Eskena, Euskadiko Ekoizpen Eszenikoko Enpresen Elkartea, ikuskizunaren munduaren topagunea da 1995etik, eta euskal sektore eszenikoak garatzeko baldintza egokienak izan ditzan lan egiten ari da ordutik. 30. urteurrena dela-eta, Agurtzane Intxaurragarekin eta Gorka Etxeandiarekin hitz egin dugu; elkarteko presidentea eta komunikazio-arduraduna dira, hurrenez hurren.
Zer da Eskena? Nola eta zer helbururekin sortu zen?
Agurtzane Intxaurraga: Eskena duela 30 urte sortu zen, 1995ean, beren lana lanbide gisa ulertzen hasi ziren antzerki-taldeen loraldia gertatu zen unean. Administrazioek, gainera, profesionalizatzeko eskatu zieten antzerki-taldeei, eta profesionalizatzea enpresa-munduan murgiltzeko urrats gisa ulertzen zen. Eskena, beraz, topagune gisa sortu zen, enpresa berriei aldaketa horretan laguntzeko asmoz, eta ekoizpen eszenikoa helburu hartuta.
Zer eskaintzen die arte eszenikoen sektoreko profesionalei?
Agurtzane Intxaurraga: Hasierako urteetan, elkarteko konpainiak antzerki-ekoizpenean aritzen ziren nagusiki; gero, euskal sorkuntza eszenikoa irekitzen joan da, eta diziplina berrietara zabaldu da. Gaur egun, Eskena ez da antzerkira mugatzen, arte eszenikoak hartzen baititu oro har, eta, bere bazkideen artean, antzerki-konpainiez gain, dantza- eta zirku-ekoiztetxeak ere badaude. Eskena, beraz, errebindikazio-gune komun bat partekatzen duten ekoiztetxeen haztegi bat da, entzuteko eta hausnartzeko leku bat, erakundeetan eta gizarte zibilean oihartzuna izateko bozgorailu bat. Espazio hori "auzokoa" dela esan genezake, eta, gainera, beti lan egiten du beste elkarte sektorial batzuekin aliantzak bilatzeko, hala nola ADDE, Artekale edo EZErekin, lehentasunezko helburu batekin: euskal arte eszenikoak zaintzea eta profesionalizatzea.
(Mercartes, 2025. Argazkia: Gerardo Sanz)
Hiru hamarkada hauetan, zer izan da zailena? Zertaz zaudete harro bereziki? Elkartearen ibilbidea nabarmen markatu duen gertaerarik edo egoerarik izan al da?
Agurtzane Intxaurraga: Ur bizietan arraunean egitea ez da inoiz erraza. Agian sektore osoari eta gizarte osoari, oro har, eragin zien une zailenetako bat 2008ko krisi handia izan zen, finantza-krisiaren ondoriozkoa. Programazioak nabarmen erori ziren, eta sektorea atomizatu egin zen. Gaur egun ere jarraitzen du atomizazioak, eta horrek sektoreari prekaritate handia ekarri dio, gainditu ezin izan duguna. Hala eta guztiz ere, urte hauetan guztietan Eskenak bazkide bakoitzari entzuten eta laguntzen jakin du, bakoitzaren berezitasunak eta kezkak aintzat hartuta. Baina beti egin du begirada sektorial batekin, eragile aktiboa izan baita kogobernantzan eta kultura-politiken prestaketan. Nire ustez, Eskena elkartea bere bazkideez harago doa, sektore osoaren alde lan egiten baitu, eta oso harro nago horretaz.
Horren adibide argia Arte Eszenikoen Sektorearen Hitzarmen Kolektiboa izan zen, 2023an sinatu zena, aurreko negoziazio eta itun askoren ondoren. Mugarri bat izan zen arte eszenikoen sektore osoarentzat, eta Eskena buru izan zuen.
Oso lorpen garrantzitsua izan da, halaber, Harrobia espazioa Bilboko Udalarekin lankidetzan kudeatzea 2011tik. Berrikuntza- eta ekoizpen-zentroa da, eta Bizkaiko konpainiei aukera eman die beren ekoizpenak garatzeko hain beharrezkoa den sorkuntza-espazio bat izateko.
