Zuriñe Hidalgo (Kala Naiz): «Kalak musika ekarriko du, mugimendua, transformazioa, gozamena... musika koloretsua eta askea, eta muga guztiak zeharkatu eta apurtu nahi ditu, ez soilik musikalak»

  • Zuriñe Hidalgo (Kala Naiz): «Kalak musika ekarriko du, mugimendua, transformazioa, gozamena... musika koloretsua eta askea, eta muga guztiak zeharkatu eta apurtu nahi ditu, ez soilik musikalak»

Lau urtez musika-industriatik aldenduta egon ostean, Kala Naiz proiektuarekin itzuli da Zuriñe Hidalgo, eta Seiurte taldearen "Barkatu" abestiaren bertsio bizi eta dantzagarri batekin eman dio hasiera etapa berriari. Proiektu berriaren nondik norakoak ezagutu nahi izan ditugu.


Kala Naiz du izena zure bakarkako proiektu berriak. Zer da, zehazki? Eta zer helbururekin jaio da? Zer irudikatzen du Kalak?

KALA, lore baten izena eta hondartza txikiek hartzen duten izena izateaz gain, Hawaiiko HUNA jakituria antzestraletik datorren hitza eta horren 2. printzipioa da.

KALAk dio ez dagoela limiterik, guztia posible dela, existitzen den muga bakarra guk gure buruari jartzen dioguna dela; beraz, horrekin apurtu dezakegu.

KALAk musika ekarriko du, mugimendua, transformazioa, gozamena... musika koloretsua eta askea, eta bere esanahiak dioen bezala, muga guztiak zeharkatu eta apurtu nahi ditu, ez soilik musikalak. Azken finean, KALAk askatasuna irudikatzen badu, hori esparru guztietara ekartzea izango da helburua.


Lau urteko etenaldiaren ostean itzuli zara. Zertarako balio izan dizu tarte horrek?

Urte asko eman ditut gelditu barik: 13 urte nituen telebista eta musikaren munduan hasi nintzenean, eta, ordutik, proiektu musikal ezberdinak, diskoak, kontzertu-birak... bata bestearen atzean heldu dira.

Zurrunbilo horretan sartuta zaudenean, "Show Must Go On"-ak agintzen du; gelditzen zarenean, ordea, espero ez dituzun gauza asko gertatzen dira, eta denbora bat behar izaten da hori dena ulertu eta integratzeko.

Gorputza entzun eta zaindu, gauzak perspektibarekin ikusi, zure egoarekin elkarrizketak izan, kanpoko ahotsak (zarata) itzali, benetan nahi duzuna zer den jakin, bilatu... esan bezala, horrek guztiak bere denbora behar izaten du, eta prozesua ez da lineala izaten; beraz, bai, hartu beharreko denbora hartzea permititu diot nire buruari.

Seguruenik, horregatik nago hain harro: erritmo geldiezin eta frenetikoetan sartuta gauzkan eta ahaztuak izatearen beldurra pairatzen dugun gizarte honetan, erronka nagusia hori delako, gelditzea eta norberarentzat zuzena edo egokia den bideari ekitea, bide goxo, osasuntsu eta eramangarriagoa.


Ez zen batere erraza izango musika-mundutik aldenduta egotea, ezta? Zer da zuretzat abestea? Zer leku dauka musikak zure bizitzan?

Musika-industriatik aldenduta egon naiz, baina ez musikatik. Azken lau urteetan munduko txoko ezberdinetan kantatzeko plazera izan dut, espazio eta pertsona berriekin, modu berriak esperimentatuz, eta horrek asko aberastu nau.

Musikak txiki-txikitatik oso leku garrantzitsua izan du nire bizitzan (eta izaten jarraituko du beti), zoriontsu egiten nauen zerbait delako, eta badakigu zer esaten duten: zoriontsu egiten gaituen hori jarraitu eta egitera kondenatuta gaude, beraz...


