Laster lehen urteurrena beteko du Ardaxka argitaletxeak. "Modaz pasatzen ez diren idazleak eta istorioak" euskarara ekartzeko eta "euskaldunek, munduko edozein txokotan egonda ere, euskarazko irakurtzeko aukera izan dezatela" bermatzeko helburuarekin jaio zen. 13 liburu argitaratu dituzte jada, eta prest daude etapa berri bati ekiteko. Martin Besné editore buruak eman dizkigu egitasmoaren xehetasun guztiak.
Zer da Ardaxka? Nola sortu zen? Zer helbururekin?
Ardaxka euskarazko liburuak euskaldun guztiontzat eskuragarri jarri nahi dituen argitaletxea da. Eskuragarritasun hori hiru alor nagusitan oinarritzen da: hizkuntza, prezioa eta kokapena. Helburua argia da: euskal irakurleen eta literaturaren arteko oztopo guztiak gainditzea.
Ardaxkaren sorrera behar batetik eta hutsune batetik dator. Ni hainbat herrialdetan bizi izan naiz (Kopenhagen, Madrilen, Parisen, Mexikon, Bartzelonan...) eta beti izan ditut euskarazko liburuak eskuratzeko zailtasunak. Horrek arreta piztu zidan, eta, atzerrian bizi diren beste lagunekin batera, euskal mugetatik kanpo euskarazko liburuak argitaratuko zituen lehen argitaletxea sortzea erabaki genuen.
Laster urtebete beteko dugu, eta dagoeneko 13 liburu argitaratu ditugu eta 30 herrialde baino gehiagotan jarri ditugu eskuragarri gure webgunearen bitartez: www.liburuak.eus.
Zein dira Ardaxkaren lan-ildoak?
Hasieratik, bi lan-ildo nagusi landu ditugu: batetik, euskal klasikoak. Hau da, gaur egun aurkitzen zailak diren edo ia galduta dauden baina jatorriz euskaraz idatzi ziren lanak: Txomin Agirre, Bizenta Mogel, Kirikiño, Lauaxeta, Duvoisin Kapitaina... Liburu horiek jatorrizko euskaraz argitaratzen ditugu, ahalik eta fideltasun handienarekin, haien estiloa eta hizkuntza errespetatuz.
Bestetik, munduko klasiko unibertsalak. Edgar Allan Poe, Émile Zola edo Giovanni Verga bezalako idazleen betiko liburuak, lehen edizioetatik abiatuta itzuli eta euskara batuan eskaintzen ditugu. Harro esan dezakegu, esaterako, Giovanni Verga lehen aldiz euskaratu dugula.
Modaz pasatzen ez diren idazleak eta istorioak ekarri nahi ditugu euskarara. Denbora gainditzen duten liburuak, betikoak, gure hizkuntzan bizirik egon daitezen.
Zeren arabera aukeratzen dituzue argitaratzen dituzuen liburuak? Hitz egin iezaguzu, labur bada ere, orain arte kaleratu dituzuen lanez.
Gure liburu-bilduma etxeko apalategi kuttun bat balitz bezala lantzen dugu. Bertan, benetan merezi duten liburuak eta istorioak jarri nahi ditugu, urteak pasa arren modaz pasatuko ez direnak. Ez zaigu ideiarik falta: zerrenda luze bat daukagu argitaratu nahiko genituzkeen lanekin, baina, jakina, lehentasunak jarri behar izaten ditugu.
Lehentasun horiek hainbat irizpidetan oinarritzen dira: ea lehen edizio bat lortzeko aukera dugun, ea liburu horrek zerbait berria edo garrantzitsua ekar dezakeen gure bildumara, edo momentuan zer baliabide ditugun proiektua behar bezala gauzatzeko.
Adibidez, Otsemea / Malpelo Gorria lehenetsi genuen, inoiz ez zelako Giovanni Vergaren lanik euskaratu, eta hori aldatu nahi genuen. Beste alde batetik, ezinbestekoa iruditu zitzaigun Bizenta Mogelen liburua argitaratzea, euskaraz argitaratu zuen lehen emakumea izan baitzen. Era berean, Auñemendiko Lorea hautatu genuen, euskaraz idatzitako lehen eleberritzat jotzen delako. Azken batean, gure liburu bakoitza hautu kontziente eta arduratsua da. Bakoitzak bere zergatia dauka, eta guztiak dira guretzat bereziak eta bakarrak.
