Belleza Infinita 2002an sortu zuten Bilbon, eta artearen arloko argitalpenak, komiki esperimentalak, argazki-liburuak, saiakera bisualak eta poesia grafikoa editatzen eta banatzen ditu. Argitaletxearen sortzaile Garikoitz Fragak 2025eko Gure Artea sarietako bat jaso du berriki, ulertzeko, adierazteko eta pentsatzeko bestelako moduak sustatu nahi dituen argitalpen-proiektuan egiten duen lanagatik. Garikoitzekin solasean aritu gara, egitasmoaren hastapenez eta edertasun infinituko liburuak argitaratzen dituen editore baten askotariko zereginez.
Zer da Belleza Infinita? Nola sortu zen? Erabili zenuen erreferentzia nabarmenik lehen argitalpenak zehazten hasteko?
Ricardo Antónekin eta Joaquín Gañezekin Eseté aldizkaria hutsetik sortzea izan zen erabaki garrantzitsuena. Kontzeptua eta finantzazioa bilatzea; gaiak eta moduak hautatzea; kolaboratzaileak bilatzea; horiekin lan egitea; idaztea; edukiak antolatzea; 'Quimi'rekin maketatzea eta diseinatzea; berak nola egiten zuen ikustea, nik ideiarik ere ez nuelako, eta tipografiekin, maketazioarekin, irudiekin eta abarrekin ere idazten dela ikastea.
Aldizkaritik alde egin eta gero, Enpleguko Institutu Nazionalaren ikastaro bat egin nuen Freehand, Photoshop eta QuarkXPress programei buruzkoa, marrazki- eta argazki-liburuen argitaletxe bat sortzeko asmoz. Manu Legarreta lagunarekin praktikaldia egin nuen publizitate-enpresa batean, eta lehen lanak argitaratzen lagundu zidan. Ideietako bat miresten nituen baina artearen munduan soilik ikusten ziren artisten marrazkiak argitaratzea eta liburu- eta komiki-dendetara eramatea zen. Eta, alderantziz, 'outsider'en komiki artistikoak eta lanak galerietan eta museoetako liburu-dendetan ezagutaraztea.
Bruno Munari, Sol Lewitt eta Ed Ruscha historikoez, abangoardista errusiarrez, zenbait argazki-liburuz, Peter Fischliz eta David Weissez gain, Taschen zen nire erreferentea. Ez zen zehatz-mehatz nire helburua, baina egile berezien eta bitxikerien monografikoak argitaratzen zituen, arrazoizko prezioetan, eta era guztietako liburu-dendetan aurki zitezkeen. Orain barregarria egiten zait erreferentetzat jo izana, baina garai horretan merkatua ez zen horren anitza. Artistak katalogoekin ari ziren eta komikilariak eleberri grafikora edo esperimentalera iritsi gabe zeuden, Víbora edo Cairo aldizkariak alde batera utzita. Lehen lanak argitaratu eta gero hitz egin zidaten Nieves (nieves.ch) argitaletxeaz, adibidez. Bazegoen halako liburuak hartzen zituen liburu-dendaren bat, Zuloa (Gasteiz) edo Loring Art (Bartzelona) kasu, eta beste batzuk ireki zituzten, hala nola Panta Rhei (Madril), Anti (Bilbo), Dadá (Valentzia) eta Fatbottom (Bartzelona). Arlo horri eskainitako lehen azokak egiten hasi ziren: Proxecto-edición Galizian, Cliblick Bilbon edo Zink Valentzian –autoargitalpenari buruzko azokarik interesgarrienetako baten, Tendereteren, arima Martín el Alegrek antolatua–. Hala, beste ekimen batzuk ezagutu nituen, eta editore eta liburu-saltzaileen familia txiki bat sortzen hasi zen, oraindik ere badena. Alegia, garai hartan zerbait egosten ari zen; beraz, nire lehen erreferenteak zehatzak baino gehiago ametsezkoak ziren, nire antzeko pertsonak aurkitu eta, agian, eredu izanez, proposamen gehiagoren sorrerari lagundu genion arte.
Hasieratik katalogo instituzionaletik ihes egiteko asmoa izan zenuen eta bestelako proiektu baten alde egin zenuen. Nolakoak dira Belleza Infinitaren argitalpenak?
Saiatzen naiz liburua berez artelana izan dadin. Deigarri egiten zaizkit proposamen oinarrizkoenak, elementu soilekin egindako proposamenak, arkatzarekin edo errotuladore batekin; umorea, leku komunak eta topikoak haustea; lanetan unibertso bat sortzen duten egileak...
