Gaur, MusEkintza jaialdiaren bosgarren edizioa aurkeztu da. Jaialdia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen duen kultura-proiektu bat da, eta artea eta ondarea uztartzen ditu. Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Leixuri Arrizabalagak, jaialdiaren koordinatzaile Marta Urcelayrekin batera, 2025eko irailetik 2026ko ekainera bitartean egingo den edizio honetako programazioaren berri eman du. Hamabi ikuskizun egongo dira, hainbat diziplinatakoak, hala nola antzerkia, musika, dantza, umorea, bertsoak edo magia.
Aurkezpenean Leixuri Arrizabalagak nabarmendu duenez, MusEkintza "aukera paregabea da gure kultura-ondarea beste ikuspegi batetik ezagutzeko, mota guztietako publikoaren eskura egongo diren esperientzia artistiko berritzaile eta emozionalen bidez". Era berean, diputatuak azpimarratu duen moduan, "garrantzitsua da tokiko talentua, eta diziplina artistikoen eta ondare historikoaren arteko elkarrizketa sustatzen jarraitzea".
Aurkezpenaren barruan, bertaratuek edizio honetako programazioaren erakusgarri izan diren zuzeneko emanaldi labur batzuez gozatu ahal izan dute.
MusEkintzak murgiltze-esperientzia artistikoa proposatzen du lurraldeko leku enblematikoetan, hala nola, Santimamiñen (Kortezubi), Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Bakioko Txakolin Museon, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, Muskizko Muñatones Gazteluan eta El Pobaleko Burdinolan edo Bilbon kokatutako Arkeologia Museoan. Espazio horiek guztiak Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen ditu.
Mugimenduan dauden arte eszenikoen jaialdi gisa sortua, MusEkintzak museoak eta enklabe historikoak ezohiko agertoki harrigarri bihurtzen ditu, TRACKEN studiok diseinatutako argiztapen eta proiekzio dekoratibo zainduarekin osatutako proposamen artistiko bati esker, zeinak ikuskizun bakoitzaren atmosfera indartzen duen.
Mota guztietako publikoarentzat pentsatutako programazio anitza
Programazioa 2025eko irailaren 20an hasiko da Santimamiñeko koban, Hortzmuga Teatroaren Gozamenen Lorategia/El Jardín de las Delicias izeneko El Boscoren obran inspiratutako gaueko instalazio murgiltzaile batekin. Hurrengo, irailaren 27an, Julen Axpe komikoaren Furgonologoa umore-ikuskizuna egingo da Europako Herrien Parkean (Gernika-Lumo).