Irati Castro biola-jotzaileak eta Pablo de Luna biolin-jotzaileak 2019an sortu zuten Soinuak Haizean, musika klasikoa belaunaldi berrietara hurbiltzeko eta ikus-entzule berrien sorkuntza sustatzeko asmoz. Aurten Musika Bulegoa sarietako bat jaso dute egindako lanagatik, eta aukera baliatu nahi izan dugu Iratirekin hitz egiteko Soinuak Haizeanen helburuez, urte hauetan estreinatutako ikuskizunez eta etorkizuneko proiektuez.
Zer da Soinuak Haizean eta zein helburu nagusi ditu? Nola sortu zen?
2019an sortu zen Soinuak Haizean, musika klasikoa gazteengana hurbildu eta ikus-entzule berriak sortzeko asmoz. Bai Pablo de Lunak eta bai nik Europan generaman hamarkada bat baino gehiago, eta antolatuta genituen proiektu txikiago batzuk arrakastaz; horrenbestez, Soinuak Haizean "etxean" sortzeko ideia beti eduki dugu hor. Beste erronketako bat da beharbada jendeak normalean kultura kontsumitzen ez duen eremuetara eramatea musika klasikoa, eta musika-genero horri batzuetan ematen zaion seriotasuna kentzea, baina karikaturara jo gabe.
Nork osatzen du Soinuak Haizean?
Irati Castrok eta Pablo de Lunak osatzen dugu taldea, biola-jotzailea, bat, eta biolin-jotzailea, bestea; biok ere irakasle, Euskadin. Holandan, Belgikan eta Ingalaterran jaso dugu musikaren arloko prestakuntza, eta herrialde horietan aritu gara zer sortu, nola eta noiz prestatzen. Jon Casamayor aktorea ere gurekin ari da hasieratik.
"Barrokoko Kontzerturik Barrokoena" izan zen zuen lehenengo kontzertu pedagogikoa. Zer bidaia proposatzen duzue ikuskizun horretan?
Abiaburua da musika klasikoari askotan jartzen zaion seriotasun-etiketa ezabatzea, baina horrek eskaintzen dugun musika-produktuaren kalitateari ez eragitea nahi izan dugu hasieratik. Umorez beteriko musika barrokoko kontzertu bat proposatzen dugu; hortxe gure aktorearen ekarpena, kontzertua aurkeztu eta obren sarrera egiteaz gain, ikuskizunari zentzua ematen dion pertsonaia baita. Denboran oso urrutikoa den musika jotzen dugu, eta, gainera, garai hartako jatorrizko instrumentuak erabiltzen ditugu, jende askok sekula ikusi gabekoak, hala nola tiorba eta gitarra barrokoa. Baina, orobat, bere garaian ere entretenitzea helburu zuen musika da, dantzara gonbidatzen gaituena, eta konturatu gara bereziki haurrak mugitu eta dantzatu egiten direla musika hori berez entzuten dutenean. Ez dute pentsatzen zer garaitakoa den entzuten dutena, gustatzen zaien edo ez bakarrik. Horixe zen gure helburua: musika barrokoko kontzertu bat ikustera doan haur batek barre egitea, dantza egitea, eta etxera ondo pasatu izanaren sentsazioarekin itzultzea.
("Emozioetan Zehar Bidaiatzeko Kontzertu Txundigarria" Baluarte auditoriumean)
Atzetik, "Emozioetan Zehar Bidaiatzeko Kontzertu Txundigarria” aurkeztu zenuten. Zer emozio-mota esploratzen dituzue proposamen horretan, eta nola adierazten dituzue musikaren bidez? Zer hausnarketa egitea nahi duzue ikus-entzuleek?
Kontzertu pedagogikoak zikloaren barruan, gure bigarren proposamena izan zen hori. Oraingo honetan, gure aktorea Emozioken paperean sartuko da, eta haren maleta magikoari eta musikari esker, eta maletatik aterako dituen elementu eta jantziei esker, emozio desberdinetan barrena bidaiatuko du. Oso ikuskizun arrakastatsua izan da orain arte, eta uste dugu lantzen duen gaiarengatik izan dela: norberaren emozioen kudeaketa eta onarpena adin guztietako neska-mutilekin konektatzen duen gaia baita, baita pertsona helduekin ere. Emozioak koloreekin eta musika deskribatzaileekin daude lotuta, eta era horretan indartu egiten da mezua publiko gazteenarekin; aldi berean, umore handiko ikuskizuna ere bada, adineko pertsonek hobeto ulertzen dituzten mailak dituena.
