Teresa Benéitez García, A Fin de Cuentos argitaletxeko editorea: «Liburuek atzean hainbeste adjektibo eraman behar ez izatea gustatuko litzaiguke»

  • Teresa Benéitez García, A Fin de Cuentos argitaletxeko editorea: «Liburuek atzean hainbeste adjektibo eraman behar ez izatea gustatuko litzaiguke»

Bilboko A Fin de Cuentos argitaletxeak 2017. urtean ekin zion haur- eta gazte-literaturan ardaztutako ibilbideari, Aventuras y desventuras de los alimentos que cambiaron el mundo liburua argitaratuz. Geroztik, "benetako istorio asko" argitaratu ditu, "bereizten dituen samurtasun-, sorpresa- eta emozio-puntu bat dutenak". Teresa Benéitez García argitaratzailearekin hitz egin dugu hainbat gairi buruz, hala nola proiektuaren hastapenak, liburu bakoitzaren atzean dagoen lana, inteligentzia artifizialaren inplikazioak eta aurten prestatzen ari den argitalpen berriak.


A Fin de Cuentos-en webgunean, liburu ilustratuak "bestelako etiketarik gabe" argitaratzen dituela esaten da. Zer esan nahi du horrekin? Nola sortu zen proiektua?

Horrekin zera esan nahi genuen: liburuek atzean hainbeste adjektibo eraman behar ez izatea gustatuko litzaigukeela. Nire ustez, liburu-denda edo liburutegi batean adjektibo horiek lagungarriak dira liburua toki jakin batean kokatzeko. Baina, horrela eginez gero, urrundu egiten dituzu interesa izan zezaketen beste pertsona askorengandik. Urrunago joan gabe, argitaratu dugun azken liburua dugu horren adibide: Adimen arfifiziala denok ulertzeko moduanHaur eta gazteentzako argitaletxea denez, "denok ulertzeko moduan" horrek ez gaitu beste atal batzuetara mugiarazi. Aitzitik, zenbait liburu-dendatan ezagutza-liburuen ondoan jarri dute, Ingelesezko nire lehen hitzak edo Nire lehen dinosauroak liburuen alboan.

Gure liburu gehienek "adin guztietarako" etiketa eraman beharko lukete, baina hori ez da existitzen: haur-literaturakoa bazara eta marrazkiak badituzte –jende askok horrela deitzen die oraindik ilustrazioei–, bada, zalantzarik ez: soilik haurrentzat diren liburuak egiten dituzu.

(Karolina panpina liburuan oinarritutako haur-jarduera)


A Fin de Cuentos argitaletxeak gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galegoz argitaratzen ditu bere liburuak. Zer irizpide erabiltzen dituzu argitaratuko diren liburuak hautatzeko?

Argitaletxe independenteok arrisku ekonomiko handiak hartzen ditugu beti geure gain, eta eremua handitzeko borrokatzen gara, argitaletxe-talde handiak nagusi diren mundu honetan aniztasuna eskaintzeko. A Fin de Cuentos argitaletxean benetako istorioak gustatzen zaizkigu, samurtasun-, harridura- edo emozio-puntu bat dutenak, horrek bereizten baititu. Benetako istorioak, gertatu direla jakin ezean sinesgaitzak irudituko litzaizkizukeenak, Liburuzainak zaldi gainean liburukoak bezala. Depresio Handiko urte gogorrenetan Appalache mendietako biztanleei liburuak eramateko hainbat emakumek egindako lan gogor eta arriskutsu hura. Halaber, haur-literaturan asko landu ez diren gaiak argitaratzen saiatzen gara. Primatologo baten biografia egin genuenean, ez genuen aukeratu Jane Goodallen beste biografia bat egitea; Karmele Llanoren lan harrigarria ezagutarazi nahi izan genuen, hemengoa izan arren jende gutxik ezagutzen baitu.


Argi dago liburu bakoitzaren atzean lan handia dagoela, baina ez gara beti jabetzen horretaz. Zelakoa da? Zer prozesu jarraitu behar dira?

Liburu baten atzean dagoen lanak denbora, kontzentrazioa, dedikazioa, sormena eta elkarrizketa behar ditu. Nire liburu gehienak bururatzen zaizkidan ideietatik abiatzen dira, eta, orduan, hura idatziz eta ilustratuz garatuko duen norbaiten bila hasten naiz. Lan geldoa eta ederra da, taldekoa, paper zuri batetik abiatu eta irakurle baten eskuetan amaitzen dena.

(Teresa Benéitez García eta Itziar Diez de Ultzurrun itzultzailea)


Duela gutxi, editore gonbidatu gisa parte hartu duzu Galtzagorri elkarteak Iruñeko Udalarekin batera antolatzen duen Biko-Teka tailerrean. Bertan, edizioaren munduko zenbait gako eman dizkiezu bertaratutakoei. Nola laburbilduko zenituzke?

