Euskarazko ikus-entzunezkoen itzultzaileon zailtasun gehigarri bat gure hizkuntza da. Euskaraz ez dago nahi adina corpus ikus-entzunezkoetan. Euskarara ekarritako ikus-entzunezkoak oso gutxi izan dira beti. Laurogeiko eta laurogeita hamarreko hamarkadetan ETBren sorrerarekin gora egin bazuen ere, gero behera egin zuen nabarmen. Garai hartan hasi ziren edukiak bikoizten, baina gaur egun oso gauza gutxi bikoizten eta azpidazten da euskaraz. Hortaz, ikus-entzunezkoak euskaratzen lan egiten dugunok ez daukagu erreferentzia askorik gure lana egiteko, frantsesarekin edo gaztelaniarekin alderatuta.

Abantaila eta desabantailei dagokienez, esango nuke bietatik daukagula. Batetik, aipatu behar da ez garela asko. Eta hori abantaila zein desabantaila izan daiteke. Abantaila? Bada, asko ez garenez, lana badagoela. Desabantaila? Nahiz eta sare sozialetan elkar ezagutu, euskarazko itzultzaileon artean harremana izatea zaila dela. Nik sare sozialen eta itzultzaileen elkarteen bidez beste itzultzaile batzuk ezagutu ditut, baina nahiko sakabanatuta gaude. Ez daukagu gure sare propiorik, ez daukagu talde batu eta zehatzagorik. Tarteka, posta elektronikoz hitz egiten dugu, baina ez gaude lotuta, ez daukagu komunikazio-sare egokirik gure artean.

Une honetan, euskaraz lan egitearen abantaila bat da geroz eta eduki gehiago dagoela euskaratzeko, zorionez. Urte askoko hutsunea egon da hor, hutsune luzeegia, eta badirudi, poliki bada ere, hutsune hori betetzen doala. Gero eta eduki gehiago egon euskaratzeko, orduan eta lan gehiago egongo da euskarazko itzultzaileontzat. Benetan euskararen aldeko apustua egiten bada, streaming plataformek ematen diguten aukera handia izango da guretzat. Itzultzaile gehiago beharko dira. Baina horretarako agintariek euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko apustu sendoa egin behar dute, oraindik oso sasoi kaskarrean dagoelako.


Teknologia berriak lagungarri al dira? Zer iritzi duzu itzultzaile automatikoei buruz?

Teknologia berriak beti dira lagungarri, «lagun» diren heinean. Hau da, itzultzaileak tresna gisa erabiltzen baditu eta itzultzailea ordezkatzeko erabiltzen ez badira. Itzultzaileok aspalditik lan egiten dugu itzulpen-programekin. Azpidatzietarako erabiltzen ditugun programak ere hor daude. Asko errazten digute lana. Hor dauzkagu online hiztegiak, corpusak, bilatzaileak eta bestelako itzulpen-programak ere. Gaur egun ezin dugu imajinatu gure lana horiek gabe.

Itzultzaile automatikoena bestelako kontua da. Enpresa asko postedizioa sartzen ari dira; ez gauzak samurtzeko, baizik eta etekin gehiago ateratzeko. Postedizioan, itzultzaile automatiko batek egindako itzulpena ematen zaio itzultzaileari, zuzendu dezan. Zuzenketa balitz bezala ordaintzen dute, baina, askotan, itzulpena hutsetik egin behar da, ez duelako ez hanka ez buru. Itzultzaile automatikoak, adibidez, ezin ditu hitz-jokoak, txisteak eta esamolde batzuk itzuli. Horietarako pertsona bat behar da, pertsona baten sormena eta irudimena, arazo horiei konponbidea aurkitzeko. Dena den, ez dut ukatuko urtez urte hobetzen doan teknologia dela eta Adimen Artifizialarena zentzu horretan egundoko jauzia izan dela alor batzuetan. Baina teknologia hauek guztiak ez daude prestatuta, esan dudan bezala, sormena eskatzen duten itzulpenak egiteko, besteak beste. Eta hor, kalitatearen auziaz gain, etikaren ikuspegia aipatu nahiko nuke. Adimen Artifiziala behar bezala arautu gabe dago oraindik, eta hura elikatzeko makinek egile-eskubideak dituzten edukietatik edan dute, izan itzulpenak, izan ilustrazioak, izan argazkiak. Hori ez da ez legala ez etikoa. Pertsonek egindako edukiak erabili dituzte pertsona horien baimenik gabe. Kontu hau guztia arautu beharra dago lehenbailehen, baina berandu gabiltza.