[Gutter, 2017]
Editorearen garrantzia defendatzen du Belleza Infinitak, alegia, editorea arte-liburu baten sorreraren ardatz nagusia dela. Zer nolakoa da lan hori? Nolakoa zara zu editore-lanetan?
Erakusketa bateko komisarioak edo musika-produktore batek duen garrantzia bera ematen diot. Ia liburu guztietan kontzeptu orokorra eta egitura bilatu behar izan ditut materiala antolatzeko. Dena mugitu behar da etengabe, zer gertatzen den behatu, hurrengo egunean jarraitu eta beste liburu batzuk begiratu, eta egun batzuk pasatzen utzi eta aurrera egin. Hala, egun batean, ausazko konbinazio edo kokapen batek, bat-batean, antolatzeko modua argituko du. Eta, orduan, prozesua hasiko da. Beste batzuetan, gertatu izan zait egile batzuek itxura oneko materialen bat edukitzea, zerbait faltan zuena, eta haien atzetik ibili behar izana, galdetuz, jarraituz, beren etxeetako tiraderetan eta ordenagailuetako karpetetan bilatuz, gaiari falta zitzaion hezurra edo mamia aurkitu arte. Baina editorea ez da ardatz nagusia. Lana artistaren edo editorearen aurretik jartzen dut. Momentu batean, hainbeste probaren artean, lan bakoitzak bere aginduak ematen ditu, eta zuk horiek entzun eta bete egin behar dituzu, besterik ez. Lan bakoitzak zuzendu behar ditu erabaki guztiak. Izenburua egilearen izena baino handiago jartzen dut, eta argitaletxearen marka atzeko azalean joaten da askotan. Egile bakoitza ezberdina da, eta asko ikasten dut denekin. Egileari erabat gustatzen ez zaion zerbait proposatzen badut, bion gogokoa den beste aukera bat bilatzen dugu. Egile bakoitzarekin liburuak ez ezik, artea eta bizitza bera ere ulertzeko beste modu batzuk ikasi ditut.
Xehetasun txiki guztiek liburuaren emaitzari eragiten diote, eta horien ondorioz erabakitzen dugu bata ala bestea erostea. Artea da berez argitalpena? Nola lantzen dituzu alderdi horiek guztiak proiektu bakoitzaren logika errespetatuz?
Proposamen artistikoak garatzeko beste euskarri bat da liburua. Gertaera artistikoa jazo daitekeen leku bat; bi irudi edo esaldi bat marrazki batekin elkartzean edo guztiz funtzionatzen ez duen tipografia bat aldatzean batzuetan gertatzen den misterioa... Diseinuak eta maketazioak hitzek eta irudiek besteko garrantzia dute edukian. Neurria, papera, koadernatze-mota eta prezioa edo banatzeko modua ere argitalpenaren "testua" dira. Proiektu bakoitza desberdina da, eta bere forma eskatzen du. Hasierako aurretiazko kontzeptua ezin hobea izaten da buruan, baina horrek ez zaitu itsutu behar. Geroago agertuko da magia, materialak begiratzean, horietan sartzean, mugituz, probatuz, gertaerei adi egonez. Eta amaieran ere zalantzaren bat izaten da. Edo ez. Baina ia beti liburua pare bat astez beratzen uzten dut, inprentara bidali aurretik. Eta beti pozten naiz hori egin izanaz, xehetasun erabakigarriak aldatzen ditudalako beti. Hala ere, beti daude akatsak eta hobetu daitezkeen alderdiak (inprentako eta koadernatzeko hutsez gain); horregatik, etengabe jartzen dut zalantzan nire burua eta oso autokritikoa naiz.
[Inprentako lana]
Liburu bat argitaratu eta gero, banatu, zabaldu eta sustatu egin behar da. Nolakoa da prozesu hori? Zer garrantzia dute azokek, topaketek eta jaialdiek? Badago benetako orekarik eskaintzaren eta eskaeraren artean?
Argitaletxearen zeregina edizio onena sortzea, hura sustatzea eta saltzea da. Banaketa erabakigarria da, baina ez dago arte-liburuentzako banaketa-enpresarik. Horrenbestez, ni arduratu behar naiz paketeak egiteaz, bidaltzeaz, salmenta-puntuekin likidatzeaz, berankorrak segitzeaz eta azoketara joateaz. Liburuak salmenta-puntu askotara eramaten saiatzen naiz, jende askok orriztatzeko, nahiz eta ez erosi. Eta hori modu profesionalean egiten saiatzen naiz. Egileekin kontratuak sinatuz, eskaerei efizientziaz erantzunez eta enpresa salmenten bidez finantzatzen saiatuz, laguntza publikoen mende egon gabe, nahiz eta horrek gutxieneko egitura bat eskatzen duen: bakarrik lan egiten dut, nire etxetik, eta alderdi guztiez arduratzen naiz. Ez luke horrela izan behar, baina ezagutzen ditudan halako proiektuen argitaletxeek antzera funtzionatzen dute.
