Gipuzkoako Ados Teatroa konpainiak nahi gabeko bakardadea jorratzen du 52 hertz antzezlan berrian, "lehen mailako arazo estruktural eta transbertsal bat". José Antonio Vitoria ekoizpen-zuzendariarekin hitz egin dugu, besteak beste, ikuskizunaren sorkuntza-prozesuari, Giza Eskubideak Eszenara lan-ildoari eta artea sentsibilizazio- eta gogoeta-tresna gisa erabiltzeari buruz.
52 hertz antzezlanean nahi gabeko bakardadea lantzen duzue. Zergatik aukeratu duzue gai hori? Nola liteke gaur egungo gizarte hiperkonektatuan gaitz isil horrek hainbeste jenderi eragitea?
Galdera horrek ez du erantzun errazik. Beste galdera asko biltzen ditu, eta faktore askok eragiten diote: familia-eredu tradizionalaren krisiak eta indibidualismoaren gorakadak, bizi-itxaropena luzatzeak, landa-inguruaren despopulatzeak, hiriguneko bizitzak (aukera gehiago, baina deserrotzea), migrazio-mugimenduek edota pertsona askok teknologia digitalekiko duten harreman anbibalenteak (pertsonak hurbildu eta isolatzen dituzte, aldi berean). Aipatutako guztiak gure garaiko ezaugarriak dira, eta bakardadea bost lagunetik bati eragiten dion pandemia bihurtu dute (lau gaztetik bati –hori da talde kaltetuena–). Hain zuzen ere, horregatik guztiagatik hurbildu nahi izan dugu gero eta handiagoa den arazo horretara, sorkuntza kulturaletik abiatuta.
Benetako testigantzetan oinarrituta sortu duzue 52 hertz, baina lekukotza-lan hutsa baino gehiago da. Zer-nolako ikuskizuna da?
Garrantzitsua da aipatzea mikrodokumental gisa jaso ditugun benetako lekukotasunetan oinarrituta eraikitako dramaturgia bat dela. Dena den, ez da zuzenean lekukotasunezkoa, eta ez du kasu zehatzik islatzen, nahiz eta istorioak inspirazio-iturri eta oinarri erabili dituen.
Ez dago esketxez edo istorio soltez osatuta. Elaborazio dramatiko bat dago, non istorio horiek lotzen baitira "bizitza gurutzatu" moduan: batzuek besteei eragiten diete, besteen arku dramatikoa marrazten lagunduz. Gurutzaketa horiek (istorioen sare horrek), funtzioaren estiloa, erritmoa eta tonua ezartzeaz gain, 52 hertz lanaren protagonista den bakardade ezberdinen gaiaren inguruan norabide-aldaketak eta suspensea bultzatzeko balio dute.
Zer esan nahi du izenburuak? Zer leku hartzen du metafora horrek obran?
Izenburuak soinu baten maiztasunari egiten dio erreferentzia, azken hogeita hamabost urteetan Ozeano Bareko zenbait tokitan aditu den soinu bitxi batenari. Balea urdinen kantuaren antzeko da, baina balea urdinak 10 eta 39 hertz bitarteko maiztasunetan komunikatzen dira; beraz, balea bakarti horren soinua 52 hertzekoa denez, espeziearen entzumen-tartetik kanpo geratzen da. Beste baleek ezin izan dute inoiz entzun haren deia.
Pentsatzen da "52 hertzeko balea" edo "Whalien 52" jaiotzez gorra dela eta ez duela ikasi soinua frekuentzia zuzenean egiten. Balea bakarti hori gizarte-isolamenduaren ikur bilakatu da, eta nahi gabeko bakardadea pairatzen duten edo bakardade-uneak jasan dituzten pertsonen gaineko begirada poliedrikoa emateko balio digu. Soinu horren oihartzunak testua eta eszenaratzea gainditzen ditu.
Nork osatzen du 52 hertz lanaren taldea?
Sormen-prozesuan bakardade-egoeran dauden pertsonek parte hartu zuten arren, bai talde teknikoan bai artistikoan, aktore-taldea erabat profesionala da: Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe eta Dorleta Urretabizkaia (pertsonaia bera interpretatzen dute txandaka), Martxelo Rubio, Amaia Irazabal eta Aitzol Iraola. Talde balioaniztuna da, zeren aktoreek rol bat baino gehiago interpretatzen dute antzezlaneko askotariko pertsonaiak egiteko.
Talde tekniko-artistikoa ohikoa da gure ekoizpenetan: Garbi Losada (egilea eta zuzendaria), Xabi Lozano (argiztapena), Javier Asín (jatorrizko musika), Tytti Thusberg (jantziak) eta Iñigo Losada (espazio eszenikoa), besteak beste. Taldea egonkorra izateari esker, identitate-hari batek lotzen ditu gure proiektu guztiak.
Nori dago zuzenduta, zehazki? Emanaldia bukatzerakoan publikoa zerekin geratzea gustatuko litzaizueke?
Oro har, ikusle askorentzat da, 12-14 urtetik gorakoentzat. Istorio ulerterraza da. Gure asmoa drama hutsa ez izatea zen; hala, barre eta irribarre egiteko tarteak ere sortu ditugu. Beraz, edonork ikusi dezake, gure asmoa hausnarketa eta elkarrizketa eragitea baita. Ikusleen hausnarketak bereziki baliotsuak iruditzen zaizkigu, eta antzezpen bakoitzaren ondoren jasotzen saiatuko gara.