(Ane Garmendia, euskarazko bikoizketarako itzulpen eta moldaketa onenaren ATRAE saria jasotzera bidean. Argazkia: Films Punto y Coma)


Zer-nolakoa da euskarazko ikus-entzunezkoen egoera egun edukien kopuruari dagokionez? Eta kalitateari erreparatzen badiogu? Kanpoko plataformetan ere gero eta leku handiagoa du euskarak azkenaldian. Nola baloratzen duzu?

Gaur egun, euskararen presentzia ikus-entzunezkoetan oso eskasa da kopuruari dagokionez, lehen aipatu dudan moduan. Oso eduki gutxi euskaratzen da. Egia da edukiak pixkanaka gorantz doazela, streaming plataformei esker hein batean. Baina ez da nahikoa. Zinema komertzialean euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Hamar-hamabi film euskaratzen dira urtean, eta denak haurrentzako edukiak dira. Bai telebista linealean, bai streaming plataformetan, bai zinemetan, euskara indartzeko estrategiak behar ditugu. Ondo dago haurrentzako filmak euskaratzea, baina helduentzako filmak ere behar ditugu. Hilean behin animaziozko film bat zinemetan? Haurrentzat baino ez? Ez da nahikoa inondik inora.

Kalitateari buruz esan nahi nuke oro har beste hizkuntzetan ere jaisten ari dela, plataformetan batez ere. Batzuetan itzulpen automatikoa erabili dutelako, beste batzuetan zuzentzaileak kendu dituztelako. Euskararekin gauza bera gertatu da. Esango nuke bikoizketan apur bat gehiago zaintzen dela euskara, baina azpidatzietan denetik dago. Kopurua garrantzitsua da, noski, eta ongi etorriak dira euskaratzen diren eduki guztiak, baina kalitatea kopurua bezain garrantzitsua da, eta hori zaindu beharra dago. Hizkuntza-kalitateari dagokionez, zuzentzaileen lana nabarmendu nahiko nuke. Behar-beharrezkoa da haien lana kalitatezko edukiak nahi baditugu. Eta edukien kalitateari dagokionez, esango nuke orain gutxira arte bigarren mailako edukiak euskaratu direla gehienbat. Film eta telesail arrakastatsuak ere behar ditugu euskaraz. Ez naiz ni film komertzialen oso zalea, baina jendeak ikusi nahi dituen gauzak euskaratu beharko genituzke: Hollywoodeko filmak, Disneyrenak, Pixarrenak, Netflixeko telesail arrakastatsuak... Hortaz, bai, aurrerantz goazela dirudi, baina apustu sendoagoak behar ditugu.

Kanpoko plataformetan, lehen aipatu dudan bezala, euskarazko edukiak sartzen hasi ziren duela gutxi, eta oso berri pozgarria da. Euskarak jendea dagoen tokietan egon behar du. Baina, esan dudan moduan, oraindik eduki gutxi dago euskaraz, hortaz, espero dut poliki-poliki kopuruek gora egitea. Euskaraz ez bikoizteko eta azpidazteko aitzakia gisa behin baino gehiagotan entzun dut euskaldunok ez dugula euskarazko edukirik kontsumitzen, ez daukagula ohiturarik. Ohiturak ezartzeko, errotzeko, denbora behar da. Kalitatezko edukiak euskaratuta eta ikus-entzuleoi behar dugun denbora emanda, ohituko gara edukiak euskaraz ikustera.


