Inge Mendioroz, "Lurdes Iriondo: ez gera alferrik pasako" dokumentalaren zuzendaria: «Lurdesek bizitza osoa eman zuen lanean euskararen alde, kulturaren alde»

  • Inge Mendioroz, "Lurdes Iriondo: ez gera alferrik pasako" dokumentalaren zuzendaria: «Lurdesek bizitza osoa eman zuen lanean euskararen alde, kulturaren alde»

Euskal kulturako funtsezko ahotsetako bat berreskuratzeko ahalegina da Lurdes Iriondo: ez gera alferrik pasako dokumentala, Lurdes Iriondoren bizitza eta ondarea balioan jartzea eta gaur arte iritsi zaizkigun klixe zaharrak behin betiko baztertzea helburu duena. Inge Mendioroz Ibañezek zuzendu eta Idoia Garzes Aldazabalek idatzi du. Promozioan bete-betean sartuta dagoen arren, Ingek tartetxo bat hartu du gure galderei erantzuteko.


Nola sortu zen proiektua? Dokumentala prestatzen hasi aurretik, zer zenekien Lurdes Iriondori buruz? Noiz konturatu zinen pertsonaia eta pertsona ez zetozela bat?

Mikel Laboa Katedran Lurdesen inguruan interesatuta zeudela jakin nuen, eta haren informazio bila hasi nintzen. Gure etxean ez zen izan haren diskorik, ustez; gero jakin nuen baietz eta nik buruz nekizkiela haren kantak. Garai hartan, prentsan irakurritako apurra baino ez nekien, Ez Dok Amairuko emakume abeslari bakarlari bakarra zela. Artikuluetan beste garai bateko emakume baten balioekin marrazten zen: polita, xaloa... Eta gure garaira klixe zahar horiek ere iritsi dira.

Egun batean, Zeruko Argian idatzitako iritzi-artikulu bat topatu nuen; kulturaren profesionaltasunaren inguruan zen. Garai hartan ikastolak bultzatzea zen helburu nagusia, nahiz eta abeslariak, kulturgileak ezer ez kobratu, eta Lurdesek artikulu hartan hitz gogorrak idatzi zituen horren inguruan. Hor konturatu nintzen emakume hark zuen indarraz.


Zergatik joan da itzaltzen haren argia? Zer dela eta geratu da haren irudia garai bateko zuri-beltzeko argazkietan izoztuta bezala? Zer arrazoi egon liteke Lurdes Iriondo bezalako emakume batek egindako lana ezagunagoa ez izateko?

Ba, dokumentalean arrazoi asko ematen dira; ez da bat eta bakarra. Tira, patriarkatua... Horrek borobiltzen du dena. Baina gauza batzuk sotilak dira agian, emakumeok izan ohi dugun zailtasuna pertsona publiko izateko, adibidez. Nahiz eta oholtzan aritu, inoiz ez zuen elkarrizketarik eman. Komunikabideetan aipatu zen musa, nobia eta Joan Baez euskalduna. Azken hori, are eta deigarriagoa da; izan ere, Lurdes ez zen inoren kopia. Xabier Lete bezalako gizon bat ondoan izateak ere itzal handia egin ziola esan digute askok, eta garai hartako emakumeen bizipenak oso antzekoak direla ikusiko dugu, kontua sistematikoa dela.


Zer iturritara jo duzu Lurdes Iriondoren irudia osatzeko? Noren testigantzak jaso dituzu?

Ba, hainbat gai landu nahi genituen (literatura, antzerkia, komunikabideak, feminismoa...) eta, noski, gertuko lekukotasunak, familiakoak eta garaiko abeslarienak jaso. Lurdesen iloba Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Patxika Erramuzpe, Ana Guadalupe Fernandez, Agurtzane Intxaurraga, Mariasun Landa Etxebeste, Jule Goikoetxea eta Amagoia Mujika Tolaretxipi elkarrizketatu ditugu. Izen handiak denak. Eta elkarrizketatu ez baditugu ere, Estitxu Robles-Arangiz eta Maite Barnetxe ere ekarri ditugu gogora.

(Patxika Erramuzpe)


«Beste esku batzuek jasoko dute gure lana,/ ez gera alferrik pasako./ Badu bizitzak etorkizun bat,/ ez da ametsik desegingo», kantatu zuen Lurdes Iriondok, eta ideia hori bat dator dokumentalaren ildoarekin. Haren biografia baino gehiago da, beraz?

Bai, ez da biografia bat bakarrik. Alde batetik, hori dago, eta, beste aldetik, hausnarketa bat ere bai. Eta garai hartako beste emakumeei ere egiten diegu aitortza.


Hain justu, euskal kulturaren transmisioan lan handia egin zuen Lurdes Iriondok; haurrak oso kontuan izan zituen beti. Ekarpen hori behar adina baloratzen dela uste duzu?

