Igone Gonzalez, bikoizketa-aktorea: «Bikoizketan lan egiteko ahotsarekin interpretatzen ikasi behar da»

  • Igone Gonzalez, bikoizketa-aktorea: «Bikoizketan lan egiteko ahotsarekin interpretatzen ikasi behar da»

Igone Gonzalez orain lau urte hasi zen profesionalki bikoizketan lanean, artean Donostian bikoizketa-ikasketak egiten ari zela. Harrezkero, proiektu askotan parte hartu du. Aurten, esaterako, Heidiri jarri dio ahotsa "Heidi, katamotzaren erreskatea" filmean, eta, une honetan, "Dragoi Bola Super" telesailean ari da lanean. Igonerekin hitz egin dugu, bere ibilbideaz eta bikoizle-ogibideaz gehiago jakin nahian.


Nola iritsi zinen bikoizketaren mundura?

Txikitatik kontsumitu izan dut euskarazko edukia. Egunero ikusten nituen "Betizu"-ko marrazki eta telesailak. Izan ere, horri esker deskubritu nuen bikoizketa, oso txikia nintzenean. "Maite Kuttuna" telenobela emititzen hasi zirenean, nire amak gaztelaniaz ikusita zuela esan zidan. Hasieran ez nuen oso ondo ulertu, baina zera galdetu nion: «Ama, orduan, Dulce Mariak euskaraz hitz egiten daki?». Berak ezetz esan, eta bikoizketa zer zen azaldu zidan. Horrela deskubritu nuen bikoizketa.

Hazten joan nintzen heinean, filmetako ahotsei erreparatzen hasi nintzen, oso ahots bereziak baitziren, baina ez zitzaidan burutik pasa hori ikasi nahi nuela, ez nekien hori ikasi zitekeenik. Momentu horretan antzerkia egiten nuen, 7 urte nituela hasi nintzen, eta batxilergora arte jardun nuen. Orduantxe hasi nintzen konturatzen interpretazioaren mundua nire pasioa bihurtzen hasi zela. Baina denok dakigu aktoreen lana oso ezegonkorra dela; ondorioz, ikasketak amaitzea zen nire lehenengo helburua, eta nik hori oso argi izan dut beti gurasoei esker.

Goi-mailako zikloa amaitzean, Ikus-entzunezko Komunikazioko Graduan hasi nintzen, baina urtebete egin nuen soilik, ez zitzaidan gustatu. Eta, bat-batean, galduta sentitu nintzen, ez nekien zer egin nire bizitzarekin. Gustatzen zitzaidan guztia zinemarekin eta telebistarekin lotuta zegoen, eta ez nuen ez lanik, ezta beste zerbait ikasteko ideiarik ere. Momentu horretan bururatu zitzaidan agian une egokia zela bikoizketa probatzeko; gainera, bikoizketari buruzko elkarrizketa asko ikusten hasi nintzen, eta horri esker oso animatuta nengoen.

Akademiak bilatzeari ekin, eta Binahirekin topo egin nuen. 2018an hasi nintzen, eta, 2021ean, irakasleak batzuei esan zigun gure ahots-laginak bikoizketa-estudio batera bidaliko zituela. Handik egun batzuetara, bikoizketa-estudiotik ahots-proba bat egiteko deitu zidaten, eta ordutik profesionalki bikoizketan lan egiten dut.


Donostian egin zenituen bikoizketa-ikasketak. Zelako edukiak jorratzen dira formakuntza-saio horietan?

Bai, Binahin egin nuen bikoizketa-ikastaroa bost urtez, 2018tik 2023ra, nahiz eta 2021ean profesionalki lanean hasi. Lehen egunean teoria pixka bat lantzen da: bikoizketa-gidoi baten antolaketa, bertan agertzen diren hitz teknikoak, ahotsaren erabilera, ahoskera, esaldien intentzioa eta intonazioak. Hori guztia praktikara eramaten da; azken finean, horrela ikasten da, behin eta berriz eginez.

Denetariko edukia lantzen da: marrazki bizidunak, fikzioko film eta telesailak, dokumentalak, baita iragarkien lokuzioak ere.


Nola sortu zitzaizun pertsonaia bat lehen aldiz bikoizteko aukera? Nola gogoratzen duzu esperientzia hura?

Lehen kontatu dudan bezala, 2021ean estudiotik deitu zidaten ahots-proba bat egiteko, eta handik egun batzuetara berriro deitu zidaten casting bat egiteko telesail batean, "Bikia" telesailean zehazki, baina ez zuten nire ahotsa hautatu. Zorionez, telesail berean beste pertsonaia txiki bat egiteko hautatu ninduten; hori izan zen nire lehen papera. Hasiberria nintzenez, ilusio handiz eta urduritasunez egin nuen, eta are gehiago nire lankideak nire haurtzaroko ahotsak zirela jakinda. Jada lau urte pasa dira, eta une hori burura etortzen zaidan bakoitzean maitasun handiz gogoratzen dut.


