Talentuaren Guneak, Zineuskadik ikus-entzunezkoen ekoizpen eta errealizazioko profesionalen belaunaldi berriei laguntzeko bultzatutako ekimenak, hirugarren edizio honetan saritutako lanak iragarri ditu. Joan den ostiralean, Gasteizko Parke Teknologikoan, aurkeztu ziren aurten hautatutako 14 proiektuak. Balorazio prozesu sakon baten ostean, gaur eman dute saritutako lanen berri. Talentuaren Guneak euskal ikus-entzunezkoen sektorean sortzen ari diren talentu berrientzako bozgorailu izan nahi du, industrian lehen urratsak ematen ari diren ekoizle eta errealizadoreentzako topagune izateaz gain.
Topaketan sektoreko profesional ugari izan ziren, 20 euskal ekoiztetxe baino gehiagoren ordezkariak, baita aurtengo epaimahaia osatzen duten profesionalak ere: Nerea García Guillén (Lau Haizetara), Bastien Gauclere (Fipadoc), Pedro Andrade (Bartzelonako D'A Festival de Cinema), Manuel J. Lacasa (Abycine Lanza), José Luis Farias (Weird Market), Elodie Mellado (Filmin) eta Samuel Castro (Iberseries).
"Una Thermomix en el desierto" proiektua izan zen eguneko nabarmenetako bat. Marta Guillének eta Inés Calerok zuzenduta, FIPADOC Saria jaso zuen, izen bereko jaialdirako sarbidea eskaintzen duena, eta baita Lau Haizetara Saria ere, Donostia Zinemaldiaren esparruan Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartzeko sarbide zuzena ematen duena.