Artium Museoak "Inés Medina. Ikerketa analitiko-plastikoa. 1978-1995" erakusketa aurkeztu du

  • Artium Museoak

['Rojos distintos', 1980. 2. Saila |Serie 2. : 'Espacialidad abstracta, aspectos sensoriales de la materia'. Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoaren Bilduma. Bilduma partekatuaren esparruan erosia]

  • Erakusketa Medinaren ibilbide artistikoaren lehen bi hamarkadetako praktikari buruzkoa da
  • Inaugurazioa dela eta, Inés Medinak bere lanari buruzko hitzaldi bat emango du erakusketaren komisario Enrique Martínez Goikoetxearekin batera
  • Artium Museoaren barruko plazatik sarrera berria estreinatu duen A3 aretoan dago ikusgai erakusketa

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, "Inés Medina. Ikerketa analitiko-plastikoa. 1978-1995" erakusketa aurkeztu du [A3 aretoan, 2025eko ekainaren 1era arte]. Erakusketa honek Inés Medina (Cáceres, 1950) artistaren ikerketa plastikoa aurkezten du, haren lehen esperimentazio monokromoetatik hasita, eta barne hartzen du ordenagailuaren erabilera prozesu sortzaileetan. Erakusketa dela eta, Artium Museoak liburuxka bat argitaratu du, Sara Abisambra Borrero ikertzaileak artistari egindako elkarrizketa luze batekin. Inés Medinak bere lanari buruzko hitzaldi bat emango du, erakusketaren komisario Enrique Martínez Goikoetxearekin batera, otsailaren 28an bertan, 18:30ean. Sarrera doakoa eta edukiera mugatua izango dira.

Erakusketa honek Inés Medina (Cáceres, 1950) artistaren ikerketa plastikoa aurkezten du, 1978an egin zituen lehen esperimentazio monokromoetatik hasi eta 90eko hamarkadaren erdialdera arte, New Yorkera egindako bidaiarekin batera. Han egongo zen hurrengo 15 urteetan behin betiko Euskal Herrira itzuli zen arte. Sailka antolaturiko proiektu honek artistaren ibilbidearen lehen bi hamarkadak biltzen ditu, eta bi dira ardatz nagusiak: abstrakzio geometrikoa eta neurketari eta irudien sorkuntzari buruzko ikerketan ordenagailua erabiltzen hastea, 1995era artekoa.

Erakusketak Medinaren lanari buruzko ikuspegi sakona eskaintzen du. Artista honek euskal tradizio formalistari lotutako artisten belaunaldi batekin partekatu zuen eztabaida, eta, XX. mendeko 70eko hamarkadaren amaieran, nazioarteko diskurtso eta praktika artistikoei ireki zien atea. Errealitatea ezagutzeko tresna gisa defendatzen du artea bere lanean, eta lan hori luzaro isilpean egon bada ere, gaur egun indar handiz aldarrikatzen da. Erakusketa honetan, artistak ikerketa teorikoarekin, idazketarekin eta psikoanalisiarekin laguntzen duen prozesu bat azpimarratzen du, sail geometriko hutsetan, eta izenburuetan irudiaren potentzialtasuna aipatzen du, artea, ezagutza eta bizi-esperientzia uztartuz.

Inés Medina Cáceresen jaio eta Bilbon bizi izan da sei urte zituenetik. Euskal Herriko Unibertsitatean artista plastiko gisa trebatua, han egin zen doktore; 15 urte eman zituen New Yorken, eta esperientzia horrek eragin nabarmena izan du bere lanean. 1980. urteaz geroztik, etengabe erakutsi du bere lana, batez ere Espainian eta AEBetan, eta hainbat sari jaso ditu: Adolph and Esther Gottlieb Foundation saria (2005), New Yorkeko Unibertsitatearen sorkuntza artistikoaren sari hirukoitza (2005) eta Emakunderen dirulaguntza ikerketa artistikorako (2007). Haren lanak bilduma garrantzitsuetan daude, besteak beste, Helga de Alvear Museoan (Cáceres), Bilboko Arte Ederren Museoan, Artium Museoan (Vitoria-Gasteiz) eta San Telmo Museoan (Donostia).

Erakusketa honen esparruan, Artium Museoak #Hitzak saileko liburuxka berri bat argitaratu du. Bertan, Sara Abisambra Borrero komisarioak Inés Medinarekin solasean: plastika ezagutzaren bilaketa gisa Inés Medinari egindako elkarrizketa sakonean artistaren ibilbidea errepasatzen du, Bilboko Arte Ederren Goi Eskolako ikasle gisa zituen lehen kezketatik hasi eta gaur egunera arte.

Gainera, eta ekainaren 1era arte A3 aretoan ikusgai egongo den erakusketa honen inaugurazioarekin batera, Artium Museoak aretora sartzeko sarrera berri bat estreinatuko du, museoko Lorategiko gunearekin lotuko duen ate bat, museoaren barruko plazan.


  • DataOtsailak 28
  • Gaia Ikusizko arteak