Iurdana Acasuso: «Euskararen Etxeak euskararen bizi-indarraren erakusleiho izan nahi du eta, batez ere, erreferentzia euskal eragileentzat eta euskal jendartearentzat»

  • Iurdana Acasuso: «Euskararen Etxeak euskararen bizi-indarraren erakusleiho izan nahi du eta, batez ere, erreferentzia euskal eragileentzat eta euskal jendartearentzat»

Euskararen Etxea Bilbon dago, San Ignazio auzoan. Orain bi hamarkada ireki zituen ateak, eta berriki Europako Kontseiluaren 2025eko Museoen Saria jaso du. Euskararen Etxea eta Euskararen Interpretazio Zentroa hobeto ezagutzeko, Iurdana Acasusorekin hitz egin dugu.


Zer da Euskararen Etxea? Noiz sortu zen? Zer helbururekin?

Euskararen Etxeak euskararen bizi-indarraren erakusleiho izan nahi du eta, batez ere, erreferentzia euskal eragileentzat eta euskal jendartearentzat.

2004an sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzaren ondorioz, eta hasieratik eskaini izan ditu Euskararen Interpretazio Zentro bat eta euskal eragileentzat lanerako espazioak.

Zerbitzu horiekin, Euskararen Etxeak euskararen biziberritze-prozesuari bere ekarpena egin nahi izan dio. Batetik, herritarrentzat euskarari buruz informazioa jasotzeko toki erakargarria izanez eta, bestetik, euskararen alde lanean ari diren eragileei lanerako toki duina eskainiz, haien arteko komunikazioa eta lankidetza sustatu dezakeena.


Euskararen Interpretazio Zentroa da, nolabait esateko, Euskararen Etxearen muina. Zer eskaintzen die bisitariei? Nola dago banatuta?

Euskararen Interpretazio Zentroak 190 m² inguru hatzen ditu Euskararen Etxeko behe eta lehen solairuan. Erakusketak euskara kanpotik barrura ezagutzeko aukera eskaintzen du, era jostalari, umoretsu eta irudimentsuan, baina baita modu zehatz eta zientifikoan ere. Zentzumenetan oinarritutako bisita ludiko batetik abiatuta, bisitariak euskararen izaera poliedrikoan murgilduko dira.

Agian bere elementurik nabarmenena etengabe eguneratzen diren 600 adierazle baino gehiago biltzen dituen instalazioa da. Hainbat iturritatik (Eusko Jaurlaritza, unibertsitateak, soziolinguistika klusterra, azterlanak eta argitalpenak...) datozen datu horiek euskara bizitzako arlo guztietan bizirik dagoela erakusten dute. Berezi egiten duena da lehen aldiz dena pantaila bakarrean kontsulta daitekeela.

Gainera, pertsonengan azpimarra jartzen duen erakusketa da; izan ere, hizkuntzak hiztunen ezpainetan baino ez dira bizi eta existitzen. Horregatik, askotariko soinu-artxiboak daude, beren tonalitate eta gai desberdinengatik nabarmentzen direnak. Euskara bizi duten pertsonen testigantzek espazio garrantzitsua betetzen dute zentroan.

Bizkaiko museo eta leku interesgarri askok lagundu dute erakusketa osatzen, hala nola, Arkeologia Museoak, Euskal Museoak, Arte Ederren Bilboko Museoak, La Encartada Fabrika-Museoak, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Foru Liburutegiak eta Lazkaoko Beneditarren Fundazioak. Bertan, zenbait objektu ez ezik, elementuen erreplikak eta objektuen zein pinturen argazkiak daude.

Jolaserako, irribarrerako eta kanturako tartea ere eskaintzen du; hitz elkartuen jolasa, irribarrearen truke bertsoak oparitzen dituen tresna eta "Munduari begiratzeko modu bat" poemaren karaokea dira horren adibide.


Bisita librea zein bisita gidatua egiteko aukera ematen du, baina eskola-programa bat ere baduzue. Zer eta nola lantzen duzue gazteekin programa horren bidez?

Euskararen Interpretazio Zentrora bisitan datozen ikastetxeei, ordubeteko bisitaz gain, lantegi batean parte hartzeko aukera ere eskaintzen diegu. Horren bitartez, umeei eta gazteei euskararen bizi-indarra eta aniztasuna transmititu nahi dizkiegu, lehen hezkuntzan hasita batxilergo mailara arte.