Zer behar da bikoizketaren esparruan lan egiteko? Ahots malgu eta moldakorra izateak lagunduko du, ezta?

Interpretazioa lantzea ezinbestekoa da. Jendeak pentsatzen du bikoizle izateko ahots polita izatea beharrezkoa dela, baina horrek ez du garrantzirik. Bikoizketan lan egiteko, ahotsarekin interpretatzen ikasi behar da; horregatik gara bikoizketa-aktoreak, eta horrexegatik dugu ahots-erregistroak aldatzeko erraztasun hori. Baina hori dena praktikarekin ikasten da.


Nola iristen zaizkizue normalean lan-proposamenak? Aurrez jakiten duzue nori jarriko diozuen ahotsa?

Normalean, protagonistentzat castinga egiten da. Bikoizketa-zuzendariak bi edo hiru bikoizle hautatzen ditu castinga egiteko, eta bezeroak erabakitzen du nork bikoiztuko duen. Hautaketa horren ostean, bikoizketa-zuzendariak gainontzeko banaketa egiten du.

Bikoizleok estudiora grabatzera joan arte ez dakigu ezer. Ez dakigu ez zer pertsonaia, ez zein eszena-mota ez zein eduki-mota bikoiztu behar dugun. Eta zerbait negatiboa dela iruditu arren, niretzat positiboa da, ez zoazelako aldez aurretik pentsatutako ideia batekin. Hori oso garrantzitsua da, bikoizketa-zuzendariaren ardura baita film edo telesailaren testuingurua azaltzea, baita pertsonaiaren izaera eta egoera ere.


Zein izan ohi da bikoizketa-saio baten funtzionamendua?

Estudiora joaten garenean deskubritzen dugu zenbat eszena eta zer telesail edo film bikoiztu behar dugun. Gainera, gaur egun pistan grabatzen dugu denok, hau da, aktore bakoitzak bere zatiak grabatzen ditu soilik. Beraz, grabaketa-areto batean soinu-teknikaria, bikoizketa-zuzendaria eta bikoizlea egoten dira. Komentatu dudan bezala, zuzendaria arduratzen da eszenaren testuingurua emateaz, baita gure pertsonaiaren izaera eta intentzioa azaltzeaz ere. Soinu-teknikaria ahotsak grabatzeaz eta behar diren soinu-efektuez arduratzen da. Gidoiak eszena laburretan banatzen dira, eta eszena bakoitzari take deitzen diogu. Soinu-teknikariak take bakoitza jatorrizko bertsioan jartzen digu entseatzeko, eta guk pertsonaiaren intentzioari, begiradari eta mugimenduei erreparatzen diegu gure interpretazioa aktore originalaren ahalik eta antzekoena izan dadin, eta sinkronia ahalik eta onena izan dadin. Prest gaudenean, grabatu egiten dugu. Eta horrela take guztiak grabatu arte.

["Heidi, katamotzaren erreskatea" filmaren aurrestreinaldia]


Azken urteetan proiektu askotan lan egitea egokitu zaizu. Zein nabarmenduko zenuke? Animaziozko pertsonaiak eta hezur-haragizkoak bikoiztearen artean ba al da alde nabarmenik? Zer izan ohi da zailena bikoizlearentzat?

Bai, zorionez proiektu askotan parte hartzeko aukera izan dut. Baina bikoiztu dudan pertsonaiarik kutunena, zalantzarik gabe, Heidi da, "Heidi, katamotzaren erreskatea" filmean. Txikia nintzenean Heidi asko gustatzen zitzaidan, atal guztiak ikusi nituen, eta film berrian Heidiren ahotsa izango nintzela esan zidatenean, ezin nuen sinetsi.

Animaziozko pertsonaia bat eta hezur-haragizko bat bikoizteak ez du zerikusirik. Oro har, haurrentzako animazioan askatasun handiagoa dugu pertsonaiari gure ñabardurak emateko. Aldiz, hezur-haragizko pertsonaietan ez, aktorearen interpretazioa errespetatu behar dugulako; beraz, mugatuago gaude. Dena den, niri gehiago gustatzen zait hezur-haragizko pertsonaiak bikoiztea, errazagoa baitzait haiekin enpatizatzea.


Une honetan "Dragoi Bola Super" telesailean ari zara lanean, besteak beste. Bere garaian, 90eko hamarkadan, marka guztiak hautsi zituen "Dragoi Bola"k, eta garai hartako bikoizketa-aktoreek langa oso goian jarri zuten. Nola bizi duzu zuk orain unibertso horretako pertsonaia bati ahotsa jartzeko esperientzia?

