Karmele Mitxelena, idazlea: «Egunak eman ditzaket gustatzen ez zaidan paragrafo bati bueltaka, edo egun bakarrean idatz dezaket ipuin bat. Sortze-prozesuak markatzen ditu denborak, eta ez alderantziz»

  • Karmele Mitxelena, idazlea: «Egunak eman ditzaket gustatzen ez zaidan paragrafo bati bueltaka, edo egun bakarrean idatz dezaket ipuin bat. Sortze-prozesuak markatzen ditu denborak, eta ez alderantziz»
    Argazkiaren egilea: Naiara Mitxelena Etxebeste

Hamaika bertso-paper lehiaketa irabazita iritsi zen Karmele Mitxelena literaturara, "hitzarekin jolasten jarraitzeko". Bere aurreneko ipuina lehiaketa batera aurkeztu zuen, eta saritu egin zuten. Harrezkero, beste hainbat sari etorri dira. Esaterako, aurten, Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria irabazi du Aitona Floren lanarekin, eta Zoriona, edo antzeko zerbait nobelarekin Espainiako Kritikaren Saria eta Zilarrezko Euskadi Saria jaso ditu. Bere ibilbidean film labur bat ere ondu du (Alaia Martinekin eta Iraitz Mateorekin batera), eta bere lanetan oinarritutako zenbait ikuskizun ere sortu ditu. Horri guztiari eta gehiagori buruz hitz egin dugu Karmelerekin.


Literaturan hasi aurretik, bertsotan ibili zinen, eta luzea da urte hauetan guztietan hango eta hemengo bertso-paper lehiaketetan irabazi dituzun sarien zerrenda. Zer harreman duzu gaur egun bertsolaritzarekin?

Bat-bateko bertsolaritza aspaldi utzi nuen, eta idatzizkoa ere bide horretan doala esango nuke, baina bertsolaritza oso neure sentitzen dut oraindik. Bertsolaritzaren munduan nire aitari esker murgildu nintzen, hura zen bertsolaria eta bertsozalea. Zoritxarrez aita galdu nuen, eta bertsolaritza geratu zitzaidan. Niretzat oraindik ere oso estuki lotuta daude bertsolaritza eta nire aitaren memoria. Ez dago bertso-saio bakar bat, nire aitarekin oroitu gabe entzun dezakedana. Etengabe pentsatzen dut "hau aitari gustatuko litzaioke" edo "honi aitak ez lioke txalorik joko", modu batean, nire barruan, berarekin partekatzen ditut bertso-saioak, eta guzti hori ematen dit bertsoak.

Urtetan, bertso-paperak egin zalea izan naiz, burua asko estutzea dakarrelako. Oso jolas interesgarria da hitzaren eta neurriaren artean, borroka etengabe bat bertsoak forma hartzen duen arte. Denbora libre gehiago izango banu, beharbada eskainiko nioke tarteren bat bertso idatziari, baina ez da kasua.

Egun, batez ere eragile eta antolatzaile lanetan ibiltzen naiz herrian. Garai bateko emakume bertsolarien memoria ere arakatu nahi izan dut pixka bat, Martzelina Lopetegi Olaizena, hain zuzen ere, eta proiektu desberdinak sortu dira horren harira. Bestalde, lagun mina dut Alaia Martin, eta haren jarraitzaile sutsua ere banaiz, batez ere, txapelketetan. Bera non, ni han egoten saiatzen naiz, eta horrek txapelketa gertutik jarraitzera behartzen nau; asko eskertzen dut hori.


Zerk eraman zintuen literaturara? Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?

Hitzarekin jolasteko beharra nuela uste dut. Bertsoak idazteak horixe eskaintzen zidan, eta narratiba lantzea ere hori zen, hitzarekin jolasten jarraitzea, baina beste formatu batean, eta istorioa landuz. Lehen ipuina gogoratzen dut, lehiaketa batera aurkeztu eta saritua izan nintzen. Hortik aurrera, pixkanaka, lehiaketek markatu zuten nire ibilbidea. Lehiaketak ezagutzen joan nintzen, eta haietara aurkezten, eta gehienetan saritua izaten nintzen. Uste dut hori garrantzitsua izan zela, horrek nire buruarekiko sekulako konfiantza eman baitzidan. Eta tristea da esatea, baina ez dakit hain saritua izan ez banintz, neure burua balioan jartzeko gai izango nintzatekeen; ziurrenik ez.


