Biko-Teka 2026: izen-ematea

  • Biko-Teka 2026: izen-ematea

Badator 2026ko Biko-Teka. Urtarrilaren 26tik 30era egingo den albumak eta liburu ilustratuak sortzeko tailerrak hamar urte beteko ditu. Aurten ere idazle eta ilustratzaile hasiberriek osatutako beste 8 bikoteren bila dabiltza Galtzagorri Elkartea eta Iruñeko Udala, Kondestable Jauregian, ikasiz eta lan eginez, astebete ahaztezin bat igaro dezaten. Hautagaitzak aurkezteko azken eguna abenduaren 5a da. Aukeratutako bikoteei, abenduaren 15eko astean emango zaie erantzuna.

Biko-Tekan, Maite Mutuberriaren afixak dioen bezala, literatura bikotean praktikatzen da. Horretarako idazle eta ilustratzaile banak osatutako zortzi bikote aukeratzen dira. Egileak bakarka edo bikotean aurkeztu daitezke; bakarka aurkezten direnei bikotea topatzen die irakasleek osatutako lan-bikoteak. Izan ere, gidariak ere bikote-profesional dira, eta aurten, Aitziber Alonso eta Harkaitz Cano izango dira.

Aurtengo edizioan parte hartu nahi duten idazle eta ilustratzaileek, ohiko dokumentazioaz gain (NAN, telefono zenbakia, curriculuma, e-posta helbidea), honako hau aurkeztu behar dute:

  • Ilustratzaileek irudi-kate bat osatzen duten 3 ilustrazio.
  • Idazleek gehienez orrialde bateko luzera duen testu laburra.
  • Bikotean aurkezten direnek landu nahi duten proiektuaren zirriborroa.

Deialdiaren informazioa osoa, hemen topatu daiteke.

Euskarazko albumak elkarlanean

Galtzagorri Elkarteak Iruñeko Udalarekin batera antolatzen duen Biko-Teka tailer honen helburua idazle eta ilustratzaileak elkarlanean jartzea da eta elkarlan horretatik album baten proiektua sortzea. Finean, album bat nola pentsatu, nola idatzi, sekuentziatu eta marraztu daitekeen lantzen dute lau egun eta erdiz irauten duen tailer trinkoan.

Urrats guzti horietan sakontzeko ariketa sortaz gain, hausnarketa eta teoria lantzeko tarteak ere izaten dira tailerrean. Halaber, irakasleek bikoteei lanerako denbora ematen diete eta denbora horretan, hain zuzen, sortzen dira album ilustratuen proiektuak. Horietako askok ikusi dute argia azken hamar urteetan, batzuk Haurrentzako Album ilustratuak sortzeko Etxepare Saria irabazi ostean, eta beste batzuk ibilbide propio baten ondorioz.

Edizioa eta autoekoizpena

Tailerraren baitan goiz bat eskaini ohi zaio euskal editoreen eta album ilustratuetan aditu direnen eta parte-hartzaileen arteko hitzaldi-solasaldiari. Aurten Uxue Razkin editorearen (Erein) eta Maite Caballero eta Maite Gurrutxaga sortzaileen (Tupust! kolektiboa) eskutik liburu grafikoaren edizioaren alderdi ezberdinak ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. Bere argitaletxean plazaratzen dituen albumen ezaugarriez eta lan egiteko moldeez arituko da bata; Tupust! egile kolektiboaren funtzionamenduaz eta komiki-liburuen autoekoizpenaz, besteak.


Laburrean

  • Epea 2025(e)ko Azaroak 18(e)tik 2025(e)ko Abenduak 5(e)ra
  • EntitateaGaltzagorri Elkartea, Iruñeko Udala
  • Deialdi-motaParte-hartzerako deialdia
  • SektoreaIkusizko arteak, Literatura
  • JardueraSorkuntza
  • Deialdia OINARRIAK

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.