EITBk euskal ikus-entzunezkoen sektorearekin etengabeko lanaren aldeko apustuan tinko jarraituko du, euskal zinema babesteko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko; eta, nola ez, gelditu gabe, euskara, zuzendari berrien lanak, nazioartekotzea eta emakumeen parte-hartzea bermatzeko eta sustatzeko.
Atarian dugun Malagako Zinemaldian, EITBren partaidetza duten fikziozko hiru filmek hartuko dute parte Sail Ofizialean. Horien artean, Sara Fantova bilbotar zuzendariaren opera prima, Bilboko jaietan euskaraz filmatutakoa, Jone Batzuetan. Halaber, lehiaz kanpo Faisaien irla, Asier Urbietak idatzi eta zuzendutako lehen fikzioa eta Los aitas, Borja Cobeaga euskal zuzendari ezagunaren azken filma ikusiko ditugu.
Euskarazko fikzioaren aldeko apustuak fruituak ematen jarraitzen du, eta aurten EITBren parte-hartzea duten film oso garrantzitsu batzuk estreinatuko dira. Urtea Faisaien irla lehen fikzioaren mundu mailako estreinaldiarekin hasi da, Goteborg International Film Festival ospetsuan. Horri Asier Altunak (Karmele), Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak (Maspalomas), Igor Legarretak (Inurri Itsuak), David Pérez Sañudok (Sacamantecas) eta Paul Urkijok (Gaua) zuzendutako azken ekoizpenen estreinaldiak gehitu behar zaizkio.