Antzezlanaren bitartez, ikusleek bakardadearen esperientziarekiko sentitzen dutena aldatzea nahi genuke. Izan ere, lehen mailako arazo estruktural eta transbertsal bat da: landa-inguruneari eta hiriguneei eragiten die, adinekoei eta gazteei, eta kalte sozial handia sortzen du nola osasunean, hala bizi-kalitatean.
Gure gizarteak bakardadea gauza negatibotzat jotzen duenez, bakarrik sentitzen den pertsonak nolabaiteko estigma jasaten du, gaitasun sozial gutxiko eta bizitzan porrot egin duen pertsonarena. Baina bakardadea ez da gaitz bat, ezta ere lotsatzeko zerbait. Ez da pertsona jakin batzuen edo adin jakin batekoek soilik pairatzen duten arazo bat, baizik eta edonork bizitzako edozein etapatan bizi dezakeen esperientzia komun bat (maite duen pertsona bat galtzeagatik, lan-merkatutik ateratzeagatik, harreman baten amaieragatik...).
Horrenbestez, artea –bere adierazpen-modu guztietan– lagungarria izan daiteke bakardadearen sufrimendu emozionala arintzeko?
Arteak ez du mundua konpontzen, ez ditu arazoak zuzenean konpontzen, baina baliagarria izan daiteke nahi gabeko bakardadearen gaineko sentsibilizazio- eta hausnarketa-tresna moduan. Baliagarria izan daiteke ikusleentzat eta baita ere bakardade-egoeran dauden –eta zenbait momentutan sormen-prozesuaren parte egin ditugun– pertsonentzat.
Bereziki, edozein jarduera artistiko eta sortzaileren ahalmen integratzailea aldarrikatzen dugu, baita pertsona guztien eta bizitzako fase guztien ongizaterako duen garrantzia ere, ahalduntze- eta aberaste-prozesu pertsonalak sustatzen baititu. Arteak ez du mundua konpontzen, baina jarrera hartzen eta pertsonak apur bat zoriontsuago egiten laguntzen du.
52 hertz Giza Eskubideak Eszenara lan-ildoaren barruan sortu duzue. Zer da lan-ildo hori? Zer helburu ditu? Zein da lan-metodologia?
Giza Eskubideak Eszenara ildoaren bitartez, gure metodologia "asmatzen" hasi ginen pixkanaka, bazterketa-arriskuan dauden kolektiboekin zuzenean eta berdintasunez lan eginez, prozesua herritarrei irekiz eta ikusleei gainerako ekoizpenak bezala aurkeztuz, modu profesional eta zorrotzean. Horixe da mota horretako ekoizpenak publiko zabal batengana iristeko modua. Gainera, zenbat eta zabalagoa izan, orduan eta hobeto. Horregatik, ikusleek eta parte-hartzaileek sorkuntza-prozesuan esku hartzen dute, sormenaren eta ekarpenen bidez prozesua hobetzeko.
Kultur sorkuntza, arlo guztietan, adierazpen-modu bat da, baita ezagutza-iturri bat ere. Arazoak eta gatazkak aztertzeko tresnak eta estrategiak eskaintzen dizkigu. Baita eraldatzeko ere, kontzientziazioaren, difusioaren eta eztabaidaren bidez.
Martxan jarri zenutenetik, askotariko gaiak landu dituzue Giza Eskubideak Eszenara lan-ildoaren barruan: lanerako eskubidea, belaunaldien arteko interakzioa, osasun mentala, edozein pertsonak bere bizitza aldatzeko duen eskubidea, inoren kargura ez dauden adingabeak, aporofobia... Zoritxarrez, oraindik ere gai sozial asko daude lantzeko, ezta? Nola heltzen zaie gai arantzatsu horiei ahalik ikusle gehienengana iristeko?
Lan-ildo horren barruan, gizartearen "radarretik kanpokotzat" jotzen ditugun arazo batzuei heldu diegu, eta arazo horiek azaleratzen saiatzen gara, kolektibo batzuekin prozesu sortzaileak sustatuz. Proiektu bakoitzaren emaitza kultura-produktu bat da, prozesuaren beraren esperientziatik ateratzen diren edukiak dituena (orain arte, zortzi ikuskizun, zenbait erakusketa, bi dokumental eta hamabost bat mikrodokumental).
Zentzu horretan, 52 hertz pieza berezia da; izan ere, prozesua bakardadea pairatzen duten pertsonekin zuzeneko ekintzetan oinarritu bada ere (baita entsegu-fasean ere), erabat profesionala da antzezlanaren produkzioa, eta horrek bira luze bat izateko aukera bermatzen du.
Zein bide hartu nahi du Ados Teatroa konpainiak etorkizunean?
Zaila da zehaztea. Proiektu komertzialak eta sozialak bateratzen jarraituko dugula imajinatzen dugu, ukitu identifikagarriaz, espero dugu, gure inguruari zerbait kontatzeko, emozionatzeko edo ekarpenak egiteko sortzen zaizkigun beharraren erritmoan.
(2025eko irailaren 25ean argitaratutako Berezia)