Esti Albizu (Bizenta Mogel biblioteka): «Gizarte digital, azkar eta askotan baztertzailean, bibliotekek hausnarketarako, elkarrizketarako eta ikaskuntzarako espazio seguruak eskaintzen dituzte»

  • Esti Albizu (Bizenta Mogel biblioteka): «Gizarte digital, azkar eta askotan baztertzailean, bibliotekek hausnarketarako, elkarrizketarako eta ikaskuntzarako espazio seguruak eskaintzen dituzte»
    Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika Madinabeitia

Durangoko Bizenta Mogel bibliotekak 2024ko María Moliner sari berezietako bat jaso du. Aintzatespen horren bueltan, Esti Albizu Goikoetxearekin, Bizenta Mogel bibliotekaren arduradunarekin, hitz egin nahi izan dugu, saritutako proiektuaren nondik norakoez, orain arte egindako ibilbideaz, liburutegiek egun duten lekuaz eta haien etorkizuneko erronkez.


Durangoko Bizenta Mogel bibliotekak 2024ko María Moliner sari berezietako bat jaso du, "Bizenta Mogel Bidaiak Biblioteka: jakintza eta esperientzien mundu oso baterako sarrera" proiektuaren izaera berritzaileagatik. Zer da, zehazki, egitasmo hori? Zertan da berritzailea?

Egitasmo honek Bizenta Mogel biblioteka esperientzien, ezagutzaren eta komunitatearen topaleku bihurtzen du, liburuak mailegatzeaz harago doan ikuspegiarekin. Biblioteka bidaia-agentzia bat bezala aurkezten zaie herritarrei. Helburua, honako hau: jakintza-arlo ezberdinetarako ateak irekitzea, bizipenak, jakintzak eta ikuspegiak partekatzeko aukerak eskainiz.

(Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika Madinabeitia)


Eta horretarako, zer-nolako jarduerak antolatzen dituzue?

Durangoko Bizenta Mogel bibliotekan jarduera ugari eskaintzen ditugu, irakurzaletasuna, jakintza partekatua, sormena eta elkarrizketa sustatzeko helburuarekin. Helduentzako, esaterako, hainbat irakurketa-klub antolatzen ditugu, ikuspegi, genero eta helburu desberdinak lantzen dituztenak. Irakurtzea ez ezik, partekatzea, gogoetatzea eta ikasteko espazioak sortzea ere bada haien xedea.

Irakurketa-klubez gain, sormen-idazketa tailerrak, literatur tailerrak, irrati-nobela sortzeko tailerrak eta zientzia- eta gizarte-gaiei buruzko hitzaldi-solasaldiak ere eskaintzen dira. Aipatzeko modukoa da baita ere "El club del LP" entzuleen kluba, musikazaleentzat pentsatutako espazio berezia, non rock eta soul musikaren bilakaeran garrantzitsuak izan diren diskoak entzun eta aztertzen diren.

Familientzako, haurrentzako eta gazteentzako ere eskaintza zabala daukagu: filosofia-tailerrak, ezagutza- eta esperimentazio-tailerrak, mahai-jokoen tailerrak, eta irakurketa-klubak, besteak beste.

Ekintzen programazioarekin, gainera, generazioen arteko harremanak sustatu nahi ditugu, belaunaldi ezberdinek elkar ezagutu, ikasi eta esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten. Horren adibide dira “Entre tramas y urdimbres” irakurketa eta ehundura uztartzen dituen jarduera eta “LAB egunak” ideiak prototipatzeko espazio irekia.

Udaleko beste sail batzuekin elkarlanean ere hainbat jarduera antolatzen ditugu: giza biblioteka, Immigrazio Sailarekin; irakurketa errazeko klubak Adineko eta Gizarte Ekintzako Sailekin; mahai-jokoen tailerra, Kirol eta Gazteria Sailarekin; booktrailer-lehiaketa, Kultura eta Immigrazio sailarekin...

Ikastetxeekin elkarlanean ere hainbat egitasmo ditugu martxan, irakurketarekiko interesa txikitatik lantzeko: HHko haurrekin “Kax-kax: liburu bat” egitasmoa eta batxilergoko literatura ikasleekin “Literaturan zehar bidaia zoragarria”.


Sariak Bizenta Mogel bibliotekak euskararen sustapenean eta normalizazioan egindako lan eredugarria ere aitortzen du. Zer leku dauka euskarak liburutegian?

Euskara bibliotekaren ardatz estrategikoetako bat da. Euskarazko liburu-eskaintza zabala dugu, eta euskarazko jarduerak programatzen ditugu, bai haurrentzat bai helduentzat. Euskararen erabilera eta normalizazioa gure eguneroko funtzionamenduan barneratuta daude, eta bertoko hizkuntza eta kultura sustatzeko konpromisoa irmoa da.

(Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika Madinabeitia)


Durangoko udal bibliotekak emakume izena darama, eta ez alferrik. Zer lan egiten duzue urte osoan zehar emakumeen ahotsa eta ikuspegia zabaltzeko eta berdintasunean aurrera egiteko?

Euskara bezala, genero-ikuspegia ere ardatz estrategiko bat da guretzat; bai bildumaren aukeraketan eta bai antolatzen diren ekintzen programazioan. Horrek esan nahi du euskarazko edukiak sustatzeaz gain, emakumeen eta genero-aniztasunaren ikuspegia indartzen dela, herritar guztien parte-hartzea eta inklusioa bermatzeko.


