Minaberri bekaren helburua da mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzea, eta jakin berri da nork irabazi duen bigarren edizioa: Leire-Errandonea Garcia-Larratxek (Bera, 1997). Hamar gazte aurkeztu dira deialdira, eta epaimahaiak erabaki du Leire Errandonea Garcia-Larretxeri esleitzea beka, Marie-Aude Murail idazle frantsesaren Sauveur et fils liburua osorik itzultzeko. Xabier Olarra itzultzaile eta editorea izanen du mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko.
EIZIEk antolatzen du beka-deialdia, Iruñeko Udalarekin, CEDROrekin eta Txalaparta argitaletxearekin lankidetzan, eta 30 urtetik beherako itzultzaile hasiberriei zuzendua da. Epaimahaiaren iritziz, frantsesezko testuak zituen koskak egoki gainditu ditu itzultzaileak, ordain egokiak emanez euskaraz, eta behar adinako fideltasunez. Fernando Rey Escalerak, Amaia Orbe Barriok eta Xabier Olarra Lizasok osatu dute epaimahaia, eta adierazi dute itzultzaile nafarrak testu ulergarria eta sinesgarria sortu duela gurasoen eta seme-alaben arteko ika-mikak islatzean. Diotenez, testuak oso ongi funtzionatzen du euskaraz, lexiko eta sintaxi zuzen bezain bizia baitu.