Espainiako iparraldeko beste 5 elkarterekin lankidetzan egindako Camino Escena Norte proiektuaren sustapena ere nabarmenduko nuke. Zirkuitu eszenikoa da, eta iparraldeko Done Jakue Bidea du ardatz. Zirkuitu horren 7. edizioa egin da aurten, eta 18 ikuskizunen 60 emanaldi egin dira, bai eta topaketa profesionalak ere, parte hartu duten 6 autonomia-erkidegoetako sortzaileen arteko ezagutza eta interakzioa sustatzeko.
Harrobia sortu zenetik ia 15 urte igaro dira. Zertan datza, zehazki? Eta zer baliabide jartzen ditu profesionalen eskura?
Gorka Etxeandia: 2011tik, Bilboko Udalarekin lankidetzan, Eskenak Harrobia ekoizpen- eta berrikuntza-zentroa kudeatzen du, eliza izandako eraikin batean kokatutako 1.000 m² inguruko espazioa. Estatuan, sektoreak berak kudeatzen duen sorkuntza eszeniko profesionalerako baliabide-zentro bakarra da.
Harrobiak baliabide hauek eskaintzen ditu: erabat hornitutako entsegu-aretoak; argiztapeneko, soinuko eta bideoko baliabide teknikoak; egonaldi artistikoak, eta ekoizpenari eta komunikazioari buruzko aholkularitza eta prestakuntza espezializatua. Gainera, zenbait zerbitzu ditu, hala nola garbitegia eta sarrera automatizatua, eta konpainiek leku horretan soilik egin ditzakete entseguak eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan.
Azken batean, topaketarako, lankidetzarako eta profesionalizaziorako gune bat da, euskal sare eszenikoa indartzen duena eta sortzaileei laguntzen diena beren proiektuen fase guztietan.
("El lenguaje de las flores", La Mapatxa Teatro taldearena, Eszenabide 2024an aukeratutako pieza. Argazkia: Ana Martín)
Zer helburu dituzte "Trantsizioak" eta "Eszenabide" egitasmoek? Nola funtzionatzen dute?
Gorka Etxeandia: "Trantsizioak" eta "Eszenabide" Harrobiaren bigarren fasea dira. Hasiera batean arte eszenikoetako profesionalei azpiegiturak eta baliabide teknikoak eskaintzeko jaio zen zentroa, baina, geroago, beste urrats bat egin genuen: programa propioak sortzea, eta programa horiek sektorearen profesionalizazio integraleko prozesu baten parte gisa diseinatuta egotea.
"Trantsizioak" nagusiki artista emergenteei zuzenduta dago. Helburu argia du: prestakuntza-etaparen eta etapa profesionalaren arteko urratsa erraztea, sarritan zaila izaten baita. Esperientzia handia duten profesionalek egindako tutoretzen bidez egiten da, bai eta ekintzailetzaren oinarrizko kontzeptuei buruzko prestakuntzaren eta egungo testuinguru kulturalean moldatzeko laguntzaren bidez ere. Nolabait, sektorera sartzeko arrapala bat da, eta Eusko Jaurlaritzaren produkziorako dirulaguntzetara (Produkzioak I) lehiakortasun handiagoz aurkezteko helburua du. Programa hau bi urtean behin egiten da.
Bestalde, "Eszenabide" ekoizpen berriak publiko espezializatu baten aurrean probatzeko prozesuan dauden konpainia profesionalentzat da. Arte eszenikoen erakusleiho gisa funtzionatzen du, eta, bertan, hautatutako konpainiek beren lan berrien zati edo pieza laburrak aurkezten dituzte jardunaldi batean, ikuslez osatutako epaimahai baten aurrean. Helburua da proiektuen ikusgarritasuna, trukea eta zirkulazioa sustatzea, eta, gainera, sormen-prozesuei buruzko hausnarketarako gune partekatu bat sortzea.
