"Kazetaritza, bertatik bertara" kultur programaren 11. edizioa abuztuaren 25etik 29ra egingo da. Beste urte batez, kazetariek eta nazioarteko adituek gaurkotasun handiko gaiak azalduko dituzte, herritarrei irekitako eztabaidarako eta hausnarketarako guneak sortzeko. Zehazki, Israel-Palestinako gatazka, Indiako gaurkotasuna, Europar Batasuneko nortasun-krisia, Donald Trumpen itzulera Estatu Batuetan eta Latinoamerikako egoera geopolitikoa izango dituzte hizpide, besteak beste.
«"Kazetaritza, bertatik bertara" programa Vitoria-Gasteizko udako klasikoetako bat da, baina oso klasiko beharrezkoa ere bada, nazioarteko gaurkotasunari leihoa irekitzen diolako gertutik bizi dutenen eskutik. Hitzaldi, mahai-inguru, erakusketa eta film horiei esker, leiho horretara hurbiltzen gara, eta munduko gaurkotasuna sakon ezagutu dezakegu, gogoeta egin eta pentsamendu kritikoa suspertu ahal izateko», adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultura zinegotziak.
Programak 17 jarduera izango ditu eta, horien artean, hitzaldiak eta mahai-inguruak nabarmendu behar dira. Berriemaile bereziak, korrespontsalak eta gatazka eremuetan lan egiten duten fotokazetariak eta bi errealitateak (bertakoa eta kanpokoa) ezagutzen dituzten atzerriko eta Estatuko komunikabideetako berriemaileak bilduko dira horietan. Jarduerak 12:00etan eta 19:00etan izango dira Europa Biltzar Jauregian eta sarrera librea izango da, tokia bete arte.