Hamabigarren urtez, aurreko urtean estreinatutako ikus-entzunezkoen itzulpen eta egokitzapen onenak saritu ditu berriki ATRAEk (Asociación de Traducción y Adaptación Audiovisual de España), eta aurten, aurrenekoz, berariazko bi kategoria sortu dituzte galegoz, katalanez eta euskaraz estreinatutako lanentzat. Euskarazko bikoizketarako itzulpen eta moldaketa onenarena zeuk jaso duzu, Mavka. Basoaren zaindaria filmerako egindako lanagatik, eta euskarako azpitituluetarako itzulpen onenarena Leire Chertudi Ozamizentzat eta Ilargi Garcia Barrenarentzat izan da, The Wheel of Time serieagatik. Nola bizi izan duzu esperientzia?

Euskarazko bikoizketarako itzulpen eta egokitzapen onenaren kategorian finalista nintzela jakin nuenean esan nuen, eta gero saria irabaztean errepikatu nuen, euskararentzat bi sari hauek sortu izana nahikoa sari badela bere horretan. Asko poztu nintzen katalana, galegoa eta euskara ere sarietan sartu zituztelako; izan ere, oro har itzultzaileon lana ikusezina bada, euskarazko ikus-entzunezkoen itzultzaileona are ikusezinagoa dela esango nuke. Gure lanaren aitortza polita iruditzen zait, eta espero dut sari hauek guk egiten dugun lana zein den ikusarazten eta merezi duen balioa ematen laguntzea. Esan beharrik ez dago oso pozik nagoela nire lana saritu dutelako eta epaimahaiari gustatu zaiolako, baina nik edo Leirek eta Ilargik baino gehiago euskarak irabazi duela iruditzen zait. Ilunetan zegoen lan bat argitara ekartzea izan da. Sari-banaketa bera oso ekitaldi hunkigarria eta polita izan zen, eta Leire eta Garbiñe itzultzaileak ezagutzeko aukera ederra eman zidan, sare sozialetatik baino ez nituen ezagutzen eta.


Film horretarako egin duzun lanaren inguruan epaimahaiak nabarmendu du «hiztegi aberatsa eta euskarari dagozkion esamolde asko» dituela eta «horiek bikoizketari errealismoa eta elkarrizketetan sentimendu bera» ematen diotela. Jatorrizkoan esaten dena hitzez hitz beste hizkuntza batean ematea baino askoz gehiago baita itzulpena...

Bai, noski. Batzuetan guztiz aldatu behar da jatorrizkoan dioena euskaraz zentzua izan dezan. Sarri hitz-jokoak itzuli behar dira, txisteak, kantak... itzulpenaren xedea jatorrizko edukiaren ikus-entzuleek sentitzen duten hori bera euskarazko ikus-entzuleek sentitzea baita. Gauza asko dago hitzez hitz itzuli ezin dena, euskaraz ez lukeelako batere zentzurik izango. Horrek sormen-lan handia eskatzen du askotan. Mavka. Basoaren zaindaria filmean, esaterako, bi kanta itzuli eta egokitu nituen. Kantetan, lehen aipatu dudan moduan, silabak errespetatu behar dira, errimak gorde behar dira, azentuak, eta hori guztia kantaren esanahia galdu gabe eta ahalik eta modurik leialenean. Hitz-jokoak, txisteak, umorea... horiek guztiak ere ezin dira hitzez hitz itzuli. Adibide gisa, Mavka. Basoaren zaindaria-n agertzen den umorezko esaldi bat aipatuko dut. Basoko enbor itxurako izaki bat zikoina baten gainean hegan doa, eta ingelesez hauxe esaten du: «Just don't tell Lesh - he'll think I'm stork raving mad!». Ingelesez stork «zikoina» da. Eta «stark raving mad» esamoldeak «pitzatuta» edo «guztiz erotuta» esan nahi du. Ingelesez hitz jokoa egiten du («stork - stark»), eta umore hori euskaraz jaso beharra dago bai ala bai. Ez dago ingelesezko hitzak aldatu beste konponbiderik. Hortaz nik hauxe jarri nuen: «Baina ez esan Leshi. Seko hegotuta nagoela esango du». «Hego - ero» hitzen antzekotasuna erabili nuen umorea euskaraz ere islatzeko. Horrelako hamaika traba aurkitzen dugu gure lanean. Eta irudimena eta sormena erabili beharra dago. Hori ezin du makina batek egin. Eta sarri denboraren aurka aritzen gara. Azkar erabaki behar ditugun gauzak dira, ez dugu pentsatzeko denbora asko izaten. Behin baino gehiagotan bururatu zait «itzulpen perfektua» gidoia bezeroari bidali ondoren. Horrelakoa da gure lana.

