Urtebeteko jardun eta datuen analisi sakonaren ostean, eskuragarri daude jada Siadecok Durangoko Azokarekin elkarlanean garatutako ikerketaren emaitzak. Gaur bertan jakinarazi dira prentsaurreko bidez datu horiek eta baieztatu egin dute orain arte kulturgintzaren arloan zabalduta zegoen ustea: Durangoko Azokak euskarazko sorkuntza eta zaletasuna hauspotzeko oso garrantzitsua da eta handia da ere kulturgintzari ematen dion ikusgarritasuna.
Siadecok eginiko ikerketak % 3,54ko akats-tartea eta % 95,5eko konfiantza-tartea dauka. Ikerketa osatzeko hiru xede talde aztertu dira: sortzaileen esparrua, kulturgintzako industriaren eragileena eta kulturzale edota bisitariena. Bakoitzeko emaitzak zehaztasunez desglosatu baino lehen, honako hauek izan dira emaitza orokorretatik ateratako ondorio nagusiak:
Durangoko kulturaren plaza oso garrantzitsua da hiru xede-taldeenzat: sortzaileen % 86rentzat oso edo nahiko garrantzitsua da egitasmoa, eragileen % 87k ontzat jo dute, eta bisitarien % 97k oso ontzat.
Egitasmoaren dimentsioak kultur birika bihurtzen du azoka, bai eragileentzat bai sortzaileentzat. Dimentsio horren eraginez hobetzeko esparru batzuk ere antzeman daitezke, partaide handien eta txikien arteko desoreka, kasurako. Logistika hobetzeko beharra ere islatu den arren, eragileen % 97k balorazio positiboa egiten dute antolakuntzari buruz.