Kala Naiz proiektua aurkezteko, Seiurte taldearen "Barkatu" abestiaren bertsio bizi eta dantzagarri bat egin duzu, Eñaut Gaztañagarekin batera. Zergatik hautatu duzu kanta hori? Ekainaren 10ean jarri zenuen guztion eskura; aste batzuk igaro dira harrezkero. Nola baloratzen duzu abestia egiten ari den bidea?

Ni oso pertsona intuitiboa naiz, eta gorputzari eta hark bidaltzen dizkidan seinaleei arreta berezia jartzen diet, eta bai, gehienetan, kasu egiten diet. Pixka bat inpultsiboa ere banaizela esan dezaket, eta, gorputzak inpultso potente bat bidaltzen didanean, ez dago atzera bueltarik. Horixe bera gertatu zen "BARKATU" kantarekin.

Egun batean, kotxea gidatzen ari nintzela, Seiurteren kanta hori entzuten hasi nintzen (aurretik, mila aldiz entzundakoa). Baina egun hartan zerbait ezberdina gertatu zen. Barruan krak moduko bat sentitu nuen. Letrarekin asko hunkitu eta negar batean hasi nintzen, eta, orduan, argi ikusi nuen: hori izango zen nire itzultzeko modua, musikari, guri, barkamena eskatuz.

Eta bai, guztiz kontziente nintzen: akaso hori ez zen ohikoena, alegia, musikara jada existitzen den kantu baten moldaketarekin itzultzea, baina... elkarrizketa hasieran esan bezala, KALAk espero denarekin ere apurtu nahi du, eta bihozkada hori ezin nuen isildu; beraz, une hartan bertan, ideia horrekin aurrera egitea erabaki nuen.


Bakarrik zaude aurrenekoz, eta pentsatzekoa da lehen aldia izango dela gauza askotan. Beldurrik ematen dizu horrek? Ala, hain justu, beldurrak atzean utzi eta libre izateko sortu duzu Kala Naiz?

Nik beti diot, nahiz eta proiektu guztiz pertsonala izan, inoiz ez nagoela bakarrik. Argitaratu dudana ez zen posible izango nire ondoan egon diren profesional horiek guztiak gabe; beraz, ez naiz bakarrik sentitzen. Hala ere, egia da niretzat proiektu hau zerbait guztiz berria dela eta arlo batzuetan bertigo apur bat sentitzen dudala. Beldurra baino, etengabeko erronkak izaten ari dira, pertsonalak eta profesionalak, biak batera doazelako. Baina poliki-poliki, beti egin dudan bezala, aurrera noa!


Beraz, ez diozu zeure buruari mugarik -hesirik- jartzen...

Hori da erronka! Ez da gutxi... saiakera behintzat egiten ari naiz!


Publikoaren erantzunak arduratzen zaitu?

Ezetz esango banizue, ez nintzateke guztiz zintzoa izango.

Artista batentzat (eta edozein profesionalarentzat) publikoaren, besteen erantzuna, feedbacka... zerbait inportantea izaten da, eta, kasu honetan, zure musika pertsona ezberdinei heltzen zaiela eta gogoko dutela jakiteak beti pozten zaitu, eta opari handi bat izaten da. Hala ere, nire ustez, oso inportantea da fokua ez galtzea, alegia, norberarentzat benetan inportantea den horretatik ez aldentzea. Nire kasuan, besteak beste, musikaren bitartez transmititu nahi dudana lehenetsi eta nire buruari fidela izatea dira ukaezinak.


Gaur egungo gizartean gauzak oso azkar doaz, eta musika ez da salbuespena. Zure proposamenean badago gurpil zoro horretatik irteteko ageriko nahi bat, ezta?

Guztiz. Lehen esan bezala, hasieratik erronketako bat hori izaten ari da, norberaren erritmoak errespetatzea benetako nahi eta behar bat delako.