Aipatu diguzunez, lehen edizioak hartzen dituzue beti erreferentziatzat. Zergatik? Horrek izango du zailtasunik, ezta?
Argitaratzen ditugun liburu askok 100 edo 200 urte baino gehiago dituzte. Tarte horretan, lehen ediziotik gaur egungoetara bidean, edizio ugari egin dira, eta xehetasun asko galdu edo aldatuta iritsi zaizkigu. Guk, galdutako xehetasun horiek berreskuratzeko, abiapuntura itzuli nahi izan dugu.
Adibide modura, Printze Txikia euskaratu genuenean, asteroide baten izendapena aurkitu genuen aldatuta: gaur egungo gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko edizio guztietan asteroidearen izenean akats bat dago. Guk, ordea, Antoine de Saint-Exupéry-k lehen edizioan erabili zuen izendapena berreskuratu dugu gure euskarazko bertsioan.
Antzeko zerbait gertatu zitzaigun Edgar Allan Poe-ren ipuin batean: tribu baten izena desitxuratuta zegoen topatu genituen hizkuntza guztietan. Guk akatsa zuzendu dugu, eta, ziurrenik, gure euskarazko edizioa izango da gaur egun dagoen fidelena.
Zailtasun gehigarri bat dakar prozesu honek, eta egia da xehetasun horiek ez dutela istorioaren muinean eraginik, baina ehunka urte geroago horrelako akatsak zuzentzea, eta euskaraz egitea, guretzat harro egoteko modukoa da.
Nola lortzen duzue euskarazko liburuak mundu osoan -azkar eta prezio justuan, gainera- eskuragarri egotea? Lan handia eta akordio ugari beharko dira horretarako... Nola kudeatzen dituzue bidalketak?
Bidalketa garestiak eta itxaronaldi luzeak saihesteko, bestelako bide bat hautatu dugu: horixe da Ardaxkaren ezaugarri bereizgarrienetako bat. Ez dugu libururik biltegi batean metatzen, ezta banaketa zentralizaturik egiten ere. Horren ordez, inprimategi lokalekin eta plataforma logistikoekin akordioak lortu ditugu mundu osoan zehar.
Horrela, erabiltzaile batek gure webgunean liburu bat eskatzen badu (Japonian, Ameriketako Estatu Batuetan edo Australian, esaterako), liburu hori herrialde horretan bertan inprimatzen da, eta etxera helarazten zaio bi egunetako epean.
Sistema honek kostuak handitzen ditu, baina guk jasaten dugu kostu hori, liburuaren prezioak guztiontzat justua eta eskuragarria izaten jarraitu dezan. Horregatik, gure liburuak, munduko edozein lekutan bizita ere, 7 eta 15 euro arteko prezioan eskuratu daitezke, bidalketa barne.
Ez da lan erraza izan horrelako sistema logistiko bat martxan jartzea, baina ikasten eta hobetzen goaz egunero. Esperientziak erakutsi digu pazientziaz eta arduraz lan eginez gero urrats sendoak eman daitezkeela. Ez dugu herrialde berri bat irekitzen, bertan prezio zuzen eta eskuragarria bermatzeko gai ez bagara.
Beraz, Ardaxkak ez du jada Euskal Herrian martxan diren beste argitaletxeekin lehiatzeko inolako asmorik... Eredu dira, neurri batean?
Gure helburua ez da inoiz izan Euskal Herrian dauden beste argitaletxeekin lehiatzea. Gure proiektuaren oinarria euskaraz inoiz argitaratu ez diren liburuak euskarara ekartzea edo liburu horiek inoiz iritsi ez diren tokietara eramatea da.
Epe luzerako proiektua da Ardaxka. Euskaldun guztiek, munduko edozein txokotan egonda ere, euskaraz irakurtzeko aukera izan dezaten bermatu nahi dugu.
Beste argitaletxe asko eredu ditugu, eta euren lanari zor zaio euskarazko literaturak gaur egun duen egoera osasuntsua. Guk gure bide txikia egiten jarraituko dugu, gaur daukagun euskal literaturaren eskaintza osatuz, ez ordezkatuz.