Ikuskizun hau formatu txikian aurkeztu dugu ikastetxeetan, baina, batez ere, antzoki eta auditorium handietan ibili gara, eta 2023an, orkestra sinfonikorako egokitu genuen Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) laguntzarekin; horixe izan da esperientziarik onenetako bat Soinuak Haizeanekin.
Zuen lana bereziki haurrei zuzenduta dagoen arren, helduekin ere egin duzue lan. Asko egokitzen dituzue zuen proposamenak ikus-entzuleen adinaren arabera? Desberdin erreakzionatzen dute batzuek eta besteek? Zer nolako garrantzia du ikus-entzuleekiko gertutasunak horrelako proposamenetan?
Gaur egun, familientzako hiru ikuskizun pedagogiko ditugu ikusgai, eta publiko helduagoarentzako diziplina anitzeko obra bat. Gure lanaren zati bat da haur-ikuskizunak ikastetxeetara gerturatzea, eta, beraz, 2 urteko haurretatik hasi eta Batxilergora bitarteko ikasleen aurrean aritzen gara. Horregatik egokitzen ditugu beti ikuskizunak adinaren arabera, testua, ekintzak, ikus-entzuleekiko interakzioa eta musikaren iraupena ere aldatuz.
Zorionez, Jon Casamayor eta Leire Orbe aktoreekin lan egiteko aukera izaten dugu normalean. Inprobisatzaile handiak dira biak, eta sortu ahala egokitu daitezke ikus-entzuleen erreakzioetara, adinera eta ia gerta daitekeen edozertara. Antzoki edo auditoriumetan aritzen garenean, ez dago hainbesterainoko egokitzapenik egin beharrik, familiak izan ohi direlako ia beti ikus-entzuleak. Edonola ere, Jonek eta Leirek lan handia egiten dute beti ikus-entzuleen erreakzioak jasotzen eta haietara egokitzen; gainera, musikarekiko erreakzioa antzekoa da adina edozein dela ere. Ikus-entzule guztiak helduak diren aretoren batean ere aritu izan gara, eta beti funtzionatu izan du nahiko ondo, ikuskizunaren alde komikoa gehiago esplotatuta, eta, aldi berean, musikari bere leku nagusia utziz.
Hasieran esan diguzun bezala, zuen lanaren helburua bada baita ere musika-hezkuntza sustatzea hartarako aukera gutxiago duten komunitateetan, eta, hala, ikus-entzule berriak sortzen laguntzea. Zer irakaspen nabarmenduko zenituzke arlo horretan izandako bizipenetatik?
Oso bizipen positiboak eta aberasgarriak izan ditugu ezohiko lekuetan, hala nola ikastetxe edo institutuetan edo kultura kontsumitzeko joera gutxiago duten eremuetako gizarte-etxe eta areto txikietan, inoiz kontzertu edo antzerki bat ikustera joan ez diren gazteentzat antzeztuz. Esperientzia oso interesgarriak izan ditugu emanaldien ondoren: instrumentuekiko interesa piztu zaien eta maila honetan aritzeko gure errutina nolakoa den jakin nahi duten gazteak, gero entzuteko zer musika jo dugun jakin nahi dutenak, aktoreei zer prestakuntza izan duten eta nolako esperientzia profesionala duten galdetzen dietenak... Interes zintzoa, kuriosoa eta ikusteko ederra.
Aurreko denboraldian, adibidez, Donostiako Kursaal auditoriumari esker, aukera izan genuen gure emanaldiaren inguruko zenbait tailer antolatzeko aretoan bertan Elkarbanatuz-ekin batera, zeina irabazi asmorik gabeko entitate bat baita, esku-hartze sozialaren eremuan eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonekin aritzen dena. Emanaldiaren aurretik, entitateak laguntzen dien gazteekin igaro genuen arratsalde bat; haientzat jo genuen, elkarrekin aritu ginen hizketan eta jarduera txiki batzuk egin genituen. Emanaldiaren ostean, guregana etorri ziren berriz, eta tailerrarekin jarraitu genuen. Gutxitan nabaritu dugu hainbesteko interesa eta jaso, hainbesteko maitasuna. Lan hau egiteak zentzua duela erakusten diguten esperientziak dira, eta aurrera jarraitzen laguntzen digute.
