"Un pedazo de cielo cristalizado" artelanak dir-dir dagi berriz ere Artium Museoaren atarian Fundación Iberdrola Españaren eta museoaren lankidetzari esker

  • "Un pedazo de cielo cristalizado" (Javier Pérez, 2001). Argazkia: erredehierro

  • Pieza, museoko bildumakoa, Fundación Iberdrola Españak emandako 30.000 euroei esker zaharberritu ahal izan da
  • Duela gutxi, jendaurreko hiru topaketatan aztertu dira haren garrantzia eta egin zaion esku-hartze konplexua

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak bukatutzat eman du bildumako Un pedazo de cielo cristalizado piezaren garbiketa- eta zaharberritze-prozesua, atari nagusian bisitariei harrera egiten dien tamaina handiko artelanarena. Javier Pérezek 2001eko Veneziako Biurtekorako egin zuen, Espainiako Pabilioirako. Esku-hartze konplexu hori Iberdrola España Fundazioaren babesari esker egin ahal izan da, joan den uztailean erakundeak eta Arabako Artium Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu ondoren.

Gaur goizean zaharberritutako obraren aurkezpena egin da, Jaime Alfonsín Alfonso, Fundación Iberdrola Españaren presidente berria eta Ramón Castresana Fundazioko zuzendaria bertan zirela. Hantxe izan da Azucena Prior ere, zaharberritze prozesua burutu duen Artycoren arduraduna. Museoak, gainera, piezari egin zaion esku-hartzea dokumentatzen duten ikus-entzunezko bi aurkeztu ditu.

Beatriz Herráez Artium Museoko zuzendariak adierazi duenez, "Javier Pérezen lan hau bildumako esanguratsuenetako bat da, bere ezaugarriak eta sarrera nagusian eraikinean duen lekua kontuan hartuta. Garbiketari eta zaharberritzeari ekitea izan da azken urteotako erronketako bat, esku-hartze horren garrantziaz jabetuta, eta, zorionez, iaz bide honetarako Iberdrola España Fundazioaren konplizitatea aurkitu genuen".

Bestalde, Jaime Alfonsinek, Iberdrola España Fundazioko presidenteak, adierazi duenez, "zaharberritze hau Iberdrola España Fundazioak artearekin eta kulturarekin duen konpromiso irmoaren erakusgarri da. Konpromiso hori funtsezkoa da Fundazioaren jardueretan, eta, gainera, agerian uzten du gaur egun bisitatzen dugun lur honekin dugun lotura. Helburu nagusia obra honi distira eta argi guztia itzultzea izan da, haren funtsezko elementuetako bat baita. Gainera, museoaren atarian dagoenez, argi horrek eta pieza estetiko honen soinuak hasieratik lagun diezaietela museoa bisitatzen dutenei".

Artelana eta zahartberritzea

Joan den azaroaren 18an hasi ziren Javier Pérezen (Bilbo, 1968) Un pedazo de cielo cristalizado obra zaharberritzeko lanak. Tamaina askotako beira puztuzko 12.000 pieza baino gehiago ditu, malko formakoak, eta 10 metroko zabalera eta 4 metroko altuera duen egitura esferaerdi batean esekita daude. Lan enblematiko hau bildumako adierazgarrienetako bat da, eta 2023an Correosen Filateliako Zuzendaritzak egin zuen edizio bereziko zigilu baten irudia izan zen.

Pieza zaharberritzeko prozesuan zehar, museoak lanen berri eman die publikoei. Azaroan hasi zen topaketa-programa, artistaren parte-hartzearekin, zaharberritze-lanaren garrantzia eta munta ulertarazteko; programari jarraipena emanez, abenduan topaketa bana egin zen zaharberritze-lanen arduradunekin eta Arabako Foru Aldundiko zaharberritze zerbitzuaren arduradunekin.

Hiru jarduera horiek eta museoaren eguneroko funtzionamenduari dagozkion gainerako programak plataforma finko handi bat eta aldamio-egitura batzuk erdian zirela burutu behar izan dira azken asteotan, eta zaharberritze-lanek aurrera egin ahala lekuz aldatu dira, eraikinaren sarbide nagusia ere aldatuz.

Gaur goizean, Fundación Iberdrola Españaren presidente berri Jaime Alfonsín Alfonsorekin eta Artycoren arduradun Azucena Prior-ekin batera, zaharberritze- eta garbiketa-lanen emaitzak aurkeztu ditu museoak. Lan horiei esker Un pedazo de cielo cristalizado hasierako egoerara itzultzea lortu da, jatorrizko gardentasuna lehengoratuz.

Prozesuaren xehetasun teknikoak azaltzeaz gainera, esku-hartzea ikuspegi globaletik dokumentatzeko egin diren ikus-entzunezko piezetako bi aurkeztu ditu Artium Museoak. Alde batetik, garbiketaren prozesu osoa erakuskten duen time lapse teknikako bideo bat. Eta bestik, Javier Pérezi zaharberritzearen harira egindako elkarrizketa bat, bertan artistak obra egin zuen garaiko testuingurua aipatzen duelarik, eta esku-hartzeari buruz dituen iritziak ematen. Dokumentu hauek museoaren webgunean ikus daitezke: www.artium.eus.


  • DataUrtarrilak 15
  • Gaia Museoak, Ondarea