Bi ekimen horiek ideia beretik sortu ziren: Harrobia ez izatea entseguak egiteko lekua soilik, baizik eta sormen-prozesuei laguntzen dien espazio bat, ibilbideak bultzatzen dituena eta zubiak zabaltzen dituena sorkuntzaren, ekoizpenaren eta erakusketaren artean.
(Mercartes, 2025. Argazkia: Gerardo Sanz)
30 urtez harreman zuzena izan duzue Euskadiko arte eszenikoen sektorearekin, eta horri esker gertutik ikusi ahal izan dituzue gertatutako aldaketa guztiak. Zuen ustez, nolako bilakaera izan du sektoreak hiru hamarkada hauetan?
Agurtzane Intxaurraga: 80ko hamarkadan, Gernikako Estatutua onartu zenean, zalantzan jartzen hasi ziren erakundeek soilik gidatutako kultura-politikak, eta demokratizazio-prozesua eta sareak bultzatzeko prozesuari ekin zitzaion.
Lehen fasean, sistema kulturala eta politikoa sustatu eta berreraiki zen.
Bigarren fasea XXI. mendearen hasierara arte iritsi zen, eta instituzionalizazioa izan zuen ardatz: erakunde-egiturak finkatu ziren eta enpresa-egiturak sortzea bultzatu zen; dirulaguntza-politikak formalizatu ziren, ekipamendu handiak sortzeaz gain (Guggenheim Bilbao Museoa). Artea produktu bihurtu zen, eta egitura independente pribatuok produktu "esportagarriak" ekoizten eta banatzen aritu ginen, herritarrekin sareak ehundu ahal izateko benetako lekurik gabe.
Hirugarren fasean, aldiz, plangintza eta gobernantza izan ziren nagusi, eta herritarrei zuzendutako kudeaketa parte-hartzailerako («kogestio» deritzona) eredu berriak eratu ziren, kogestioa kudeaketa-ereduaren motibazioa bihurtzeraino; adibidez, DSS2016 proiektuak herritarren parte-hartzea (elkarteen parte-hartzea) sustatu zuen proiektuen diseinuan; alabaina, bazterrean utzi zituen urteetan zehar ehun profesionala osatzen joan garen enpresak. Ziklo hori 2008tik aurrera amaitu zen, 2014ra arte iraun zuen finantza-krisiaren ondorioz. Zikloaren ezaugarriei dagokienez, hau izan zen garrantzitsuena: arlo publikoak eta pribatuak gero eta dimentsio handiagoko errealitate eszenikoa eratzea, bai merkatuaren alderdi kuantitatiboari dagokionez —emanaldiak, publikoak eta bolumen ekonomikoa—, bai ekoizpen artistikoaren kalitateari eta garrantziari dagokienez. Hortik aurrera, susperraldi txiki bat gertatu zen, baina COVID-19ak eten egin zuen, jarduera erabat gelditu baitzen. Bi krisi larri kateatze horrek emaitza kezkagarriak ekarri zituen, zalantzarik gabe.
Une honetan oso egoera zailean gaude. Alde batetik, sektorea oso atomizatuta dago, eta lehia dago Sareako zirkuitu instituzionaletan sartzeko; horrek borroka sustatzen du sektorearen barnean. Horri ikusleen arazoa gehitu behar zaio; izan ere, kontua larritu egin zen pandemiaren ondoren, eta ezin izan da leheneratu. Ekitaldi handiak indarra eta publikoa irabazten ari dira, baina gure antzokietako ohiko programazioak, baldin identitate-, komunitate- edo kidetasun-balioetatik kanpo badaude, ahultzen ari dira, batez ere dantza garaikidearen kasuan, ez baitu suspertzea lortzen. Glokala lekua irabazten ari zaio erdi-mailako sare kulturalari (midcult). Sare hori merkatuko aginduetatik urrun dago, eta lausotzeko arriskua du. Ezin dugu besaulki huts gehiago onartu gure antzokietan.
Zein dira gaur egun sektorearen erronka nagusiak?
