Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen MusEkintza jaialdiak arte eszenikoak lurraldeko foru museoetara hurbiltzen jarraitzen du publiko guztientzat pentsatutako proposamen berritzaileekin. Hurrengo hitzordua otsailaren 7an izango da, 12:00etan, Txakolin Museoan-Txakolingunean, Bakion. Kasu honetan aurkezten dena La Piel Antzerkiak eginiko URARGI ikuskizuna izango da, bereziki 6 hilabetetik 3 urtera bitarteko umetxoentzat diseinatutako esperientzia sentsoriala.
Esploratzeko, jolasteko eta komunikatzeko espazio intimoa
URARGIk gertuko antzerki formatu inguratzailea proposatzen du, non publikoa eszenatokian bertan kokatzen den, artistengandik oso gertu. Antolamendu honi esker giro beroa eta segurua sor daiteke, lehen haurtzaroan funtsezkoa dena, esplorazio askea eta aurkikuntza bultzatuz.
Ikuskizunak argi- eta ur-jolasak, mugimenduan dauden irudiak eta umetxoen jakin-mina piztu eta zentzumenak estimulatzen dituzten soinu naturalak uztartzen ditu. Ikusmenaren, ukimenaren eta entzumenaren bidez txikienek, une oro euren senideek lagunduta, modu berri batean esperimentatu ahal izango dute. Emanaldia euskaraz izango da.
MusEkintza: artea mugimenduan foru museoetan
MusEkintzak Bizkaiko museoak eta enklabe historikoak agertoki berezi bihurtzen ditu antzerkia, dantza, musika, umorea eta proposamen murgiltzaileak uztartzen dituen programazioari esker. Ibilbide artistiko honen parte dira, besteak beste, Santimamiñe (Kortezubi), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Muñatones gaztelua eta El Pobaleko burdinola (Muskiz) eta Arkeologia Museoa (Bilbo).
Bosgarren edizioan jaialdiak publiko guztiarentzako ikuskizunak eskaintzen jarraitzen du.
Derrigorrezkoa da erreserba egitea
Sarrera doakoa da, baina erreserba aldez aurretik egin behar da www.musekintza.eus webgunearen bidez.