Oso esperientzia aberasgarria izan zela esango nuke. Ibilbide ia paraleloak dituzten mundu asko daude, topo egin beharko luketenak baina egiten ez dutenak. Adibidez, ilustrazio-eskolak eta editoreak. Horregatik, eskerrak eman behar zaizkie Galtzagorriri eta haren moduko entitateei, hutsune horiek bete eta topaguneak sortzeagatik.


Zer da jendeak gehien eskatzen duena? Zure ustez, zeintzuk dira liburu baten arrakasta azaltzen duten faktore nagusiak?

Jakingo banu, neure Harry Potter argitaratuko nukeen, kar, kar, kar. Merkatua nahasia da, baina seinaleak igortzen ditu. Liburu askok emozioak "lantzen" dituzte, beste askok "zertarakoak" (pixoihala kentzeko, datorren arrebatxoagatiko zeloak gainditzeko, etab.); askok umore eskatologiko handia dute, eta ez zaizkit asko interesatzen (nahiz eta umorea ez den inoiz baztertu behar, irakurleak sortzeko oso erakargarria delako), eta asko haurrak planetako biztanle ekologikoenak bihurtzen saiatzen dira.

(Teresa Benéitez García, Ana G. Lartitegui Tentelontzia liburuaren egilearekin)


Azkenaldian poztasun handiena eman dizuen lanetako bat Ana G. Lartiteguiren Tentelontzia da; izan ere, itsasoratu zenetik hainbat aintzatespen biltzen ari da: sariak, erakusketak... Baina, gainera, A Fin de Cuentos argitaletxearekin bere lanak argitaratu dituzten bost ilustratzaile finalistak dira aurtengo Bologna Children's Book azokan. Arriskuak hartzearen saria da?

Poza ematen dizu, jakina, eta airosago, segurtasun handiagoz ibiltzen laguntzen dizu.

Tentelontziari dagokionez, benetako liburu miresgarria da, aurkitzen oso zaila den zerbait, ez baititu modak jarraitzen; bakarra da. Bere ilustrazioekin omenaldia egiten die, besteak beste, El Bosco eta Brueghel Zaharra pintore flandiar ospetsuen lanen komikotasunari eta iruditeriari. Eta istorioak ipuin klasikoak gogoratzen ditu, eskutik eskura doan objektu bati buruzkoa baita; oso dibertigarria da. Egia da ibilbide luzea egiten ari dela. Orain Japoniara dao, Iabishiko Arte Museora, Boloniako Ilustratzaileen Erakusketako gainerako ilustrazio irabazleekin.

(2024ko hiru argitalpen: Zertarako balio du?Bubu eta haren lagunak eta 72 egun eta soineko bat)


A Fin de Cuentos urtean hiru liburu argitaratzen hasi zen, baina iaz sei argitaratu zituen. Zerk bultzatu zaitu erabaki hori hartzera?

Urtero argitaratzen diren liburuen gehiegizko ekoizpena gorabehera (2024an, 90.000 inguru), merkatua egituratuta dagoen moduan behartuta zaude nobedadeen mahaietan ohiko presentzia izatera. Denbora luzean argitaratu gabe egonez gero, ahaztua izateko arriskua duzu.

(Lorena Fernández Álvarez eta Pablo Garaizar, Adimen artifiziala denok ulertzeko moduan liburuaren egileak)


Hasieran esan duzun bezala, Adimen artifiziala denok ulertzeko moduan liburua argitaratu berri duzue. Adimen artifiziala, zalantzarik gabe, zeresan asko ematen ari den gaia da. Ba al dakigu benetan zer den eta zer ondorio dituen?

Nik ezetz uste dut. Hain zuzen ere, "ustezko ezjakintasun" horretatik sortu zen liburu hau. Oso harro nago hartaz. Lorena Fernández Álvarez eta Pablo Garaizar egileen dibulgazio-gaitasuna miresten dut. Liburua irakurtzen duen edonork, haren abiapuntua edozein dela ere, asko ikasiko du. Eta Denisse Beltránen ilustrazio-lana osagarri perfektua da.

(Asfaltoaren azpian, lorea liburuaren azala)


Zertan ari zara orain lan egiten? Zer dakar etorkizunak?

Urtea oso ondo hasi da, salmenta askorekin eta harreman berri askorekin. Eta ilusioz beterik nago, 2025erako prestatzen ari garen guztia kalitate handikoa baita.

Hur-hurrekoa Asfaltoaren azpian, lorea izeneko liburua da. Mónica Rodríguezek idatzia da —Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala iaz—, eta inork ezagutzen ez badu, irakurtzera animatzen dut. Ilustrazioak Rocío Araya Bilboko ilustratzailearenak dira. Berarekin lan egindakoa naiz jada, Oiloak uretara! liburuan, eta asko miresten dut. Biek aparteko lana egin dute, eta elkarrekin... harrigarriak dira.


(2025eko otsailaren 19an argitaratutako Berezia)