Ion Estala (NODE): «Artista gisa, gure ardura da irekita egotea, zubiak sortzea eta etxeko ateak modu positiboan irekitzea; guk horren alde egin dugu beti»

  • Ion Estala (NODE): «Artista gisa, gure ardura da irekita egotea, zubiak sortzea eta etxeko ateak modu positiboan irekitzea; guk horren alde egin dugu beti»

NODE dantza, performance eta ikus-entzunezko konpainia 2016an jaio zen Donostian, eta Ana Barrantesek eta Ion Estalak osatzen dute. Tria ikuskizunarekin hasitako ibilbidean beste pauso bat emango dute laster, Basandere lan berriaren estreinaldiarekin. Orain arte egindako bideaz, pieza berriaz eta konpainiak kudeatzen dituen LABO programaz eta LABO XL jaialdiaz aritu gara Ionekin.


Zer da NODE? Nola sortu zen?

NODE dantza, performance eta ikus-entzunezko konpainia da. Dantza, gure lan-tresna delako; performancea, diziplina anitzeko puntu neuralgiko bat garela uste dugulako; eta ikus-entzunezkoak, bisualak eta koadroa guretzat oso inportanteak direlako.

2016an jaio zen konpainia; gurea izan zitekeenaren bilaketa horretan ginen, gure bidea egiteko kanala izan zitekeenaren bila, alegia. Argi geneukan zer kontatu nahi genuen eta nola; beraz, konbikzio horretatik jaio zen NODE proiektua. Konpainia Ana Barrantesek (ekoizpena eta banaketa) eta nik, Ion Estalak (sortzailea, antzezlea eta zuzendaria), osatzen dugu.

Tria (argazkia: Jesús Lacorte)


2018an estreinatu zenuten zuen lehen ikuskizuna, Tria, aldaketen aurrean hartu ohi ditugun jarreren inguruan hausnartzea helburu zuena. Irudiaren eta argazkiaren aldetik ere oso lan zaindua. Proposamen berritzaileak baliatuz ezarritako mugak hausteko gogoa argi utzi nahi zenuten lehen unetik?

Bai. Guretzat garrantzitsua izan zen Triak zuek esandako hori guztia islatzea, kontatzea eta erakustea. Intentzio eta helburu zehatz bat zegoen: "hemen gaude eta zerbait desberdina egiteko asmoa dugu". Taldearen aukeraketak -interpreteak (Paula Parra, Jaiotz Osa), koreografoa (Jaiotz Osa) eta laguntzaileak (Patio Espacio de Comunicación, Álvaro Ledesma, Xabier Mujika)- eta obraren sorkuntzak berak, zuzendaritza argia eta oso markatua zuen; dena oso neurtua egon zen.

Tria izan zen espazio berri bat ireki zigun hazia, non gauzak beste era batera egiten saiatzen garen, sortzeko modu berrien bidez, diziplina desberdinen topagunea izanik, dantzatik kanpoko eragileak gonbidatuz, ikerketa-prozesu berria sortuz, etab. Ez dugu Coca-Cola asmatu, baina NODEk bere zigilu pertsonala edukitzea lortu dugu, baita gauzak beste era batera egin daitezkeela erakustea ere.

Pugna (argazkia: Mikel Blasco)


Gero iritsi ziren Pugna (2019), maitasunaren aurpegi ezberdinen inguruan hitz egiten zuen ikuskizuna; Emakumeak (2020), emakume erresiliente guztiei egindako omenaldia; eta Natura 2021, konfort-zonatik irteteaz gogoeta egiten zuen pieza. Nola jaio ohi dira gero ikuskizun bihurtzen dituzuen ideiak? Eta zelakoa da sortze-prozesua normalean?

Hiru ikuskizun horiek hiru sortze-prozesu oso desberdin izan dituzte.

Pugna antzerkirako pieza luzea da, nire bizitzako pasarte batean oinarritzen dena. Amaiera ona du, baina oso istorio bortitza da, eta zama handiko prozesua izan zen. Oso interesgarria eta aberatsa, baina zaila. Talde guztia jo eta su egon zen. Nire burutik atera zen guztia eskuzabaltasunez eraman zuten euren bizitzara eta unibertsora, eta elkarrekin egindako oso lan indartsua atera zen. Proposamen oso garaikidea, zuzeneko musika (Serrulla), testua (Iván Aizpurua) eta dantza (Rubén Albelda) batzen zituena. Iluna baina mezu positibo markatu bat ematen zuena.