Zer zeregin betetzen du liburutegiak udalerriko kultur bizitzan?

Bizenta Mogel bibliotekak Durangoko kultur sarearen gune dinamiko eta estrategiko izan nahi du, eta horretara heltzeko lanean ari da; ezagutza, sorkuntza eta parte-hartzea uztartzen dituen espazioa da, eta herritarrentzat ate irekiko baliabide kulturala. Guretzat, biblioteka ez da soilik dokumentuak kontsultatzeko edo ikasteko lekua, baizik eta komunitate bizi baten arnasgunea.

Durangoko Bizenta Mogel udal bibliotekak bere proiektuarekin biblioteka komunitarioa izan nahi du; bizirik dagoen espazioa da, eta ikaskuntza, ideia-trukea eta elkarlana bultzatu nahi ditu. Bertako jarduerak eta erabakiak komunitatearen beharretara egokitzen ahalegintzen da, eta horren bidez parte-hartzea eta lotura emozionala sustatu nahi ditu.

Biblioteka komunitarioak komunitatearentzat jakintza ugari eskaintzen ditu eta herritarren parte-hartzea eta lankidetza sustatzen ditu. Haren helburua ez da soilik mailegu-zerbitzua eta ikasteko gelak eskaintzea, baizik eta kulturgunea eta gizarte-elkargunea izatea; interes komuneko pertsonak elkartzeko guneak dira. Irakurketa-taldeak eta lanerako guneak bezalako ekimenek lankidetza sustatzen dute, eta hala norbanako proiektuak kolektibo bihurtzen dira.

Biblioteka komunitarioak ezinbesteko tresnak dira norbanako proiektuak sustatzeko eta komunitateari ekarpen kolektiboa egiteko; etorkizun inklusibo eta jasangarriago baten oinarriak dira.

(Argazkiaren egilea: Itziar Bastarrika Madinabeitia)


Beraz, oraindik badute lekua bibliotekek XXI. mende teknologizatu honetan...

XXI. mendean, bibliotekek leku garrantzitsua dute komunitatearentzat; ezagutza eta informaziorako sarbidea demokratizatzen dute, eta, haien bilduma zabalen bidez, ezagutzarako ate sendoa eskaintzen diete adin eta jatorri guztietako pertsonei. Gainera, bibliotekek bizikidetza eta harreman sozialak sustatzen dituzte, gizarteko sektore ezberdinen arteko topagune bilakatuz.

Teknologia berrien aurrean, bibliotekek aukera-berdintasuna bultzatzen dute baliabide digitalen bidez, eta, aldi berean, tokiko kultura, memoria eta identitatea zaintzen eta transmititzen laguntzen dute. Gizarte digital, azkar eta askotan baztertzailean, bibliotekek hausnarketarako, elkarrizketarako eta ikaskuntzarako espazio seguruak eskaintzen dituzte, komunitatea sendotuz eta partaidetza sustatuz.


Berriki, Panizan (Zaragoza) izan zarete, 2024ko María Moliner sarien banaketa-ekitaldian, Estatu osoko 650 proiektu ingururen artetik hamarrek bakarrik lortu duzuen sari berezia jasotzen. Zelan hartu duzue aitorpen hori? Sariez harago, nola baloratzen duzue orain arte egindako bidea? Zerekin geratzen zarete?

María Moliner sariak gure lanaren kanpoko aitorpena dira, baina komunitatearen erantzun positiboarekin geratzen gara, batez ere. Orain arte egindako bidea oso positiboki baloratzen dugu; izan ere, hasieratik gaur egunera arte komunitatearen zerbitzura egon gara, kulturaren, hezkuntzaren eta gizarte inklusiboaren alde lanean.

Bide horretan, hainbat erronka gainditu eta esperientzia aberasgarriak pilatu ditugu, beti herritarren beharrei eta gustuei erantzuten saiatuz. Lantaldearen dedikazioa, kolaboratzaileen lan zoragarria eta komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoak izan dira.

Guretzat gordetzen duguna batez ere herritarren konfiantza eta harreman estua da; haien laguntzarekin eta haien babesean, biblioteka ez da soilik liburuen bilduma bat, baizik eta komunitate bizi eta anitz bat sortzeko gunea. Hortik abiatuta, etorkizunerako erronka berriei aurre egiteko prest gaude, betiere herritarren onurarako eta partaidetzarako espazio bilakatuz.

(Argazkiaren iturria: Durangoko Udala)


Eta zein dira, bada, liburutegien etorkizuneko erronkak? Eta Bizenta Mogel bibliotekaren kasuan?

Biblioteken etorkizuneko erronka nagusiak dira zerbitzu digitalak eta presentzialak uztartzea, erabiltzaileen behar aldakorretara egokitzea, teknologia berriak txertatzea eta edukiak zein zerbitzuak dibertsifikatzea. Gainera, eduki digitalen eskaintza handitzea eta komunitatearen parte-hartzea sustatzea ere funtsezkoak izango dira.

Bizenta Mogel bibliotekan kasuan, gainera, erronka nagusietako bat gazteak erakartzea da, jarduera interesgarriak eskainiz.


(2025eko ekainaren 18an argitaratutako Berezia)