Jaialdiak garrantzitsuak dira panorama ezagutzeko eta besteek zu ezagutzeko. Mahaitik altxatzen naiz besteek zer egiten duten ikusteko. Gainera, aukera ematen du lagunak egiteko, proiektu berriak fitxatzeko, beste herrialde batzuetako liburu-dendekin harremanetan jartzeko, zure argitaletxeak zer ekarpen egiten duen jakiteko, zure irakurleak nor diren jakiteko, iruzkinak entzuteko eta zure liburuak nola orriztatzen edo baztertzen dituzten ikusteko. Informazio eta sentsazio piloa biltzen da, horietatik ikasten jarraitzeko.
Gainera, ekitaldiak antolatu eta zure esperientziak hitzaldietan eta mintegietan partekatzen dituzu. Zein dira arlo horretan lan egiten duen jendearen ardura nagusiak?
Bere lanaren katalogo bat argitaratu nahi duen artistari buruzkoa zein argitalpen eder bat egin nahi duen idazleari buruzkoa izan, hitzaldiak entzuleei egokitzen dizkiet, Arte Ederretako ikasleei edo udal-liburutegi bati, esaterako. Liburua oso euskarri erakargarria da oraindik ere. Askotariko aukeren berri ematen saiatzen naiz, argitalpen horiekin sortzen diren egoerak eta ohiko akatsak; adibide inspiragarri asko erakusten ditut, narrazio-estrategiak, egiturak, etab.
Laberinto erakusketako komisarioa izan zara berriki. 2021ean Juan Carlos Eguillorren Agur, amante argitaratu zenuen, eta orain bere mila lan inguru bildu dituzu erakusketarako. Ez zen lan erraza izango. Nolakoa izan da jendearen erantzuna?
Izugarria. Ikusle asko eta asko behin baino gehiago etorri dira. Helduenen kasuan, oroitzapenen faktore emozionala dago, Eguillorren lanak garai bateko ukitu hori dauka. Harridura ere sortu du artistaren askotariko fazeta ezezagunengatik, ekoizpen-bolumenagatik eta kalitatea agerian jartzeagatik.
[Mutantes, 2022]
2022an Librarte saria eman zizuten, eta, aurten, Gure Artea 2025 saria, eragileek egindako lana aitortzen duena, Belleza Infinita proiektuan egiten duzun lana dela eta. Epaimahaiak zure "ikuspegi sortzailea, independentzia eta jarraitutasuna aitortu ditu, horrek Belleza Infinita funtsezko proiektua bihurtzen baitu arte garaikidearen proiekziorako eta ezagutzarako". Nola jaso duzu saria? Zer izan da zuretzat, hainbeste urte lanean egin ostean?
Oso pozik eta eskertuta nago Gure Artea sariek artistak ez ezik artean beste era batera ari direnak ere kontuan hartzen dituztelako.
Zein izan da Belleza Infinitaren bilakaera urte hauetan? Asko aldatu dira hasierako planteamenduak? Zer erronka dituzu etorkizunerako?
Ni aldatu naiz, baita testuingurua ere. Halako liburuei eskainitako argitaletxe gehiago sortu dira, azoka gehiago dago, halako liburuak hartzen dituzten liburu-dendak daude, gutxiago saltzen da, duela hogei urte deigarri gertatzen zenak orain ez du funtzionatzen edo, alderantziz, geldi zeuden liburuak hobeto saltzen ditut, zenbait zeregin egiteaz nekatu naiz, eta beste batzuk hobetu egin ditut. Oro har, nitxo zehatzak aukeratzen ditut, Eguillorrena kasu, oso zorrotz lantzen ari naizena. Hemen oso ondo hartu dute eta, kanpoan, proposamen ezberdina eta sendoa da. Halaber, erakusketen alderdia gehiago garatu nahi dut, inprimatutako edukiak osatzeko eta aurretiazko azterketa aprobetxatzeko.
Hurrengo argitalpenetan lanean ari zara?
Nahiago dut gehiegi ez aurreratu, baina lau komiki daudela esango dizuet. Egungo bi autorerenak eta bi aitzindarirenak. Bi argitaragabeak dira; beste bi, duela berrogeita hamar urte baino gehiago prentsan argitaratutakoak. Beraz, hain urte soziala igaro eta gero, giltzaperatuta egongo naiz luzaroan.
(2026ko urtarrilaren 19an argitaratutako Berezia)