Emakumeak Mundubat GKEak sortutako izen berdineko proiektu baten parte da, eta El Salvadorren "abortu delitua" egotzita espetxeratu dituzten emakumeak gogoratzeko sortu zen. Herrialdeak bere Zigor Kodea erreformatu zuen abortua legez kanpo uzteko, eta, haurdunaldia borondatez eteten den kasuetan, emakumeei 30 eta 40 urte arteko kartzela-zigorra ezartzen zaie giza hilketa larriagotzeagatik. Dantza-piezarekin oso helburu argia genuen sortzeko orduan: emakume erresiliente horiei guztiei omenaldia egitea. Eta horrela egin zen; 18 minutuko dantza-pieza (Myriam Perez Cazabon, Jone Amezaga del Frago) hunkigarria, hipnotikoa eta boteretsua sortu zen.

Natura 2021 mugimenduaren jatorriari buruzko ikerketa-lan baten emaitzatik sortu zen piezaren berrikuspena da. Ikerketa-lana 2018an egin zen, proba- eta errore-laborategi batean, non antzezleak (Paula Parra) ez zekien zer gertatuko zen lehen lan-eguna iritsi zen arte. Ikerketaren ardatza estudioan erreakzio desberdinak eragitea izan zen, bideo, audio eta elkarrizketen bidez, horien edukia jakin gabe. Proiektua sorkuntza-prozesu paregabe bat bihurtu zen, eta azterlan horren emaitzaren lehen bertsio bat 2018an aurkeztu zen (baita ikerketa-prozesuaren dokumental bat ere). 3 urtez eboluzionatuz joan zen, bere azken bertsioa, 2021ekoa, Madrilgo Teatros del Canal-en aurkeztu zen arte.

Hiru sormen-prozesu oso desberdin baina, azken finean, Emakumeak piezaren kasuan izan ezik, istorio guztien iturria nire buruan dago. Nire kezkak, bizipenak edo erantzukizunak izan daitezke, baina taldearekin partekatzen ditudan unetik, guztionak dira, eta jarraitu beharreko bidea sortzen dute. Gero, sortze-prozesu bakoitza mundu bat da, baina ausartuko nintzateke esatera denboraldi hauek partekatzen dituztela: banakako lana, finantzaketa bilatzea, taldea osatzea, mahai-lana, ikerketa, sorkuntza, garbiketa, ekoizpena eta estreinaldia.

Emakumeak (argazkia: Jesús Lacorte)


2022an, Arachnorekin, zeure jatorrira jauzi egin zenuen, bidaia sideral baten bidez. Esperientziarik pertsonalenak dira, beharbada, unibertsalenak?

Ba bai. Horixe izan zen ikerketa-prozesuan atera nuen ondorioetako bat. Nire ideiak taldean aurkeztean konturatu nintzen, bizitza desberdinak izan arren, uste baino gauza gehiago partekatzen ditugula. Denok bizi ditugu aurrean ditugunekin enpatizatzen laguntzen diguten esperientziak. Pugnan kontziente izan banintzen, Arachnoren prozesuan are nabarmenagoa izan zen. Batzuetan pentsatzen dugu gure arazoak gureak baino ez direla eta inork ez gaituela ulertuko, eta oso oker gaude. Arachnon nitaz eta nire esperientziez hitz egiten zuen libreto bat eskaini nuen sorkuntza-prozesuaren lehen egunean, eta amaitzean kromo-bilduma partekatu bat bihurtu zen, non taldekide bakoitzak bere kromoak eraman eta itsatsi zituen.

Arachno sortzeko prozesua oso konplexua izan zen. Taula gainean 4 interprete ginen (Oihana Vesga, Borja Bordonabe, Iosu Yeregui, Ion Estala), bi dantzari, operako abeslari bat eta ni, zuzendaria. Obra 4 eszenatan banatuta zegoen, eta zati bakoitza kanpoko sortzaile batekin landu zen, 4 guztira: Alberto Cortes, Emilio Manzano, Ainize Txopitea, Oihana Varela. Sarrerako bideo bat zegoen, beste interprete bat (Sara Ruiz Ferrer) protagonista zela... Gero, puzzle-zati guztiak bere lekuan kokatu behar ziren, eta obrari nortasun globala eman... Oso prozesu desberdina eta berritzailea izan zen.

