Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak urtero antolatzen duten itzulpen sarira proposamenak bidaltzeko epea irekita dago. Deialdi honen bidez jatorriz euskaraz idatzi eta 2024an argitaratutako literatura obra baten itzulpen lana sarituko da. Horrela, euskarazko literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea euskararen eremutik kanpo sustatu nahi dituzte bi erakundeek, elkarlanean. Uztailaren 4tik abuztuaren 27ra bitarte egongo da deialdia irekita (oinarriak).
Itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartuko dira erabakia hartzerakoan. Saria 4.000 eurokoa izango da; zenbateko hori argitaletxeak eta itzultzaileak jasoko dute, erdibana. Sariaz gain, 2.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango dute saridunek sari banaketara bertaratu ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, ekitaldiak, publizitate kanpainak, medioetako elkarrizketak...).
Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2024. urtean zehar argitaratutakoa izatea, aurtengo edizioaren kasuan.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.