Euskal zinema-aretoen ikusle-kopuruak % 6 egin zuen behera 2024an, 2023arekin alderatuta, baina diru-bilketa mantendu egin zen. Aldaketa nabaria da, zinemetako zifrek etengabeko hazkundea izan baitzuten aurreko bi urteetan. 2024a Ameriketako Estatu Batuetako gidoilarien eta aktoreen grebak markatutako urtea izan da, eta, horren ondorioz, 2025era atzeratu dira aurreikusitako nazioarteko estreinaldi gehienak.
Euskadiko aretoetan bilketa % 1 baino ez da jaitsi, 2023ko datuekin alderatuta: 23.704.000 eurotik 23.366.000 eurora pasa da. Deigarriagoa izan da ikusle kopuruaren jaitsiera: 3.640.000tik 3.421.000ra. Datu horiek Espainiako batez bestekoaren oso antzekoak dira.
Comscorek emandako datuetan oinarrituta, geldialdia nabari da, baina, egia esan, bigarren seihilekoa lehenengoa baino askoz hobea izan zen. Ekainaren 30ean, ikusle kopuruaren beherakada % 13 ingurukoa zen, eta, beraz, susperraldi handia izan da urtearen bigarren erdian, eta 2025 honen hasieran ere hala jarraitzea espero da.
Datu gehigarri gisa, 2024an ez da euskal filmen arrakasta handirik nabaritu leihatilan, 2023an Irati edo 20.000 especies de abejas filmekin gertatu zen bezala. Lan horiek, Euskadin egindako beste ekoizpen batzuen emaitza onekin batera, berebiziko bultzada eman zieten aretoei.