Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 100.000 bisitari izango ditu 2024an, hau da, 2023an baino % 16 gehiago. Era horretara, 2020. urteaz geroztik, hau da, pandemiaren urteaz geroztik, museoak goranzko bilakaerari eutsi dio, eta, horri esker, inauguratutako urtean (2002an) eta 10. urteurrenean lortutako kopuruetara iritsi ahal izango da. Era horretara, Artium Museoak sendotu egin du nazioko eta nazioarteko lankidetza-sarea, besteak beste honako erakunde hauekin partekatutako proiektuen bitartez: Bruselako Kanal Centre Pompidou, Reina Sofía Museoa, Valentziako IVAM edo CRAC Alsace. Halaber, programa publikoen eta hezkuntza-programen eskaintza ere sendotu du. Ondarearen ikuspegitik, Artium Museoa Bilduma handitu du, erosketa berriekin, eta, horrez gainera, bertako lanik ezagunenetako bat, Javier Pérezen Un pedazo de cielo cristalizado, zaharberritzeari ekin ahal izan dio.
Nabarmentzekoa da, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko bisitarien kopurua sendotu egin dela, guztizkoaren ehuneko 61era iritsi baita (iazko ehunekoaren antzekoa), eta, beste aldetik, bisitarien laurden bat baino gehiago (ehuneko 26) Arabakoak izan direla.
Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko bisitarien kopuru horretan eragina izan du beste herrialde batzuetako erabiltzaileen kopuruak gora egin izanak; izan ere, pixka bat gora egin du, eta bisita guztien % 25era iritsi da, iaz baino 2 puntu gehiago. Frantzia, Italia, Britainia Handia eta Alemaniakoak izan dira, hurrenez hurren, bisitari gehienak.
Espainiako beste erkidego batzuetako bisitariak, berriz, guztizkoaren ehuneko 36 izan dira. Talde horretan, Madrilgoak eta Kataluniakoak dira Artium Museora gehien etortzen direnak, eta horien atzetik Nafarroakoak, Andaluziakoak eta Valentziakoak.
Euskal erabiltzaileek guztizkoaren % 39 osatu dute 2024an, 2023an baino bi puntu gehiago. Bisitarien erdia baino gehiago arabarrak izan dira, eta gainerakoak Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritakoen artean banatu dira.
Adinaren araberako banaketari dagokionez, interesgarria da aurten ere nabarmentzea museora egiten diren bisiten ia laurdena (eskola-programetakoak kontuan izan gabe) 25 urtetik beherakoenak izan direla. Aipagarria da, halaber, lau adin-tarte handien arteko banaketa orekatua: 24 urtetik beherakoak % 22; 25 eta 44 urte bitartekoak % 26; 45 eta 65 urte bitartekoak % 37; 65 urtetik gorakoak % 15. Generoari dagokionez, bisitari gehienak emakumeak izan dira (% 54; gizonak % 46).
Museoaren programazioari dagokionez, 2024. urtea dinamismo handiko urtea izan da, bai erakusketen esparruan, bai programa publikoen eta ondarearen esparruan. Lehenengoan, museoak aniztasunak, parekotasunak eta nazioarteko eta tokiko testuinguruekiko arretak markatutako proposamenak osatzen jarraitu du. Patricia Dauder, Ibon Aranberri, Joxerra Melguizo eta Joëlle Tuerlinckx artisten erakusketa monografikoei Eduardo Chillidaren eta Nestor Basterretxearen mendeurrenei lotutakoak gehitu zaizkie, Artium Museoa erakunde koordinatzailea izan baita azken horretan. Artium Museoak, halaber, edonor denok inor ez erakusketa aurkeztu zuen, euskal testuinguruan artearen irakaskuntza instituzionalizatzera bideratua, 2022an abian jarritako Pentsatzeko leku bat lanarekin hasitako ikerketa-proiektuaren jarraipen gisa.
Tuerlinckxen eta Aranberriren erakusketak Kanal Centre Pompidou Bruselarekin eta Reina Sofía museoarekin elkarlanean egindako proiektuak izan dira, hurrenez hurren. Gainera, azpimarratu behar da Aranberrik MACBA Fundazioaren Saria jaso duela Artium Museoko Entresaka eta MNCARSeko Vista parcial erakusketengatik. Laster, erakusketa horien inguruko liburu bat argitaratuko da.
Ondarearen eremuari dagokionez, Esther Ferrerren Números primos (2003-2023) lana Artium Museoaren barruko plazan zaharberritu eta birkokatu ondoren, Javier Pérezen Un pedazo de cielo cristalizado (2001) lana zaharberritzeko proiektu konplexuari ekin zaio 2024an, museoaren atari nagusian. Piezaren zaharberritzea Iberdrola España Fundazioaren babesarekin, artistaren laguntzarekin eta Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuaren ikuskapenarekin egin da.
Programa publikoen eta hezkuntza-programen esparruan, Artium Museoak hainbat programa finkatu ditu, hala nola Lotura mekanikoak performanceen nazioarteko zikloa, arte garaikidearen hastapenei buruzko ikastaroa, udako ikastaroa –UPV/EHUrekin lankidetzan–, edo UNEDekin lankidetzan antolatutako ikastaroa. 2024an programa berriak jarri ditu martxan Artium Museoak, hala nola amarauna familientzako hileroko jarduera-zikloa, Bor-bor, asteburuko tailer irekien proposamen berria, eta TRAMA, hiru egunez mugimenduan den irudiaren eta literatura eta musika bezalako beste diziplina batzuen arteko harremanak agerian uzten dituen programa. Horrez gainera, museoak inguruko kultur eragileekin dituen lankidetzei jarraitu die, hala nola honako hauekin: danZálava, Dantzan Bilaka, Euskadiko Filmategia, Gaztefilm Fest, Euskadiko Arkitektura Institutua, Frantziako Institutua Bilbon, Goethe Institutua, Korterraza eta In Situ Jaialdia.
Azkenik, Artium Museoaren argitalpen-estrategiaren jarraipena nabarmendu behar da, zeinaren xedea baita artisten eta erakusketen edukien ikerketa eta ezagutza sustatzea. Erakusketa guztiekin batera argitaratutako koadernoez gainera –hautatutako egileen testu originalekin–, Juncal Ballestín. Artxiboa liburua argitaratu da 2024an, artistaren dokumentu-funtsarekin Artium Museoko Dokumentazio Zentroan egindako lanaren emaitza. Bestalde, AMA aldizkariaren hirugarren alea argitaratu da: Lotura mekanikoak. Oraingo honetan, museoaren programari buruzko hausnarketa egin da, afektuen teoriaren luparekin begiratuta. Azkenik, aipatzekoa da ildo editorial berri baten sorrera, boz., Euskal Artisten Dokumentazio Zentroari lotutako argitalpen sorta. Lehenengo liburukia Gema Intxaustiren Barr. Fotomatoi Kabina – Eguna izan da. Artium Museoak, aldi berean, AMAonline.eus argitalpen-plataforma digitala indartu du, museoko publikoekin elkarrizketa iraunkorrean jarduteko eta programa desberdinen inguruan komunitateak eskala handiagoan eraikitzeko.