Ikasleek egunero jasotzen dituzte euskara-klaseak. Gramatika, ortografia, idatzizko ulermena... lantzen dituzte. Baina, zer dakite gure hizkuntzari buruz? Ezagutzen dituzte euskararen berezitasunak? Badakite zer hizkuntza-aniztasun dagoen Euskal Herrian?

Gure eskola-programaren helburu nagusiak dira euskara hizkuntza bizia dela erakustea, euskararen historiaren aberastasuna ezagutaraztea, euskarak gehitu egiten duela azpimarratzea, ikasleen euskara-erabilera sustatzea eta hizkuntza-erabilerari buruzko hausnarketa bideratzea, euskararekiko interesa piztea eta jarrera positibo bat lortzea. Hori guztia ikaskuntza kooperatiboaren bitartez.


Euskararen Etxean, gainera, lantoki kooperatibo bat eta hainbat espazio dituzue. Zer-nolako jarduerak egiten dituzue espazio horietan?

Euskara helburu edo ardatz duten eragileek Euskararen Etxeko espazioak doan erabiltzeko aukera dute, eta espazio horiek aurkezpen, prestakuntza edota bileretarako balia daitezke. 2024. urtean, adibidez, 175 ekintza antolatu dira 27 eragilek sustatuta. Guztira ia 3.500 erabiltzaile hurbildu dira Euskararen Etxean antolatutako ekintza horietara.


Zer prestatzen ari zarete 2025erako? Ezer aurreratu dezakezue?

Euskararen Interpretazio Zentroko erakusketa urte biko ibilbidea betetzear dagoela, Euskararen Etxeko hormak gainditu nahi ditugu.

Batetik, erakusketa osoa digitalizatu dugu, eta 2025ean online bisita orokor edo libreak opatuko ditugu gure webgunearen bitartez. Horrez gain, ikastetxeei gidatutako online bisitak eskaini nahi dizkiegu, badakigulako ikastetxe askok ezin dutela Bilbora goiz bateko txangoa antolatu. Gure hasierako helburua online bisita gidatu horiek gazte-helduei eskaintzea da, derrigorrezko hezkuntza-sistemako azken ikasturteetan dauden ikasleei. Baina gure ustez euskaltegietako ikasleak ere izan daitezke bisita-mota honen hartzaile potentzialak.

Bestetik, kultura gizartera gerturatzeko urratsak eman nahi ditugu, herritar guztiengana heltzeko bideak zabalduz. Horretarako, gure erakusketa ahalik eta irisgarrien izan dadin lanean arituko gara. Bisitan lagungarri izango den audio-gida sistema garatu nahi dugu, bai eta "irakurketa erraza" metodologian oinarritutako bisita eredua ere.

Azkenik, aipatu nahi dut aurreko irailean abiatu zen Euskararen Interpretazio Zentroaren erakusketa ibiltaria 2025ean ere Bizkaian zehar ibiliko dela.


Euskararen Interpretazio Zentroak Europako Kontseiluaren 2025eko Museoen Saria irabazi du berriki. Epaimahaiak, besteak beste, museoaren "esperientzia murgilgarria" goraipatu du. Baina ez da azkenaldian jaso duzuen albiste on bakarra. Izan ere, Euskararen Etxea eta Euskararen Interpretazio Zentroa European Museum 2025 Saria jasotzeko hautagaien artean daude. Maiatzera arte itxaron beharko da irabazlea zein den jakiteko. Nola hartu duzue zuen lanaren aitortza hori? Euskararen Etxea jendeari ezagutarazteko balioko du?

Esan behar dugu duda barik sari honek mapan kokatu gaituela eta horrek poztasunez eta harrotasunez bete gaituela. Oso kontziente gara Euskal Herrian agian ez garela horren ezagunak, eta uste dugu sari hau sekulako erakusleihoa izan daitekeela zer egiten dugun erakusteko.

Hedabideak eta bestelako komunikatzaileak gurekin harremanetan jarri zarete horren berri emateko, eta gu oso eskertuta gaude normalean iritsiko ez ginatekeen txokoetaraino heltzeko aukera ematen diguzuelako.