Bilboko Udalak KULTUR GABONAK ekimenaren edizio berri bat jarri du abian, eta horren helburua da hiriko auzoetara Gabonetara bideratutako kultura eta aisialdiko programazio anitza hurbiltzea. Kalitatezko agenda izango da, gehiena doakoa, gustu eta adin guztientzat diseinatua, eta eskuratzeko moduko ekimenak bultzatuko ditu publiko guztiengana iristeko. Gainera, tokiko artistek eta taldeek parte hartzea sustatuko du.
KULTUR GABONAK Hiriko barrutietan kultura-jarduerak deszentralizatzeko proiektuaren barruan kokatzen da; izan ere, kultura- eta aisialdi-eskaintza gero eta auzo gehiagotara iristea sustatzen du, eta helburu hori Bilboko 2023-2033 Kultura Plan Estrategikoan jasotzen da.
Modu horretan, Bilboko auzoek protagonismo berezia izango dute, jarduerak honako Barruti hauetako zentroetan egingo baitira: Abando, Altamira, Basurto, Begoña, Castaños, Deusto, Errekalde, Masustegi, Otxarkoaga, Santutxu eta Uretamendi; baita tenplu erlijiosoetan ere (Abesbatzen Gabonetako kontzertuak eta "Argazkineta show" parte hartzeko ikuskizuna); kultur etxeetan (Bidebarrieta Liburutegia); ikastetxeetan (Bertendona Institutua eta Solokoetxeko Institutua); kirol-zentroetan (Zorrotzako pilotalekua); eta auzo ezberdinetako hainbat kale eta parketan (hala nola, San Inazioko Levante plaza, Santutxuko Basarrate plaza, Basurtoko Aita Donosti plaza, Alde Zaharreko Santiago plaza eta Abusu-La Peña, Deustu eta San Inazioko kaleak, aire zabalean egingo diren jardueretarako).
KULTUR GABONAK programazioa gaur, abenduak 1, astelehena, hasiko da Atxurin, Abesbatzen Gabonetako kontzertuarekin Bilbao Musikako Gazte Abesbatzaren eta San Anton Orfeoiaren kontzertuarekin Enkarnazio Elizan, eta abenduaren 31n, asteazkena, amaituko da, Ondalan Erraldoien Konpartsak eskainitako erraldoien kalejira batekin, Deustuko Luzarra kalean.
Guztira 31 egunetan bilbotarrek eta bisitariek aukera izango dute hainbat generotako ikuskizunez gozatzeko; tartean, arte eszenikoak (antzerkia, dantza, clowna, txotxongiloak, zirkua, magia, etab.), zinema, kontzertuak eta literaturarekin, gaurkotasunarekin eta zientziarekin lotutako hitzaldiak, topaketak eta ekitaldiak. Programazioa adin desberdinetako publikoarentzat pentsatu da, euskaraz eta gaztelaniaz izango da, irisgarritasun-ekimenak indartuko dira, eta Hiriaren tradizioa eta kultura-nortasuna ere ondo presente egongo dira.
Kalitateak eta aniztasunak definitzen ditu arte eszenikoetako publiko gazte eta helduari zuzendutako ikuskizunak, antzerkiari bereziki erreparatuta: (Alopargo Teatroaren "Sarat Made"; Anduriña Zurutuza eta Beatriz Egizabalen "Jo!"; Las Couchers-en "Charlas de azucarillo"; Lokatz Loreak Sormen Taldearen "Itzal(iko) bagina", bertsolaritzan oinarritutako antzerki-ikuskizuna aurkeztuko dutenak; Itxartu Antzerki Taldearen "El zoo de las plumas"; Luna llenaren "Los ángeles de Sabin"; eta Sesión Teatro Breveren "Encuentro nocturno de muerte y olvido", "Corsarios" eta "Vinagre" piezak) –Luna llenaren eta Sesión Teatro Breveren emanaldiak Bilboko Zirkuitua udal-programaren barnean kokatzen dira—; bakarrizketak (Belen Nevadoren "Ovarios verdes fritos"; Maria Cruikshanken "Simpol"; Paloma Calleren "Paloma Calle que se calle"; "Stand Ieup komedy" Jose Cruz Gurrutxaga eta Kaittin Allenderekin); bakarrizketa eta umorezko abestiak (Joseba Perez "Mejorando a peor" lanarekin); komedia inprobisatua (Leire Orbe, Sergio Arrozpide eta Axlor Riezu "Terapia de grupo" lanarekin); edo bakarrizketa dramatikoa (Oscar Wilderen "De Profundis", Iker Ortiz de Zaratek antzeztua).