Amaia Egidazu: «Ahozko tradizioa garrantzitsua da gure kultura eta identitate kolektiboa garatzeko, eta agian formaz aldatzen ari bada ere, ez dut uste desagertzen ari denik»

  • Amaia Egidazu: «Ahozko tradizioa garrantzitsua da gure kultura eta identitate kolektiboa garatzeko, eta agian formaz aldatzen ari bada ere, ez dut uste desagertzen ari denik»

Amaia Egidazu biologia, ipuin-kontalaria, idazlea eta irudigilea da, eta, gainera, irakurketa-taldeak eta sormen-tailerrak bideratzen ditu. 2021ean Etxepare Saria irabazi zuen Dorotea album ilustratuarekin, eta, iaz, bere lehen itzulpen profesionala egin zuen. Besteak beste, haur-literaturaz eta haurren pedagogiaz, istorioak eta ezagutzak partekatzeaz, pantailak hartzen ari diren lekuaz eta une honetan esku artean dituen proiektuez aritu gara berarekin.


Biologoa zara ikasketaz. Nola sortu zitzaizun literaturaren eta haurren pedagogiaren inguruko interesa? 

Ikasketaz biologoa banaiz ere, interes anitzak izan ditut betidanik: arte plastikoak, giza harremanak, sorkuntza... Ikasketak aukeratzean, interes konkretu bat hautatu beharra daukagu, baina arlo akademikotik kanpo beste guztiak garatzen jarrai dezakegu, eta hala izan da nire kasuan ere.

Haurren pedagogiarekiko interesa, zehazki, amatasunarekin batera piztu zitzaidan. Amatasuna barne-iraultza handia izan zen niretzat, umeen hazkuntza- eta garapen-prozesuetan sakontzeko bulkada sentitu nuen, eta horrela murgildu nintzen pedagogia aktiboen munduan. Hainbat urtetan eskola aktibo batean umeen bidelagun gisa lanean aritu naiz, eta pertsonalki oso aberasgarria izan da niretzat, umeak inguruan izatea norbere burua ezagutzeko modu ezin hobea baita, gauza asko desikasi eta berrikasteko bidea. Umeen bitartez, haur-literaturara ere hurbildu nintzen, eta gozamena aurkitu nuen bertan, nire irudimenari bidea zabaltzeko unibertso bat. Haur-literaturazale handia naiz, asko irakurtzen dut eta umeen irakurle -taldeetan bitartekari gisa ere dihardut.

Galtzagorri Elkarteak urtero antolatzen duen Haur eta Gazte Literaturako Irakurketa Mintegiko kidea naiz, eta hilabetean behin Donostian elkartzen gara euskaraz haurrentzat argitaratutako liburu guztiak irakurri eta horiek baloratzeko irizpideak lantzeko. Oso topaketa aberasgarriak dira, benetan gomendagarriak.


Urte hauetan guztietan, han eta hemen aritu izan zara haurrentzako ipuin-kontaketa saioak egiten. Zer da haurrei istorioak kontatzearen alderdirik erakargarriena? Eta, aldiz, zer da zailena?

Haurren freskotasuna maite dut, naturaltasuna, mundu-ikuskera, emozionatzeko gaitasuna. Umeen kontaketetan ezusteko eta erantzun/galdera burutsu asko egoten dira, filtrorik gabekoak, autentikoak, eta kontalariok, moduren batean, egoera guztiei erantzuteko eta inprobisatzeko prest egon behar dugu. Asko gustatzen zait bat-bateko hartu eman hori, entzuleekin ematen den elkarrizketa hori, kontakizun bakoitza berezia eta bakarra egiten duena.

Zailena egoera batzuetan gurasoen esku-hartze falta kudeatzea da. Posible da umeren bat momentu konkretu batean ipuinak entzuteko prest ez egotea (egun osoa eserita eta geldirik pasa duelako eta mugimendua behar duelako, ezinegonen bat daukalako, nekatuta dagoelako, kontaketa hori bere adinari ez dagokiolako...) eta gurasoak sarritan ez dira gai izaten egoera irakurri, beraien umeei mugak jarri, edota, beharrezkoa bada, bertatik ateratzeko. Beste batzuetan ez dira edukierak errespetatzen, akustika ez da ona izaten, pertsona helduek beraien artean hitz egiten dute... Ipuin-kontaketa baterako baldintza egokiak eman daitezen eta atmosfera egokia sortu dadin, elementu asko zaindu behar dira, eta kasu batzuetan, kontaketa antolatzen dutenek ez dute hau kontuan izaten.


