"Euskal emakume zinemagileak" zikloaren bosgarren eta azken edizioak zuzendari gazteenen (hots, 80ko eta 90eko hamarkadetan jaiotakoak) hamabi film programatuko ditu apiriletik ekainera bitartean. Horrela, Euskadiko Filmategiak 2021ean abiarazi zuen proiektu bat itxiko da. Proiektu horren bitartez, euskal zinemaren egoera "modu erabakigarrian" eraldatzen lagundu duten 50 zuzendari baino gehiagoren lana aitortu nahi izan da bost urte hauetan. Hortaz, gutxienez film luze bat egin duen zuzendari orok aukeratu du bere filmografiako zein film proiektatu nahi zuen. Aurten, lehen aldiz, fikziozko lanen kopuruak ia dokumentalena berdindu du.
Gaur Tabakaleran egin duten prentsaurrekoan, bost zikloetako batean parte hartu duten 20 zuzendari baino gehiago izan dira (Mireia Gabilondo, Mirentxu Purroy, Ione Hernández, Yolanda Mazkiaran, Rosa Zufia, Helena Bengoetxea, Estela Iláraz, Jone Karres, Enara Goikoetxea, Iurre Telleria, Lara Izagirre, Ainhoa Gutiérrez del Pozo, Aitziber Zapirain, Maria Elorza, Maite Ruiz de Austri, Nerea Sciarra, Tamara Lucarin, Olatz Gonzalez de Abrisketa, Tamara García Iglesias, Aizpea Goenaga, Zuriñe Goikoetxea, Ainhoa Andraka); baita Ibone Bengoetxea (Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua), Joxean Fernández (Euskadiko Filmategiko zuzendaria), Beatriz Herráez (Artium Museoko zuzendaria), Edurne Ormazabal (Tabakalerako zuzendari nagusia), Silvia García Lusa (Arte Ederren Bilboko museoko Jardueren koordinatzailea), Nagore Ezeiza (Hemen elkarteko kidea) eta María Pilar Rodríguez (Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta Cineastas vascas liburuaren koordinatzailea) ere.
Euskadiko Filmategiaren zuzendari Joxean Fernándezek esan bezala, ziklo honek hiru helburu izan ditu: "Euskal emakume zinemagileen talentua Filmategiaren pantailetan erakustea, eurek aurkeztea beren lanak eta hitz egitea publikoarekin, eta, horrekin guztiarekin batera, ikerketa akademiko bat egitea haien historiari eta haien filmografiaren garapenari buruz (Cineastas vascas, María Pilar Rodríguezek koordinatua)".
Ibone Bengoetxeak, lehen lehendakariordeak eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak euskal emakume zinemagileek osatzen duten sarearen garrantzia azpimarratu du aurkezpenean, eta fokua jarri du emakumeek zinemagintzaren arloari ematen dioten begiradan: "Emakumeok gizartearen erdia gara eta gure begirada ezinbestekoa eta beharrezkoa da arlo guztietan, baina, batez ere, zinemagintzan. Zinemak egunerokotasuneko gaiei eta arazoei beste modu batera begiratzeko aukera ematen digute eta, emakume zinemagileen ahots eta ikuspegi hori balorean jarri behar dugu, benetan ekarpena egiten diolako gizarteari".
Bihar, apirilak 3 (osteguna), hasiko da zikloa Gasteizen; apirilaren 4an (ostirala) Donostian; eta apirilaren 5ean (larunbata) Bilbon. Fikzio hauetako bat proiektatuko da: 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urresola, 2023) Berlinalean saritu zuten, eta mutiko baten gorputzean harrapatutako neskato baten istorioa kontatzen du. Nina (Andrea Jaurrieta, 2024) Málagan saritu zuten, eta mendeku baten istorioa dakarkigu; Patricia López Arnaiz du protagonista. Urrezko Maskorra irabazi aurretik, Jaione Cambordaren lehenengo film luzea Arima (2019) izan zen. Galiziako herrixka batean gertatzen den istorio ilun bat kontatzen du. Bestalde, Un otoño sin Berlín (2015) filmean, Lara Izagirrek neska bat aurkezten digu: kanpoan luze egon ondoren, etxera itzultzen da, bikotekide ohiaren maitasuna berreskuratzeko asmoz. Azkenik, Paradise Hills (Alice Waddington, 2019) Sundancen hautatu zuten, eta, besteak beste, Milla Jovovich du protagonista. Istorio distopiko bat dakarkigu, non gizonak zerbitzatzeko hezten baitira emakumeak.