Orain gutxira arte 12 liburu zenituzten argitaratuta Ardaxkaren bi-lan ildoen baitan, baina berriki haur eta gazte literaturako klasiko handienetako bat gehitu duzue zuen bildumara, jada aipatu diguzun Printze Txikia. Ildo berri baten hasiera da?
Hala da. Duela gutxi, Antoine de Saint-Exupéry-ren Printze Txikia argitaratu genuen, eta horrekin batera gure hirugarren lan-ildoari hasiera eman genion: Kimu Berriak. Bilduma honetan haur eta nerabeentzako ipuin klasikoak landuko ditugu, betiere jatorrizko edizioetan oinarrituta.
Ondo dakigu irakurzaletasuna haurtzaroan edo nerabezaroan hasten dela. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dugu une horretatik bertatik euskarazko liburuak eskaintzea, irakurle euskaldun berrien kopurua hazteko.
Nola baloratzen dituzue lehen hilabete hauek? Nondik ari zaizue iristen eskari gehien?
Lehen hilabete hauek oso modu positiboan baloratzen ditugu. Proiektuaren harrera bikaina izan da, bai irakurleen aldetik, bai gure istorioa kontatzeko aukera eman diguten hedabideen aldetik, eta baita euskal etxeak bezalako erakundeen partetik ere.
Hasierako ilusioa eta indarra ez dugu galdu. Eta proiektua hasieran amestu genuena baino urrunago heldu da. Prest gaude etapa berri bati ekiteko.
Eskaerei dagokienez, gehienak Euskal Herritik jasotzen ditugu. Bertan ere liburu-dendekin lanean hasi gara, eta dagoeneko gure liburu guztiak eskuragarri daude, adibidez, Iruñeko Karrikiri liburu-dendan.
Baina, horretaz gain, atzerritik ere eskaera ugari jaso ditugu: Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Alemania... Horrek erakusten du euskarazko literaturak gure mugetatik kanpo baduela tokia.
Etorkizunera begira, formatu digitalaren aldeko apustua indartzea aztertu duzue? Ala paperezko liburuek izango dute lehentasuna aurrerantzean ere?
Lehentasuna paperezko liburuei emango diegu beti Ardaxkan. Proiektua bera formatu horren inguruan eraiki genuen, eta paperezko liburuek euskara munduko txoko guztietara eramateko aukera ematen digutela sinesten dugu.
Hala ere, badakigu irakurle guztiek ez dutela ohitura bera eta geroz eta jende gehiagok erabiltzen dituela irakurgailu digitalak. Horregatik, gure liburu asko formatu digitalean ere eskaintzen ditugu. Ez dugu inor euskaraz irakurtzeko aukerarik gabe utzi nahi, horregatik irakurle bakoitzaren ohituretara egokituko gara beti.
Etorkizuneko bidea, beraz, bi formatu horien arteko bizikidetzan oinarrituko da. Baina argi dugu: papera izango da beti gure ardatz nagusia, eta horrek ematen dio proiektuari bere benetako zentzua.
Hurrengo argitalpenetan lanean ari zarete? Ezer aurreratzerik bai?
Ezin dugu oraindik pista handirik eman, baina bai aurreratu dezakegu gure hurrengo argitalpena aste gutxiren buruan izango dela. Poz handiz iragartzen dugu laster munduko euskal irakurle guztien eskura egongo dela gaur egun nazioarteko idazle handienetako baten liburu bat, lehen aldiz euskaraz.
Haren lanak milioika irakurle liluratu ditu munduan zehar, eta guretzat ohore handia da euskarazko bertsioa argitaratzea. Pertsonalki, nire idazlerik gogokoena da, eta proiektu hau gauzatzeko erraztasun guztiak eman dizkigu.
Gertu dago. Eta jada lanean ari gara Euskal Herriko hainbat liburu-dendarekin, euskal irakurle orok bere alea eskuratzeko aukera izan dezan.
(2025eko irailaren 24an argitaratutako Berezia)
*Elkarrizketa hau argitaratu eta egun gutxira, Joël Dicker-en "Tigrea" kaleratu du Ardaxkak.