Amorebieta-Etxanoko Udalak Santiago Onaindia Ikerketa Bekaren XIX. edizioko bekaduna aurkeztu du gaur goizean udaletxeko Etxano aretoan egindako prentsaurrekoan. Beka horren helburua da euskarazko sorkuntza intelektuala bultzatzea eta euskal literaturari begirada berriak ematea.
Edizio honetako bekaduna Cira Crespo historialaria eta kazetaria da. Hamarkada bat baino gehiago darama Euskal Herrian bizitzen, eta ibilbide luzea du euskal historia ikuspegi feministatik zabaltzen. Bere proiektuaren izenburua honakoa da: "Euskal emakumeen pizkunde literarioaren sustraiak (1899-1922). Irakurketa dekolonial bat". Lan honen helburua da emakumeek euskaraz idatzitako lehen literatura-testuak berreskuratzea eta aztertzea, Emakume Abertzale Batza sortu aurreko aldian.