Arachno (argazkia: Angie Luna)


Dantzaren sektorean ere sareak ezinbestekoak dira?

Bai, erabat. Dantzan, kulturan eta edozein sektoretan sareak sortzea eta bermatzea ezinbestekoa da. Gure artean laguntza eta babesa eskaini eta jaso behar dugu, aukera berriak sortu, taldeak sentsibilizatu, indartu... eta hori guztia sareek sortzen dituzten onurei esker bakarrik da posible. Artista gisa, gure ardura da irekita egotea, zubiak sortzea eta etxeko ateak modu positiboan irekitzea. Guk horren alde egin dugu beti.

Batu (argazkia: Jesús Lacorte)


Iaz, Batu kale-ikuskizunarekin batera, Damutzen naiz estreinatu zenuten, eta normalean espazio intimo eta pribatura mugatuta egon ohi den ariketa bat jendaurrera eraman zenuten, umore-ukitu batekin. Zergatik?

Damutzen naiz Arachnoren esperientziaren ondoren etorri zen. Ez zen oso bidaia erraza izan, eta nolabait konfesatzeko beharra iritsi zen. Hortik sortu zen, barrua kanpora ateratzeko beharretik. Eta lan hori hasi ondoren, martxan jarri ginen. Eta umorea agertu zen. Baina ez hori bakarrik. Agian, gauzak arindu behar genituen, aurreko piezen zama eta iluntasun hori alde batera utzi eta argia, purpurina eta festa besarkatu. Damutzen naizek gauza serioez hitz egiten duen arren, piezaren arima eta esentzia energia oneko txute bat da.

Oraingoan ere dantza, testua, abestia eta zuzeneko musika ditugu taula gainean, bi interpreterekin (Iosu Yeregui, Ion Estala) eta musikari batekin (Rev Silver). Erlijioari eta gure hezkuntzan izan duen pisuari buruz hausnartzen dugu, eta nola guk, berrogeitaka urteko bi interprete gayk, aurrera egin dugun gure bizitzan motxila horrekin. Giro sakratutik abiatzen gara, eta, aurrera egin ahala, pieza zabaldu egiten da, zama hori galtzen du, eta festa handi bihurtzen da, vaudeville bat. Askatasunean bukatzen dugu, damuak publikoki partekatuz, eta publikoak oso azkar konektatzen du gurekin. Denok ditugu gure barrruan atera nahi ditugun damuak.

Damutzen naiz (argazkia: Asier Valle)


Une honetan, Basandere pieza berria sortzen ari zarete, uztailean Portugalen estreinatuko dena. Zer kontatu nahi izan duzue oraingoan?

Hori da, datorren uztailaren 5ean Basandere estreinatuko dugu Covilhako Portas do Sol jaialdian, kalerako 20 minutu inguruko dantza garaikideko pieza. Duo bat izango da (Marina Eskisabel, Borja Bordonabe), oso dantzatua eta indartsua. Potentzia handiko koadro bat. Dramaturgiaren aldetik, Basandereri buruz dugun pertzepzioa pixka bat eguneratu nahi dugu. Emaztearen irudi hori alde batera utzita, historia propioa, bere lekua eman nahi diogu. Basajaunaren emakumea ere oihanen eta basoen zaindaria eta jabea izan daiteke. Azkenean, irudikatzen dena botere-borroka bat da, eszena desberdinen bidez, eta nola biek ondorioztatzen duten indartsuagoak direla eskutik helduta batera doazenean eta, batez ere, elkarri lekua uzten diotenean.

Basandere Mundubat GKEaren "Justizia Klimatikoa" proiektuaren parte da, eta datorren ekainaren 26an LABO GO programaren barruan aurkeztuko da proiektu globalarekin batera.


NODEk, sorkuntza-lanez gain, kudeaketa-lanak ere egiten ditu. Izan ere, LABO programaren baitan, LABO GO eta LABO GEO zikloak eta LABO XL jaialdia kudeatzen ditu. Zer helburu dute ekimen horiek, zehazki?

