Julene Gatzagaetxebarria eta Sara Oregi dira iazko irailean martxan jarritako Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdiko lan aukeratuaren egileak. Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak proiektu bakarra aukeratzea erabaki du deialdi honetan, proiektuaren orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesa aintzat hartuta.
Bi gazte hauek Etengabeko (ber)eraikuntzan olerki-liburu ilustratuaren proiektua aurkeztu dute deialdian; alde batetik, Julen Gatzagaetxebarriak azken urteetan zehar idatzi dituen olerkien bilduma batu nahi dute liburuan, eta bestetik, Sara Oregiren ilustrazioek lagunduta jantzi dute olerki bakoitza, beharrezko gorpuzkera eta edertasun puntua emanez. Olerkiek ez dute ildo zehatz bat jarraitzen, ortzimuga zabal bat jorratzeko asmoarekin sortuta daude: bizimodua ikusteko erak, eguneroko kronika kritikoa, pertsonen arteko harremanen eragina, adiskidetasuna, maitasuna, bizipen pertsonalak eta fikziozkoak direnak ere, lagunei opari modura eskainitakoak… Azken finean, Julenen hurbileko ingurunean bizi eta ikusi dituen egoerek eta horien aurrean izan duen jarreretan aurkitu du inspirazioa.