2021ean Etxepare Saria jaso zenuen Dorotea album ilustratuagatik. Zeuk idatzi eta ilustratu zenuen. Zer eta nola kontatu nahi izan zenuen?

Dorotea landagunean bizi den amonatxo bat da, arazo potolo bat daukana: etxea euliz bete zaio, benetan gogaituta dago, eta euli guztiak akabatzeko irtenbide bila dabil. Orduan, pentsatzen du: "zeinek du gustuko euliak jatea?". Euliak desagertzeko armiarmaz betetzen du etxea, horrela arazo berri bat sortuz. Modu horretan, animalia-espezie desberdinak ekarriz, arazoa geroz eta gehiago korapilatzen doa, bukaerarekin ezusteko galanta hartzen dugularik.

Istorio honek badauka zerbait autobiografikotik: baserrian bizi naiz, sasoi batzuetan etxea euliz josita izaten dugu, eta siestarako ahalegin guztiak zapuzten dizkidate. Halakoetan, amorraturik, zera galdetu izan diot nire buruari: "zer egin euli guztiak desagertzeko?". Eta hortxe agertzen da nire biologo-sena, plagen kontrol biologikoan pentsatzen: "hor bazterrean dagoen armiarma-sarea ez dut sekula kenduko, ia guztiak bertan harrapaturik geratzen diren...". Eta bizipen hori abiapuntu harturik idatzi nuen Dorotearen istorioa.

Idazkerari dagokionez, asko gustatzen zait hizkuntzarekin jolastea, eta testua errepikakorra eta errimekin osatzea erabaki nuen.

Bestetik, album ilustratuetan bereziki garrantzitsua da irudiek kontatzen dutena, eta ariketa polita izan zen pentsatzea zer kontatuko zuen testuak, zer irudiak, eta zein izango zen bien arteko elkarrekintza. Esango nuke albumaren atal guztiek kontatzen dutela zerbait: azalak, kontrazalak, babes-orriek... irakurketa-geruza ugari eskaintzen ditu liburuak, eta irakurleak bigarren irakurketa batean gauza berriak deskubrituko dituela iruditzen zait.


Ez da haurrentzat egin duzun lan bakarra. Izan ere, 2022an, "Poltsikorako poemak" bildumatxoa sortu zenuen, Saroa Bikandirekin batera. Nolakoa izan zen sortze-lana?

Sarritan koadernotxo batean poematxoak eta istorio laburrak idazten ditut. Irati Eguren ilustratzaileak bideratutako tailer batean, poema horietako bat tolesturaz osatutako orri batean ilustratu nuen, eta beste poema batzuk ere formatu berean irudikatzeko gogoa piztu zitzaidan. Egun batean, Saroarekin topo egin, eta, kasualitatez, berak ere poema-asmo beretsua zeukala aipatu zidan; beraz, bion ideiak elkartuz, elkarrekin lan egitea erabaki genuen. Halaxe sortu genituen "Poltsikorako poemak", entzun, ikusi eta ukitu daitezkeen poemak. Horietako batzuk nik idatzitakoak dira, beste batzuk herrikoiak edo beste egile batzuengandik jasoak, eta beraietako bat, "Goizaldean" izenekoa, bereziki kuttuna da niretzat, txikia nintzenean aittitte Gregoriok sarritan abesten zigun bertsoa baita.

Saroa eta biok irakurketa-bitartekari lez aritzen gara lanean, eta poesia, errima, erritmoa umeengana modu jolasti batean gerturatzeko zerbait bilatzen genuen. Irudiak collage teknikaren bidez sortu genituen, eta asko gozatu genuen prozesuaz. Gerora etorri zaigun guztia partekatzea ere ederra izan da, "Poltsikorako poemekin" umeentzako poesia-tailerrak eta kontakizunak eskaintzen baititugu, eta saio bakoitzean primeran pasatzen dugu. Seguru nago hau ez dela elkarrekin egingo dugun kolaborazio bakarra.


Iaz, zure aurreneko itzulpen profesionala egin zenuen. Nieves Garciaren eta Marina Giberten Por la mar salada albuma euskarara ekarri zenuen, Itsaso gazian izenburupean. Ez zen itzulpen hutsa izan, ordea; jatorrizkoak ez zeukan doinu bat ere asmatu zenion istorioari. Nola iritsi zitzaizun aukera? Zelako esperientzia izan zen?