Helburu nagusia dantza eta arte eszenikoak ikusaraztea da, espazio bat bermatzea, gizarterako bide zuzen bat eraikitzea, hurbiltasuna garatzea eta publiko berriak sortzea. Era berean, oso garrantzitsua da sektorean artisten, kudeatzaileen eta administrazioaren artean lotura berriak sortzea eta daudenak sendotzea. Eta, noski, ekonomia sortzea.

LABO GO sorkuntza-prozesuen erakusleihoa da. Dantza- eta performance-lanetara bideratuta dago. Konpainiek beren obren atzeko ateak irekitzen dituzte, eta publikoarekin partekatzen dute hainbeste lan eta ahaleginen atzean dagoena. Jardunaldia amaitzeko, solasaldi irekia egiten da artista eta publikoaren artean.

LABO GEO - Gorputza eta Ondarea egitamoaren helburua, berriz, dantza eta praktika garaikideak Gipuzkoako landa-eremuko udalerri txikietara eramatea da. Alde batetik, bitartekaritza-jardunaldiak sortzen dira eta, bestetik, dantza garaikidez beteriko goizak antolatzen dira herriko ondare-txokoetan.

Eta, azkenik, LABO XL espazio eta hizkuntza eszeniko berrien jaialdia da, arte bizien 4 eguneko ospakizuna. Dantza, antzerki eta zirkuz beteriko programa honek Tabakalera eta Gazteszenako espazioak betetzen ditu. Alde batetik, arte eszenikoen sektoreari zuzendutako jardunaldi profesionalak ditugu eta, bestetik, proposamen abangoardistaz betetako arratsaldeak. Artistentzako, kultur eragileentzako, erakundeentzako eta publikoarentzako topagunea da.

Damutzen naiz (argazkia: Asier Valle)


Eta horrez guztiaz gain, LABO deialdiez ere arduratzen zarete. Aurten, hiru ireki dituzue, batera: deialdi orokorra, AIDEKO egonaldia eta EKI programa. Zer bilatzen dute? Zer erantzun izan dute? Jarraipenik izango dute?

Deialdi orokorrak jaialdiaren egitarauan parte hartzeko balio du, hau da, ikuskizun bat aurkezteko eta, gainera, negozio-mahaietan parte hartzeko.

Aldiz, AIDEKO egonaldiaren helburua da Euskadin sorkuntza sustatzea, beste lurralde batzuekin harremanetan jartzea eta aukera berriei bide ematea. Nola? Lugon (Galizia) lan-egonaldi bat eskainiz, Atopémonos Bailando programa ezagutzeko ateak irekiz, sinergiak sortuz eta dirulaguntza zuzena jasoz.

Amaitzeko, EKI programak pieza labur bat sortzeko espazioa, babesa eta ikusgarritasuna eskaintzen dio Gipuzkoako talentu berriari. Zein baliabiderekin? Tabakaleran lan-egonaldia eskainiz, pieza jaialdiaren inaugurazio-ekitaldian estreinatzeko aukera emanez, jaialdiaren irudi ofiziala eta karteleko protagonistak izanik eta zuzeneko dirulaguntza jasoz.

Urteak joan eta urteak etorri, eta edizioz edizio, LABO familiako parte izateko interesa handitu baino ez da egin. Sektorean dagoen beharraren isla da hori, eta, beraz, LABOra sartzeko zubi-mota hori mantentzearen garrantzia indartzen du.


Etorkizunera begira, norantz jo nahiko luke NODEk?

Konpainiaren aldetik oraindik istorio asko ditugu kontatzeko, artista askorekin lan egiteko gogoa eta esperientzia berriak bizitzeko gogoa. Beraz, dena ematera goaz, eta urte askotarako martxa daukagu.

LABOren aldetik, proiektua hazten eta sendotzen ari dela ikusten dugu. Proiektuaren hiru hanka nagusiek (LABO GO, GEO eta XL) beren publikoa eta espazio propioak dituzte. Aurrera doan dinamika batean sartu gara, ikasten eta garatzen, harro eta zoriontsu. Kontziente gara zer eragin duen sektorean eta ingurunean, eta gure erantzukizuna da hori bermatzea. LABO hobetzeko, indartzeko eta zabaltzeko lanean jarraituko dugu.


(2025eko ekainaren 5ean argitaratutako Berezia)