Hirugarren aldiz Lezon Antzerki Testu Laburren Lehiaketa ospatuko da. Lehen bi urtetako arrakasta ikusirik, aurten ere kulturaren alde egin du apustua Lezoko Udalak. Euskal dramaturgiari bultzada ematea da helburua, euskal dramaturgoei, eta bereziki euskal dramaturgo gazteei, parte-hartze espazioa eskaini eta herritarrak antzerkira gerturatzeko asmoarekin antolatu dute.
Euskal dramaturgo edo idazle gazteei zuzenduta dago, eta parte hartzeko epea maiatzaren 9an hasi da. Piezak irailaren 10eko 14:00ak arte bidali ahal izango dira, eta, aurkeztutakoen artean, epaimahaiak 6 testu finalista aukeratuko ditu. Kale jaialdia urriaren 4an izango da, Lezon. Bertan, 6 antzerki-testu finalistak irakurketa dramatizatuan aurkeztu eta ikuslegoak erabakiko du zein izango den 1.200 €-ko saria irabaziko duen testu garailea.
LEZO ESZENA ekimenaren baitan kokatzen da aurten ere lehiaketa. Hika Teatroa konpainiarekin batera, herrian kulturarekiko sentsibilizazio eta publiko berriak sortzeko programa da. Gazteak erdigunean jarri nahi ditu lehiaketak. Esaterako, antzezlanek 2 pertsonaia izan behar dituzte gehienez, eta horietako bat gaztea izan beharko da, gainera, 6 finalistetatik bi gutxienez 35 urtetik beherakoak izatea bermatuko du epaimahaiak.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.