Aurretik aipatu bezala, Dorotea albumaren testua errimatua da, eta ni naturazalea izanik, animalia pila bat ageri dira bertan. Hori kontutan izanik, Pamiela argitaletxeak Por la mar salada euskarara itzuli nahi izan zuenean, nire profila egokia izan zitekeela iruditu zitzaien, metrika eta errima zaindu behar izateaz gain, itsasoko fauna baita protagonista. Printzipioz ez zen erronka makala, ezaugarri horietako testuak ez baitira beti hizkuntza guztietara itzultzen errazak izaten, errima eta esaldien osaera behartuegia gera daiteke eta. Testua bidali zidatenean, euskaraz kalitatezko zerbait egin genezakeela iruditu zitzaidan, nahiz eta izenburuak bere konplexutasuna izan, esaldi horrek gaztelaniaz badaukalako euskaraz ez daukan beste adiera bat. Dena den, euskarazko izenburuak itsasoaren eta olatuen soinua iradokitzen zuela iruditu zitzaidan, eta gustura geratu nintzen emaitzarekin. Esperientzia oso aberasgarria izan zen, errepikatzeko modukoa.

Doinuari dagokionez, adin desberdinetako haurren irakurle-taldeak bideratzen ditut, 0-3 urteko ume eta familienak barne, eta joera handia daukat txiki-txikientzat diren liburuei doinu bat asmatzeko, kantatuz kontatzeko. Adin horietan kantuak asko laguntzen digu umearekin konektatzen, arreta mantentzen, erritmoa eta musikalitatearen bidez binkulua sortzen, eta Itsaso gazianekin ere berdin egin nuen. Nahi duenak nik sortutako doinu-proposamena Pamielaren web-orrian aurki dezake, baina nik beti animatzen ditut gurasoak liburuak hartu eta jolastera, kontatzeko modu desberdinak probatzera, heldu-ume-liburu trinomio horretan, bakoitzak bere magia bilatzera. Haur bakoitzari pasarte, irudi edo hitz batek deituko dio arreta, eta etxe bakoitzean elkarrekintza desberdin bat emango da liburuaren bueltan, beraien erritual propioa. Idazle eta ilustratzaileek beraien lana egiten dute, baina liburu bat gure eskuetara heltzen denean, hartzaileok bizia ematen diogu, bakoitzak gure erara.


Txikienen artean irakurketa-ohiturak sustatzeko eta gurasoei ibilbide horretan baliabideak eskaintzeko ikastaroak ere egiten dituzu. Zer irakasten diezu? Irakurketa sustatzeko egiten den lan oro da ezinbestekoa, ezta?

Bai, hala da, adin desberdinetako umeekin irakurle-taldeak bideratzen ditut, eta benetan garrantzitsua da gurasoen presentzia, helburu nagusietako bat bertan egiten dugunak etxean jarraipen bat izatea baita. Saio horietan, gurasoek kalitatezko bibliografia ezagutzen dute, istorioak kontatzeko modu desberdinak ikusi, liburu gomendioak jaso, genero desberdinak ezagutu...

Gure umeekin irakurketa partekatzeak lotura afektiboa indartzen du, elkarri kalitatezko denbora eskaintzen diogu, arreta osoa, gertutasuna, segurtasuna. Liburuen inguruko esperientzia gozagarri horiek irakurzaletasunean modu positiboan eragin dezakete, funtsezkoa baita irakurketa plazerrarekin lotzea, gai hau edo bestea "lantzeko" helburua alde batera utziz. Sarritan, umeek beraien kabuz irakurtzen ikasten dutenean, irakurketa partekatzeko ohitura guztiz abandonatzen da: "zuk badakizu zure kabuz irakurtzen, irakurri ezazu zuk bakarrik", eta zama bihur daiteke, derrigor egin beharreko zerbait. Nik gurasoei elkarrekin irakurtzen jarraitzeko gomendatzen diet, irakurri dutena komentatzeko, irakurgai berriak elkarrekin bilatzeko, pentsamendu kritikoa garatzeko... Irakurketa partekatua edozein garapen etapatan aberasgarria da, zalantzarik barik.


Beste era bateko ikastaroak ere egiten dituzu, adin ezberdinetako jendearentzat, bakarrik zein beste batzuekin elkarlanean. Esaterako, maiz aritu izan zara Miren Amurizarekin batera. Zer-nolakoak dira formakuntza-saio horiek?