Musikak beste arte batzuekin duen harremana da Soinuak Haizeanen beste ardatzetako bat: adibidez, kantuarekin, Mozarten "Bastian eta Bastiana" operan edo "Eko eta Itsasoa" kontzertuan, eta dantza eta antzerkiarekin, "Itsasoa laino dago" ikuskizunean. Zer esan diezagukezu proposamen horiei buruz? Zergatik da hain garrantzitsua diziplina artistiko desberdinen arteko harreman hori?
"Itsasoa laino dago" helduei zuzendutako gure lehenengo proposamena da. Diziplina askotako ikuskizun bat da: hari-laukote bat, hiru dantzari eta aktore bat. Sehaska-kanta tradizional horretatik hartu du izena, eta gure inguruko arrantzale-herrietako emakumeen historia kontatzen du: emakume horiek familiak zaindu eta aldi berean saregile edo sardina-saltzaile gisa aritzen ziren, itsasoan denbora asko pasatzen zuten senarren zain. Proposamenean, euskal musikagileen doinuak, hala nola Guridi eta Usandizaga, eta Elena Muñoz de Moralesek okasiorako konposatutako musika, dantza tradizionala eta garaikidea, antzerkia eta ikuskizunerako berreskuratutako irudi historikoen proiekzioak uztartzen dira. Oso berezia izan da "Itsasoa laino dago" gure inguruko herrietan taularatzea, hala nola Lekeitio, Bermeo edo Plentzian, eta hunkitu egin diren pertsonekin topo egitea, beren amen edo amonen historia gogorarazi dielako.
Mozartek nerabe zela idatzitako "Bastian eta Bastiana" operaren kasuan, Nuria Alkorta antzerkigile bikainak itzuli eta eguneratutako gidoia hartu dugu abiaburu. Mendeen joanarekin zaharkitu samar geratu den trama bat eguneratzea da gure asmoa, baina mamia errespetatuz, eta euskarara eta gaztelaniara itzulita, ikus-entzuleek arazorik gabe jarraitzea posible egitea. Oso opera komikoa eta laburra da, ezin hobea familientzat. Orain arteko gure ikuskizunik handiena da, opera bat ekoizteak dakarren guztiagatik, nahiz eta, hau bezala, laburra izan, eszenografiari, jantziei eta prestakuntzari dagokienez.
"Eko eta Itsasoa" gure azken ikuskizun didaktikoa da. Hiru musikarirekin (biolina, biola eta fagota) eta gure aktorearekin egiten dugu emanaldia; aktorea, kasu honetan, Ekoren paperean sartuko da, ekosistemen zaindari den izaki mitologiko bat. Naturari zor diogun errespetuaz arituko da ikuskizuna, eta itsasoarekin dugun harremanean jarriko du arreta. Oraingoan, ikuskizun interaktiboago bat sortu nahi izan dugu, publikoan dauden neska-mutilek Ekoren laguntzaz modu aktiboagoan parte har dezaten, kantuaren, dantzaren, gorputz-perkusioaren eta beste jarduera batzuen bidez. Beste ikuskizunetan bezala, musika klasikoa da ardatz nagusia, eta itsasoaren ahotsa irudikatzen du; dena umorez egiten da.
Kasu guztietan, hainbat diziplina artistiko nahasten ditugu, aipatu ez ditugun beste diziplina oso garrantzitsu batzuekin batera, hala nola jantzien edo argiztapenaren diseinua. Sinetsita gaude diziplinen nahasketak erraz gozatzeko moduko ikuskizun harrigarriak sortzen dituela, eta ikus-entzuleekin maila askotan bat egin dezaketela.
("Eko eta Itsasoa")
Zer egoera du musika-hezkuntzak gure inguruan? Beste leku batzuetakoarekin alderatuta, oso desberdina da? Zein dira erronka nagusiak?
Oso argi dugu musika ikastea oso aberasgarria dela, ia funtsezkoa, batez ere gaur egun. Gure emozioekin konektatzen laguntzen digu, beste estimulu batzuetatik aldentzen eta jarduera konplexu batean kontzentratzen, eta, aldi berean, zoriontsu egiten gaituen zerbaitez gozatzen. Instrumentu bat jotzeak ondorio positibo ugari ditu ikasleen garapenean, baina, gainera, pazientzia ere garatzen du, eta ideia hau indartzen: egindako ahaleginaren saria denborak dakarrela eta ez dela berehalakoa. Horregatik guztiagatik da hain garrantzitsua musika-hezkuntza maila guztietan.