(2024ko ATRAE sarien irabazleak)


Zein dira ikus-entzunezkoen itzulpenean ari zareten profesionalon helburu, erronka eta aldarrikapen nagusiak?

Gure helburu eta borroketako bat da itzultzaile gisa kontuan har gaitzatela eta baldintza hobeak izan ditzagula, bai tarifetan, bai epeetan, bai materialetan, kalitatezko edukiak sor ditzagun. Helburuak lortzeko eta borroka egiteko, garrantzitsua da profesionalen elkarteetako kide izatea: EIZIE, ATRAE eta DAMA (egile-eskubideak kudeatzen dituen elkartea) elkarteetakoa, adibidez. Lehen esan dudan bezala, oso lan bakartia da, beti gaude bakarrik, gure bulegoan, gure kobazuloetan. Elkartu egin behar dugu, elkarteei esker lortzen baitira gauza gehien. Adibidez, ATRAEren lanari esker, gauza asko lortu dira: itzultzaileak kredituetan agertzea, esaterako. Pantailan agertzeak itzultzaileoi ikusgarritasuna ematen digu; hor lan bat egon dela erakusten baitu. Azpidatzitako film bat amaitzean, batzuetan itzultzailearen izena agertzen da. Bideojokoetan ere bai. Hori guztia ATRAEren lanari esker izan da.

Elkarteek bidea egiten laguntzen digute. ATRAEk egin duen beste pauso garrantzitsu bat ikus-entzunezko itzultzaileen eta lanen datu-basea izan da. Hor, itzultzaile bakoitzak bere lanak sar ditzake, eta datu-base hori DAMArenarekin lotuta dago, gainera. Bertan aurkitu daitezke espezialitate jakinetan aritzen diren itzultzaileak, EIZIEren Nor da Nor datu-basean bezala.

Bestalde, uste dut borroka garrantzitsua dela euskaraz lan egiten dugunontzat, —bai itzultzaile, bai ikus-entzule garen aldetik—, euskaraz gero eta eduki gehiago edukitzea; kalitatezkoak, bai telebistan, bai plataformetan, bai zinemetan. Hortaz, erakundeei eskatu behar zaie, mesedez, egin dezatela borroka euskarazko ikus-entzunezkoen alde, horretarako berariazko hizkuntza-politikak sustatuz, euskarazko edukiek ere merezi duten tokia izan dezaten. Pantailek gure bizitzan hartu duten nagusitasuna ikusita, unea da gauzak ahal den ondoen egiteko.

Baina borroka handienetako bat gure lan-baldintzak hobetzea da. Bezeroei ulertaraztea pelikula bat ez dela egun batetik bestera itzultzen. Hori eskatuz gero, denok irteten gara galtzaile: itzultzailea, bezeroa, pelikularen zuzendaria, ikusleak... edukiaren kalitatea ez baita ona izango.


Zertan ari zara lanean orain? Nondik nora jo nahiko zenuke etorkizunean?

Oraintxe bertan nerabeentzako fikziozko telesail bat itzultzen eta egokitzen ari naiz. Tarteka azpidatziak ere egiten ditut, baina batez ere haurrentzako edukiak euskaratzen ditut. Etorkizunean helduentzako eduki gehiago euskaratzea gustatuko litzaidake, zinemarako nahiz streaming plataformetarako fikziozko film eta telesail gehiago. Polita da haurrentzako edukiak euskaratzea, baina helduentzako ikus-entzunezkoetan egundoko gabezia dago, eta edukiak behar dira. Kalitatezko edukiak eta jendeak ikusi nahi dituenak. Horiexek ekarri nahi nituzke euskarara.


(2024ko abenduaren 30ean argitaratutako Berezia)