Gorputzetik idatzitako abestiak proposatzeko asmoa duzula irakurri dugu elkarrizketaren batean. Modei eta mezu gehienetan hutsalei muzin egitea ere nahiko apurtzailea da...

Niretzat abestien letrak beti izaten du oso toki garrantzitsua, bai entzule bezala eta baita sortzaile bezala ere. Eta bai, nire nahia eta asmoa hori da oraindik: munduarekin konpartitzen dudan musikak mezu esanguratsu bat eramatea berarekin.


Hortaz, ez dago egutegi hertsirik? Zuzenekoek ere itxaron egin beharko dute, hortaz?

Egutegi malgua sortu dugu, "sin prisa, pero sin pausa". Orain arte ez ditut gauzak presaka egin nahi izan, eta orain ez da ezberdina izango. Beraz, zuzenekoak, noski, helduko dira, baina pixka bat aurrerago...


Kontziente zara atzetik datozen gazte askorentzat eredu -eta inspirazio- zarela?

Bai. Eta kontziente naiz horrek, neurri batean, ardura bat suposatzen duela.

Egia esan, eredu baino, inspirazio izatea nahiko nuke. Hainbat urtetan eredu izatea zerbait pisutsuegia bihurtu da niretzat: egiten eta esaten duzun oro neurtu behar duzu, hainbat esparrutan kontu handiz ibili behar duzu...

Beti esango dut: ni ez naiz perfektua, eta ez dut perfektua izan nahi. Nik ere nire kontraesanak ditut, inkoherentziak... eta bai, hanka ere sartzen dut.


Zer da 2020an martxan jarri zenuen Enraizadas proiektua?

Enraizadas behar pertsonal zein kolektibo batetik jaiotako proiektua da. Hasieran, akelarre bat egitea zen nire asmo bakarra, topaketa bat, emakumeak batu eta, besteak beste, autoezagutzan eta ahalduntzean lan egiteko asmoarekin sortutako espazioa izatea nahi nuen.

Lehen akelarre hori aurrera eraman eta gero, asko ziren idatzi zidaten emakumeak: "Zuriñe, halako esperientzia gehiago nahi eta behar ditugu", eta ni gehiago antolatzera animatu nintzen; hasiera batean, inongo irabazi ekonomikorik gabe. Hilabeteek aurrera egin eta une bat heldu zen non Enraizadas nire eguneroko lana bihurtu zen.

Eguneko ordu gehienak, nire inspirazioa eta energia, horretara zuzentzen nituen eta horrek beste lan eta kontu batzuk alde batera uztera eraman ninduen. Horregatik, 2021ean, proiektuaren aldeko apustu serioa egin eta hori profesionalizatzera animatu nintzen, nire lan printzipala bihurtuz eta nire fokua hor jarriz.

Proiektu bat zerotik hastea, ekintzailetasunaren aurpegi guztiak ezagutzea, autonomo bihurtzea... hasieran ez zen batere erraza izan, ezjakintasuna eta prekarietate handia bizi nuelako, baina gaur egun oso harro eta eskertuta nago, batez ere, sortutako esperientzietatik pasa diren laurehun emakumek baino gehiagok nigan konfiantza jarri dutelako eta komunitate eder bat sortu dugulako.

Nire lanak gizarteari ekarpen polit eta inportante bat egiten diola jakiteak betetzen nau.


Laster telebistan ikusiko zaitugu berriz? Ala unean unekoa bizi behar da?

Telebistaren munduan inoiz ez dakizu zer gertatuko den, baina, interesgarria eta ederra den proposamen bat heltzen denean, beti irekita egoten naiz eta beso zabalik jasotzen dut.

Duela gutxi proposamen polit bat jaso nuen laster estreinatuko den telesail batean ekarpentxo bat egiteko, eta pozik helduko diot erronka berri horri!


(2025eko abuztuaren 26an argitaratutako Berezia)