Agurtzane Intxaurraga: Azken urte honetan, sektoreak bizi duen egoera zailari buruzko gogoeta-aldi bati ekin dio Eskenak, eta "Testuinguru emankorra" izeneko dokumentu-txosten bat izan da emaitza. Dokumentu hori egiteko, diagnostikoak kontrastatu ditugu gure esperientzien arabera; sektoreak —EAEn eta EAEtik kanpo— 2020tik egin dituen dozenaka proposamen dokumentatu ditugu; azkenik, zenbait parametrorekin, proposamen batzuk hautatu eta hierarkizatu ditugu, uste baitugu gaurkotasunaren, egingarritasunaren eta sakontasun estrategikoaren arteko oreka nahikoa dutela, sektorearentzat etorkizun jasangarriagoa imajinatzeko hainbeste behar dugun jarduera eszenikorako testuinguru emankor hori ahalbidetzeko.
Erronka hauek jarri dizkiogu geure buruari:
Katalunia eredutzat hartuta, eta gure erakunde- eta gizarte-ekosistemara egokituta, lehen helburutzat jarri dugu aldarrikatzea kulturarako izan dadila Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren % 2. Sektoreak bizi duen prekaritatea gainditu behar da, eta, horretarako, sormenaren eta egituraren aldetik osasuntsua den sektore bat eraiki behar da, erakundeek gidatutako paradigma-aldaketa bat egin ahal izateko, kultura ongizate-gizartearen zutabe handietako bat izan dadin. Erronka handi horrek, ezinbestean, lankidetza-ekosistema bat eraikitzea dakar, ez soilik arte eszenikoen sektore-elkarteekin eta Sarearekin (Euskadiko Antzokien Sarea), baita kulturaren sektore guztiekin ere.
Bigarren erronka handi bat espazio eszeniko publikoetan egonaldi-ereduak bultzatzea da; hala, azpiegiturak eta giza baliabideak optimizatu ahal izango dira kulturalki erakargarriak diren hiri eta eskualdeen garapenean, eta errazago bihurtuko da konpainia eta talde eszenikoen jasangarritasuna, gizartera bideratutako ekintzaren, publikoak sortzearen eta sorkuntza eta erakusketa artistikoaren bidez.
Oso garrantzitsua iruditzen zaigun beste gaietako bat Hezkuntza Sailarekin zeharka lan egiten hastea da. Alde batetik, oso beharrezkoa iruditzen zaigu arte eszenikoak ikastetxeen hezkuntza-proiektuetan sartzea, eta horrek aukera emango luke, alde batetik, artisten edo egitura eszenikoen eta ikastetxeen arteko lankidetza-sistema egonkor bat sortzeko, eta, bestetik, artea txikitatik gizartea eta kultura eraldatzeko elementu gisa ulertzeko. Gainera, egungo eta etorkizuneko publikoak sortzea ekarriko luke, zalantzarik gabe. Gai horrekin batera, beharrezkotzat jotzen dugu sail horrekin hitzarmen bat lortzea, arte eszenikoak irakasleen prestakuntzan txertatzeko.
(Eszenabide 2024)
Eskenak zer egin beharko luke etorkizunean arte eszenikoen sustapenean eta bitartekaritzan funtsezko eragile izaten jarraitzeko?
Agurtzane Intxaurraga: Eskena, bai eta, oro har, euskal arte eszenikoak ere, mundu globalizatuaren parte dira, eta, beraz, erronka handi eta askotarikoei egin behar diete aurre, hala nola herritarren pobretzeari, giza eskubideen urraketari, errealitate birtualaren gordintasunari, adimen artifizialaren iraultzari, muturreko indibidualismoaren ondorio mentalei edo klima-aldaketari. Eskena ezin da bizi, eta ez du bizi behar, errealitate horretatik kanpo. Bere ekosistemako eragile aktibo izaten jarraitu behar du. Horretarako, haren egiturek sendoak bezain malguak izan behar dute, gai izan behar dute merkatuaren eta gizarte likido baten gorabeheretara sormenez eta emankortasunez egokitzeko. Hori lortzeko, zalantzarik gabe, kolektiboki lan egiten jarraitu behar dugu, sektore-ikuspegiarekin, zer falta den adierazteko, daukaguna eskertzeko eta merezi duguna aldarrikatzeko.
(2025eko urriaren 30ean argitaratutako Berezia)