Zure ibilbidean, ipuingintza izan da gehien jorratu duzun generoa. 2022an, Haragizko mamuak zure lehen ipuin-bildumarekin Donostia Hiria Kutxa Literatura Saria irabazi zenuen. Zergatik da ipuina hain erakargarria zuretzat?

Izugarri gozatzen dut ipuinak idazten. Badute lehen aipatzen nuen jolas horretatik asko. Istorio biribilak izaten dira gehienetan, momentuak, esaldiak, hitzak oso lotuta doaz hasieratik bukaerara, eta hariak sortzen zoaz ipuin guztian zehar, hariak pertsonaia, elementu edo metaforekin. Nik bereziki hari horiek sortzen gozatzen dudala esango nuke.

Ipuin on bat testu perfektu bat izan daitekeela uste dut. Eleberri bat nekez izango da testu perfektu bat hasieratik bukaeraraino. Ipuinetan ezerk ezin dizu ihes egin, oso ondo aukeratu behar duzu zer esan, dena ezin baituzu kontatu. Guztia oso lotuta eduki behar duzu, denborak oso markatuta daude, ez dago betelanik, ez dago txorakerietarako astirik. Paragrafo bakoitzak, hitz bakoitzak ezinbestekoa izan behar du hor egon dadin.

Nire kasuan autoexijentzia handia suposatzen dit ipuin bat idazteak. Lehen zirriborroak ez du ezertarako balio izaten, baina gero paragrafo bakoitzarekin borroka egiten dut niretzat paragrafo perfektua bihurtzen den arte. Egunak eman ditzaket gustatzen ez zaidan paragrafo bati bueltaka, edo egun bakarrean idatz dezaket ipuin bat. Sortze-prozesuak markatzen ditu denborak, eta ez alderantziz. Nire burua asko estutzen dut bukaerako emaitza niretzat perfektua den arte. Niretzat ez bada perfektua, ez da balizkoa, eta ez dago bukatuta.

Bestalde, ipuin-bildumek gai desberdin asko jorratzeko aukera eskaintzen dute, eta gustatzen zait irakurlea batetik bestera sorpresa moduko batean harrapatze hori. Niri irakurle bezala gustatzen zait horrekin topo egitea.


Haur eta gazte literaturak ere poz handiak eman dizkizu. Esaterako, Aitona Floren lanarekin (Jokin Mitxelenak egin ditu marrazkiak) Euskadi Literatura saria irabazi duzu aurten Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren atalean. Epaimahaiak nabarmendu duenez, "dramarik gabe, oso hurbileko kontakizun batean heriotza eta dolua lantzen ditu, haur protagonistaren ahotsetik abiatuta, monologo erabatekoa eta zuzena eraikiz". Nondik iritsi zitzaizun ideia? Nola heltzen zaio hain gai zailari haurrentzako lan batean?

Heriotzaren gaia beti dabil inguruan bueltaka, arreta pixka bat jartzea besterik ez da. Haurrez inguratuta bizi naiz, eta argi daukat heriotzaren esanahia oso desberdina dela eurentzat edo guretzat. Ez dakit zergatik, agian ez daukatelako denboraren nozio errealik, edo bai. Asko erakartzen nau nire pertsonatik aldendu, eta beste horren buruan sartzeak, eta pentsatzeak beste horrek zer pentsatuko lukeen, zer esango lukeen, zer sentituko lukeen halako egoera edo testuinguru jakin batean, bestearen ahotsetik eraikitzeak diskurtsoa; eta haurren kasuan are dibertigarriagoa da ariketa hau, izatez askoz naturalagoak direlako, eta oso oso aske sentitzen naiz haurrentzat idaztean.

Maiz heriotzaz hitz egitea zaila egiten zaigu helduoi, eta gai zaila dela esaten dugu horregatik. Baina ez dakit egiazki hala den, ulertzeko oso gai erraza da. Beharbada onartzeko da zaila.