Soinuak Haizeanen, dibulgazioaren bidez egiten dugu hezkuntza-lana. Beharbada kontzertu batera edo antzerkira sekula joan ez diren neska-mutilei hurbildu nahi diegu musika. Kultura esperientzia on, dibertigarri eta aberasgarri batekin lotu dezaten nahi dugu, eta baliteke inoiz pertsona horietakoren bat musika-ikasketetara hurbilaraztea.
Egia esan, Soinuak Haizeanetik kanpo daukagu guk musika-hezkuntzarekin harreman zuzenena, kontserbatorioko irakasle baikara. Horri dagokionez, esan dezakegu musika-hezkuntzak egoera ona duela gure ingurunean, batez ere musikara iristeari dagokionez: kontserbatorio eta musika-eskola publiko ugari ditugu, eta, beraz, musika-hezkuntza eskuragarri eta gertuko egiten du horrek. Bestelakoa da egoera lan egin izan dugun beste herrialde batzuetan, ez baitago kontserbatorioen edo eskolen sare publikorik, eta musika-hezkuntza ez baitago hain eskura, adibidez, baliabide gutxiagoko familientzat.
Erronka, gure ustez, musika-hezkuntza oinarritik bultzatzen jarraitzea da; hau da ikastetxeetatik. Ikasle guztiek musika-hezkuntza on bat izan dezatela nahi dugu, eta ikastetxeak eta ikastolak kontserbatorio eta musika-eskolekin lotzen dituzten zubiak sortzea. Horregatik gustatzen zaigu lan egitea ikastetxeekin.
(Musika Bulegoaren saria jasotzen)
Aurten, Musika Bulegoaren sarietako bat jaso du Soinuak Haizeanek, musika klasikoa haurrengana hurbiltzeko egindako lanagatik. Nola hartu duzue? Zer iritzi duzue orain arte egindako bideaz?
Harrotasun handiz jaso dugu saria; ikaragarrizko poza eman digu. Eskertzekoa da gure lana halako garrantzia duen sari batekin aintzat hartzea, Musika Bulegoarena bezalako sari batekin, alegia; batez ere, zenbat proposamen bikain zeuden ikusita, gurea izan baita musika klasikoko saritu bakarra.
Daramagun urte apurretan, gora egin dugu, kontuan izanik, gainera, hasi berritan pandemia iritsi zela eta urte pare batez asko mugatu gintuela. Hala eta guztiz ere, badaramatzagu jada berrehun emanaldi baino gehiago ikastetxeak eta gure inguruko areto nagusietako batzuk batuta, esaterako Euskalduna jauregia, Campos Elíseos antzokia, Kursaal edo Baluarte auditoriuma, eta, gainera, entitate garrantzitsu batzuekin lan egiteko aukera ere izan dugu, hala nola Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin edo Bilboko Elkarte Filarmonikoarekin.
Eta nola ikusten duzue etorkizuna? Baduzue proiektu berriren bat martxan? Datozen urteetan, norantz jo nahiko zenuke?
Momentu honetan ikusgai ditugun ikuskizunen banaketan ari gara, eta, aldi berean, ilusio handia egiten diguten pare bat proiektu berri lantzen.
Hitz egin dugu dagoeneko Mozarten "Bastian eta Bastiana" operari buruz, euskarara eta gaztelaniara egokitzen ari garela; datorren denboraldian estreinatzeko moduan izatea espero dugu. Baina bada denboraldi honetarako beste proiektu bat ere, eta gure ahaleginak horretara bideratzen ari gara: Bilboko Elkarte Filarmonikoarekin abian jarri dugun elkarlana. Musika klasikoaren munduko entitate historiko batez ari gara; elkarlanean hasi gara, kontzertu didaktiko eta familiar batzuk sortzeko, gazteak areto horretara gerturatzen laguntzeko. "Filarmonika Txikia" du izena proiektuak, eta 2026ko otsailean jarriko da abian. Bizkaiko ikastetxeak izango dira aretoan, "Emozioetan Zehar Bidaiatzeko Kontzertu Txundigarria" izeneko goizeko emanaldietara joateko eskola-ordutegian, eta asteburuetan, berriz, sarrera irekia izango da, aretoa familiei gerturatzeko.
Pixkanaka, horrelako jarduerak egiten jarraitzea espero dugu, musika ahalik eta jenderik gehienarengana iristeko.
(2025eko urriaren 13an argitaratutako Berezia)