Bai, Mirenek eta biok tandem polita osatu dugu, eta sormen-tailer desberdinak bideratzen ditugu elkarrekin. Hartzaileak adin desberdinetakoak izaten dira: umeak, gazteak, helduak eta baita adin nagusikoak ere, sormenak, finean, ez baitu adinik.

Guztiok daukagu zerbait kontatzeko (oroitzapenak, bizipenak, norbaiti entzundakoak, irakurritakoak, irudikatutakoak...), kontatzeko moduak anitzak izan daitezke (idatziz, irudi bidez, ahots goran...), eta guk, horiek guztiak praktikan jartzeaz gain, sortzen duguna partekatzeko espazioak ahalbidetzen ditugu, oso aberasgarria baita besteengandik, eta besteekin, elikatu eta inspiratzea.

Taldearen adin-tartearen arabera, dinamikak moldatu egiten ditugu, baina guztiek dituzte osagai bertsuak: hitzekin eta irudiekin lotutako ariketak eta jolasak, teknika desberdinak esperimentatuz: idazketa librea zein gidatua, collage-a, marrazketa etab. Orri zuriari aurre egiteko proposamenak luzatzen ditugu, eta ondoren, bakoitzak bere bidea egiten du.

Hartzaile asko beraien sorkuntza-gaitasunekiko autoestimu baxuarekin etortzen dira, gu geu izaten baikara geure buruaren epailerik zorrotzenak: "ez dakit idazten", "ez dakit marrazten"... eta pozgarria izaten da tailerraren bukaeran partaideek, muga horietako asko gainditu dituztela ohartzen direnean, ustekabekoak egiteko gai direla deskubritzen dutenean.


Entzuteak —arretaz entzuteak— ez ote du pisua galdu pantailen aro honetan? Badago oraindik ere ahozkotasunari eta kulturaren transmisioari dagokionez baikor izateko motiborik?

Niri baikorra izatea gustatzen zait. Istorioak zein ezagutzak partekatu eta entzuteko beharrizanak bizirik iraungo du beti, giza espeziearen oinarrizko beharrizan bat baita, organikoa, komunikatzeko eta gure identitatea osatzeko ezinbestekoa. Ahozko tradizioa garrantzitsua da gure kultura eta identitate kolektiboa garatzeko, eta agian formaz aldatzen ari bada ere, ez dut uste desagertzen ari denik. Izugarria da gaur egun podcast edo bideo bidez egiten den ezagutzen eta iritzien transmisioa; horiexek dira kontatzeko bide modernoak.

Era berean, esan beharra daukat pantailak ezingo duela sekula ahotsak duen boterea gainditu, hitz esanak badaukalako karga emozional eta afektibo bat, pantailak ez daukana. Seguru nago ume eta gazteak gai direla ahoz kontatutako istorio baten xarma berezia sumatzeko, zuzeneko begirada edo isilune batek esaten diona sentitzeko, alderdi humano hori baloratzeko. Baina pantailaren eta ahozko transmisioaren artean oreka bat egon dadin, garrantzitsua da ahotsari lekua egitea, partekatzeko espazioak sortzea eta kultur ekintzak programatzea. Nik, behintzat, arretaz jarraituko dut Kulturklik-eko agenda, entzuten jarraitzeko gogo biziz nago eta.


Zertan zabiltza orain? Nondik nora jo nahiko zenuke etorkizunean?

Sormenari dagokionez, momentu honetan, pare bat proiektu berri ditut esku artean: batetik, beste kide batzuekin batera, Euskal Herriko Historia oinarri duen karta-jolas bat sortzen ari naiz; bestetik, album ilustratu bat idazten eta ilustratzen. Lan horiekin bukatzean, badauzkat haurrei bideratutako beste pare bat sorkuntza buruan, baina presarik gabe noa, egunerokoan ez baitaukat guztiari ekiteko nahi beste denbora.

Etorkizunari dagokionez, ez dut horretan pentsatzeko joerarik, epe laburrean funtzionatzen dut, orokorrean. Orain eta hemen, gustatzen zaizkidan saltsetan nabil, baina batek daki zer gauza gurutzatu daitezkeen bidean; ni abentura berriei irekita nago. Baina susmoa daukat, etorkizunean ere, hemen zein han, holan edo halan, entzuten, kontatzen, sortzen eta elkarbanatzen ibiliko naizela.


(2025eko maiatzaren 29an argitaratutako Berezia)