Ogibidez irakaslea zara. Zer leku dauka literaturak eskoletan? Behar bezala lantzen al da?

Saiakerak egiten dira, baina ez dut uste orokorrean literaturaren indarrean benetan sinisten denik, ez hezkuntzan ez inon. Esan esaten da baietz, sisteman errotuta dagoela, baina uste dut tokian tokiko pertsonen esku dagoela erabat literaturaren lekua hezkuntzan. Askotan, gainera, helburu didaktiko oso zehatzei lotuta proposatzen da, ahaztuta plazeretik bizitzen den literaturak baino gehiago ez digula ezerk emango.


Zoriona, edo antzeko zerbait da helduentzat idatzi duzun bigarren liburua. Zure lehen eleberria da, Augustin Zubikarai bekari esker idatzi zenuena eta aurten Espainiako Kritikaren Saria eta Zilarrezko Euskadi Saria irabazi dituena. Hemen ere heriotza hizpide. Zer da zoriona, edo haren antza duen hori? Zertaz hitz egin nahi zenuen?

Doluaz hitz egin nahi nuen, bere buruaz beste egin duen pertsona baten bikotekidearen doluaz. Aspalditik buruan nuen egoera bat zen, eta asko pentsatzen nuen horren inguruan, bikotekide horri heriotzaren ondoren geratzen zitzaion horren inguruan. Hortik istorio bat eraiki nuen, gaixotasunaren eta heriotzaren ikuspegi zabalago batekin, eta bizirik jarraitzeko gogoa izatea aldarrikatu nahi nuen, zoriontsua, edo antzeko zerbait izaten jarraitzeko gogoa. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan sentimendu honi hitzak jartzea, bere kontraesan eta erruduntasun guztiarekin. Hortik etorri zen zorionaren kontzeptua bera zalantzan jartzea ere, zoriona zer den definitzen ez jakitea, pertsonaren, lekuaren eta unearen arabera oso esanahi desberdinak izan ditzakeelako.

[Argazkiaren egilea: Naiara Mitxelena Etxebeste]


"Zu ez zintuen itsaso honek hil. Beste itsaso bat izan zen, harroagoa, zakarragoa, zikinagoa, itsasoa bakarra bada ere". Horrela hasten da eleberria. Protagonista bera da kontatzailea, eta "zu" bati ari zaio hizketan, senarrari, alegia. Nor da Maria? Zein da nobelan planteatzen den bidaia?

Bidaia psikologiko bat da Mariarena, liburuan bidaia fisiko batekin islatzen den arren. Niretzat garrantzitsuena protagonistak bere barruan zituen gorabehera horiek guztiak azaleratzea zen, eta horiek Mariak sentitzen zituen bezala azaleratzea, modu desordenatu edo kontraesanez betetako batean. Kontaketa hori da protagonistak itsasoari egiten diona, benetan eraldatzaile bihurtzen zaiona, barrua hausten eta aldi berean askatzen diona.

Uste dut Mariak erreparazio bat bilatzen duela esaten eta egiten duen horretan, ez modu kontzientean, baina bere ahotsak hori eskatzen du; eta uste dut, modu batean, itsasoak, edo Josuk, eskaintzen diola hori.


Helduentzat zein haur eta gazteentzat idazten duzu, ipuinak zein hats luzeagoko kontakizunak. Nola planteatzen duzu proiektu berri bakoitza? Zerk eramaten zaitu bat edo beste hautatzera?

Ez nuke jakingo esaten. Ideiak nire burura iristen direnerako forma jakin batekin iristen dira, eta ez dut norentzat idatzi nahi nukeen pentsatu behar izaten, nolabait esatearren, pentsatuta dator.

Ziurrenik nire gogoaren baitan egongo da erabakiaren zatitxo bat behintzat, landu nahi dudan gaiak edo landu nahi dudan ahotsak eragina izango dute horretan. Izan ere, oso desberdin egoten naiz adin batentzat edo bestearentzat idazten ari naizenean. Haurrentzat idazten dudanean, adibidez, oso libre sentitzen naiz nahi dudana nahi dudan moduan esateko, filtrorik gabe. Haien naturaltasuna neureganatzen saiatzen naiz, eta barre ere egiten dut idazterakoan. Horrek ez du esan nahi nire burua estutzen ez dudanik, ez, asko estutzen dut eta buelta asko ematen dizkiot gauza bakoitzari.