Ez, ez. Hori ere izan zen dokumentala egiteko gure arrazoietako bat. Lurdesen urte batzuetako lana bakarrik gogoratu da, oholtzan egin zuena Ez Dok Amairurekin, eta ez da esan bera bakarrik Euskal Herri osotik zebilela kontzertuak ematen gaztetatik.

Bestalde, liburuak idatzi zituen, Frankismo garaian euskaraz. Eta gero oso argi izan zuen transmisioa, haurrak euskalduntzeko eta euskal kultura ezagutarazteko beharra. Horregatik, hainbat gauzaren artean, haur eta gazteentzat liburuak eta diskoak argitaratu zituen. Nik etxean disko hura nuen, hain zuzen ere. Gure garaiko haur askok haren diskoak eta liburuak irakurri ditugu ikastolan. Geroago, antzerkia idatzi zuen eta antzerki-talde bat sortu zuen Urnietan. Egape ikastolan plastika- eta antzerki-klaseak ematen zituen. Oraindik ikus dezakegu hark egindako murala hango paretetan. Eta 80ko hamarkadan, EITB hasi aurretik, bideoak grabatu zituen ipuin laburrekin, umeek euskara ikas zezaten era ludikoan. Hori oso garrantzitsua izan zen.


Irudi eta musika aldetik, nola jaso duzu pantailan kontatu nahi zenuen guztia?

Irudiak lortzea zen genuen zailtasuna; izan ere, Ez Dok Amairuk ez zuen kontzertuak filmatzerik nahi, errepresioaren beldurrez. Gainera, Lurdesek ez zuen elkarrizketarik ematen. Beraz, bestelako errekurtso batzuk bilatu behar izan ditugu. Patxika Erramuzperi elkarrizketa egin genionean, Maite Barnetxe aipatu zigun, eta haren irudiak ikusita harriturik geratu ginen. Azkenean, irudirik ezaren desabantailari emandako erantzuna gure aldeko atera dela uste dut.

Musikari dagokionez, Joxe Mari Iriondok zuzeneko grabaketak pasa zizkigun. Benetako altxor batzuk entzun ahal izango ditugu. Eta nola ez, Maite Arroitajauregi "Mursego"ren musika. Zoragarria, opari bat.


Bide honetan nola aldatu da Lurdes Iriondoren inguruan hasieran zenuen irudia? Ikusleen artean ere aldaketa hori eragitea da helburua?

Emakume izugarria iruditu zait. Artista polifazetikoa. Indartsua. Ezin dugu ahaztu bihotzeko gaitz larri bat zuela, eta, hala ere, batetik bestera ibili zen. Bizitza osoa lanean euskararen alde. Kulturaren alde.


Donostia Zinemaldian erakutsi duzue dokumentala. Non ikusi ahal izango da aurrerantzean?

Estreinaldi nazional bat egin nahi genuen, baina Iparraldeko eta Hegoaldeko agendak ezin izan ditugu bateratu, eta, azkenean, Hegoaldean Sade eta Golem zinemetan egongo da azaroaren 14an. Iparraldean, abenduan; oraindik ez dakizkigu datak. Gero herriz herri ibiliko da, noski. Hasi zaizkigu eskaerak iristen.


Dokumental hau ez da emakume askok historian zehar egin izan duten lan eskerga ezagutzera emateko ondu duzun aurreneko proiektua. Izan ere, 2021ean Aitzindariak/Pioneras zuzendu zenuen. Horrez gain, Lasarte-Orian ikus-entzunezkoen arloan diharduten emakumeen IHITTEN elkartearen sortzaileetako bat izan zinen 2022an. Oraindik lan handia dago egiteko, ezta?

Bai, dudarik gabe. Itsu bizi izan garen sentsazioa dut askotan. Aurten bertan, Kutxa Kubo aretoan María Paz Jiménezen erakusketarekin harrituta eta haserretuta atera nintzen. Nolatan ez genuen -edo nik behintzat, ez nuen- ezagutzen? Kasu honetan, gainera, oso ezaguna zen, galeria onenetan zegoen... Batzuetan, emakume batzuk hain ezagunak ez direlako ez ditugula gogoratzen esaten digute, baina kasu askotan gezurra da.

Baina, tira, proiektu pila bat ari dira sortzen emakumeak edo emakume-kolektiboak gogora ekartzen dituztenak: dokumentalak, liburuak, biografiak... Emakumeok erreferenteak behar ditugula esaten digu Jule Goikoetxeak dokumentalean, era guztietakoak, gure identitatea eraikitzeko.


Hasi zara proiektu berrietan lanean? Nondik nora jo nahiko zenuke etorkizunean?

Bueno, utzi aje hau pasatzen. Kar, kar. Eta disfrutatzen. Ea publikoari gustatzen zaion. Orain honetan nabil.


(2025eko irailaren 22an argitaratutako Berezia)