Getxoko Kulturak "Ramiro Pinilla" Eleberri Laburraren Lehiaketaren edizio berri bat (bederatzigarrena) jarriko du abian azaroaren 25ean, Ekimen hori Pinillesca kolektiboarekin elkarlanean antolatu da, eta bere helburua autore ezagunaren ondarea babestea eta sorkuntza literarioa bultzatzea da.
Lehiaketan parte ahal izango dute egoitza Espainian dutenek, edozein dela ere haien nazionalitatea. Euskaraz zein gaztelaniazko lanak aurkeztu ahal izango dira eta horien luzera 80 eta 120 orrialde artekoa izango da. Testuak jasotzeko epea 2026ko otsailaren 20ean amaituko da. Abuztuaren bigarren hamabostaldian epaimahaiak bere erabakia jakinaraziko du eta sariak irailaren lehenengo hamabostaldian emango dira.
Bi sari emango dira lehiaketan, euskarazko eta gaztelaniazko lanentzat, horietako bakoitza 6.300 eurokoa. Halaber, gaztelaniazko saria argitaratzeko 1.000 euroko laguntza ere jasoko du irabazleak. Horrezaz gain, euskarazko lanaren kasuan, Ereinek argitaratuko du eleberri irabazlea, Getxo Kulturak aipatutako argitaletxearekin sinatutako hitzarmenari esker, aurretik egileak eskubideak horri laga behar izango dituela. Deialdiaren arauak Getxoko Kultur Etxeetan zein www.getxo-kultura.eus/deialdiak web-estekan dagoeneko eskura daitezke.
Ekimenaren bitartez, Pinillesca taldeak eta Getxoko Udalak aurreko beste proiektu batzuetan (adibidez, egilearen heriotza dela eta antolatutako omenaldiak) hasitako elkarlanarekin jarraitzen dute. Lehiaketaz baliatuta, egilea getxotarra omendu nahi da eta baita bere lana ere. Izan ere, bere liburuak sari ugari eta garrantzitsuak lortu dituzte, esaterako Nadal saria, Euskadi Literatura-saria gaztelaniaz eta Narratibaren Sari Nazionala.
Aurreko edizioa
Lehiaketako azken edizioak parte hartze errekorra izan zuen eta, guztira, 217 lan jaso ziren, ohi bezala, aurkeztutako testuak jatorri askotakoak izan zirela. Haritz Larrageta, Itxaso Martin eta Irati Jimenezek osatutako epaimahaiak Irurtzuneko Nerea Baldaren Zure arnasa zaintzeko lana aukeratu zuen euskarazko testurik onenaren atalean eta, gaztelaniazko lanen kategorian, Gaztela-Leongo Paula Hoyos idalzeak jaso zuen saria Dormir fuera de casa eleberriagatik.
"Txiki Baskardo" Haurrentzako Lehiaketa
Era berean, Getxo Kulturak "Txiki Baskardo" Haurrentzako Kontakizun Lehiaketaren bederatzigarren edizioa ere abian jarri du, DBHko lehen mailako Getxoko ikasleen artean literatura sorkuntza sustatzeko. Lehiaketa honek bi modalitate izango ditu: lehenengoa, Getxoko ikastetxeen bitartez eta, bigarrena, librea. Helduentzako lehiaketan bezala, bi obra sarituko dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta irabazleek 500 euroko txartela jasoko dute, tokiko saltokietan erabili ahal izateko. Finalistek 50 euroko txekea irabaziko dute Getxoko establezimenduetan liburuak erosteko. Lehiaketari buruzko informazioa www.getxo-kultura.eus/txikibaskardo eta www.getxo-kultura.eus/deialdiak webguneetan eskura daiteke.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.