Pentsatzen dut film laburra zuzendu duzu Alaia Martinekin eta Iraitz Mateorekin batera, besteak beste Laburbira zirkuituan eta Lekeitioko Zine Bileran ikusi ahal izan dena. Zer kontatzen du?

Amatasuna eta sortzaile-bizitza ezin uztartu dabilen emakume baten istorioa kontatzen du, bere sormen-lanaren aurrean sentitzen duen blokeoa erakutsiz. Ama eta sortzaile rolak utzita, lagunei eta sormenari helduta jarraitzeko ahalegin bat erakusten du, eta emakume artista ahaztuen inguruko erakusketa batera joaten da, ia etsigarri zaiona.

Abentura galanta izan zen hutsetik film labur bat egitea erabakitzea. Ez zen erraza izan, gehiegi ezagutzen ez genuen mundu batean geundelako batez ere. Hilabete gogorrak pasa nituen nik behintzat, baina asko mimatu genuen proiektua, asko asko asko eman genion, eta azken emaitza ikusleari gustatu zaiola dirudi. Merezi izan du, eta oso pozik gaude horrekin.


Iaz, zuk idatzitako Erraldoi erraldoiak liburuan oinarritutako ikuskizuna estreinatu zen, eta zu zeu aritu zinen ipuin-kontalari lanetan. Zer-nolako esperientzia izan da?

Esperientzia oso positiboa izaten da beti, haurrak zein familiak oso publiko eskertua dira, asko betetzen nau haiei halako momentu magikoak eskaini ahal izateak.

Ni ez naiz inolaz ere ipuin-kontalaria, eta ez da nire asmoa bide hori jorratzea. Baina, egia da, zenbait momentutan eskatu izan didatela liburuaren aurkezpen gisara edo, ipuinaren kontaketa egitea. Hortik aurrera, ez dut asko behar izaten saltsa handitan sartzeko, ni neu bakarrik sartzen naiz. Asko gozatzen dut ezerezetik ikuskizun bat sortzeko erronkarekin, burua martxan jartzen zait berehala. Gidoia osatzen dut, ideiak botatzen ditut, eta inguruak laguntzen dit atrezzoa, musika eta bestelako elementuak lortzen, neuk bakarrik ezingo nuke. Erraldoi erraldoiak liburuarekin egin genuen lehendabizi, eta Gau beltz on liburuarekin gero, eta bietan dut oso oroitzapen polita, bietan izan zen emaitza oso arrakastatsua, eta oraindik ere haurrek gogorarazten didate.

Ez da maiztasunez egin ahal izango nukeen zerbait. Denbora eta indar asko inbertitzen dut horrelako proposamenetan. Asko mimatzen eta zaintzen ditut, eta horrek egiten ditu hain berezi niretzat. Beste modu batera ez nituzke egingo, emaitzak ez ninduke asebeteko.


Benetako Zirkua (Mikel Zarate Saria) haur eta gazteentzako eleberri laburra da zure lanik berriena, Bruno Hidalgoren marrazkiak dituena. Zer topatuko du irakurleak bertan? Proiektu berrietan lanean ari zara dagoeneko?

Benetako Zirkua, nire beste lanekin alderatuta, ekintza askoko kontakizuna dela esango nuke. Bizia da, azkarra, protagonistaren ahots azeleratutik asko du. Herri aspergarri eta arrunt batera zirku italiar bat iristen da, eta hor hasten da istorio umoretsua, tentsio-momentuak eta barre egitekoak uztartzen dituena. Gai asko jorratzen ditu, baina batez ere laguntasunaz hitz egiten duela aipatuko nuke, baldintzarik gabeko urrezko laguntasun horren inguruan.

Proiektu berriei dagokienez, une honetan gazteei zuzendutako ipuin-bilduma bat bukatzen ari naiz, eta indar guztiak bertan jarrita dauzkat. Ez da publiko erraza, eta erronka handia bezain berezia izaten ari da niretzat ipuin-bilduma hau idaztea.


(2025eko azaroaren 21ean argitaratutako Berezia)