Oraindik ez dut sinesten. Txikia nintzenean nire etxean "Dragoi Bola" ikusten genuen. Nork esango zidan niri hainbat urte geroago nire haurtzaroko ahotsekin lan egingo nuela. Zirraragarria da, baina, aldi berean, nolabaiteko erantzukizuna sentiarazten dit, jarraitzaile asko dituen proiektu baten parte naizelako. Gainera, aurrestreinaldira gonbidatu gintuzten, eta gure lanari buruz hitz egiteak eta publikoaren zuzeneko erreakzioaz gozatu ahal izateak ilusio handia egin zigun.


Aurrera begira, ba al da ogibide honetan bereziki egitea gustatuko litzaizukeen ezer? Zer proiektu duzu orain esku artean?

Nire ametsa Disney printzesa bat bikoiztea da, txikitatik oso Disney zalea izan naiz. Bideojokoak bikoiztea ere asko gustatuko litzaidake, baina zoritxarrez ez dira euskaraz bikoizten. Egungo proiektuei dagokienez ezin dut ezer zehatzik esan, baina orotariko edukia bikoizten gabiltza une honetan.

["Dragoi Bola Super" telesailaren aurrestreinaldia]


Edukiak jatorrizko hizkuntzan eta azpitituluekin kontsumitzeko joera indarra hartzen ari da azken urteotan. Nola eragiten dio horrek bikoizleen lanari? Eta adimen artifizialaren gorakadak?

Nire ustez, jatorrizko bertsioen eta azpitituluen kontsumoa handitzea ez da mehatxu bat bikoizleontzat. Azken finean, bakoitzak bere gustuak ditu: batzuei ez zaie axola azpitituluak irakurtzen aritzea aktoreen interpretazio originalaz gozatzeko, eta beste batzuek nahiago dute bikoizketak eskaintzen duen interpretazioa, irisgarritasuna eta hurbiltasuna. Nik, adibidez, jatorrizko bertsioa zein bikoizketa kontsumitzen dut.

Adimen artifizialari dagokionez, kezkatuta gaude. Zenbait produktutan erabiltzen hasi dira, eta horrek ziurgabetasun handia sortzen digu. Badakigu adimen artifizialaren garapenaren aurrean ezin dugula ezer egin, baina gure helburua honen erabilera erregulatzea da. Orain arte aurkeztutako adimen artifizialeko erremintak gizakien tonuak kopiatzen saiatzen dira, baina ez dute benetako emoziorik islatzen, eta bikoizketa ez da itzulitako testu bat irakurtzea eta grabatzea soilik; ahotsaren bidez emozio bat, intentzio bat, sentimendu bat adierazteko artea da, eta, gure ustez, hori ordezkaezina da.


Bikoizketa-lana behar adina baloratzen al da? Zein dira bikoizketak ogibide moduan dituen erronka nagusiak?

Bikoizketa pixkanaka gero eta gehiago ezagutzen den arren, uste dut oraindik bidea geratzen dela jendeak eta, batzuetan, baita industriak ere, bikoizketaren konplexutasuna erabat baloratzeko. Izan ere, irudi errealeko zenbait aktorek gure lana gutxietsi egiten dute. Bikoizketaren hater-ak badaude, eta ez dut oso ondo ulertzen zergatik; gehienetan ikusleak telesail edo film bat nola ikusi aukera dezake, eta, beraz, bakoitzak nahi duena egin dezake. Horrexegatik, gaur egun bikoizketaren erronkarik nagusienak, nire ustez, gure lanaren ikusgarritasun eskasa, entrega-epe hain estuak eta adimen artifizialaren garapena lirateke.


Zure ustez, zein da euskarazko bikoizketaren egoera? Etorkizuna bermatuta al dago?

Euskarazko bikoizketaren egoera hobetuz joan da. Batez ere, 2022ko Ikus-entzunezkoen Legeari esker, lege horren betebeharra baita plataformen edukien % 6 gutxienez hizkuntza koofizialetara bikoiztuta egotea; eta Makusi eta Primeran plataformen sorrerari esker. Hala ere, ez da beste lekuetan adina eduki bikoizten. Beraz, alde horretatik asko dugu hobetzeko.

Adimen artifizialari dagokionez, ez dakigu zer gertatuko den. Egia da erreminta baliagarria izan daitekeela lan espezifiko batzuetan laguntzeko, baina ezin du giza interpretazioa ordezkatu. Lehen esan bezala, haren erabilera erregulatzea gustatuko litzaiguke, ahotsa gure lan-tresna eta gure nortasunaren zati bat da, eta horrexegatik babestea ezinbestekoa da.


(2025eko abenduaren 12an argitaratutako Berezia)