Algara Dantza Taldeak amaiera emango die bere 25. urteurrenaren ospakizunei otsailaren 21ean Gasteizen

  • Algara Dantza Taldeak amaiera emango die bere 25. urteurrenaren ospakizunei otsailaren 21ean Gasteizen

Bere 25. urteurrena ospatzeko urtebetez ekintzak antolatu ostean, Algara Dantza Taldeak amaiera bikaina emango die ospakizunei Vitoria-Gasteizen. Dantzarien taldeak ‘Eta oraindik badugu zer dantzatu’ ekitaldia antolatu du Mendizorrotzako kiroldegian otsailaren 21ean, 20:00etan. 

Musikaz eta dantzaz beteriko jaia izango da, eta Algarako kide guztiek hartuko dute parte, 150 lagun inguruk, tartean musikariak eta dantzariak. Halaber, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Xabi Aburruzaga trikitilari eta konpositorea, eta Joselu Anayaken laguntza izango dute. 

Euskal dantzak eta dantza garaikidea trikitixa, txistu, gaita edo albokaren doinuekin bateratzen dituen Algararen estilo berezia islatuko du hitzorduak, baina Euskal Herria ere zeharkatuko du, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako dantza, musika eta janzkera tradizionalak erakutsiz. “Proiektu hau oso polita izan da, baina oso neketsua ere bai. Azkenean, egunero ari gara gauzak egiten, kriston proiektua da eta jende pila bat parte hartuko du. Ez dut esango Gasteiz egon den proiekturik handiena denik, baina bai hunkigarriena”, adierazi du Iñigo Manuelek, Algara Dantza Taldearen presidenteak.

Hitzordu horretarako 250 gonbidapen banatuko dira Udalaren Antzoki Sareko leihatilan (Turismo Bulegoa, Plaza Berria, 1). Gaur arratsaldetik aurrera egongo dira eskuragarri 16:00etatik 18:00etara, asteartetik ostiralera, eta larunbatetan 11:30etik 13:30era.

Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak Algara zoriondu du urteurrenagatik, eta urte hauetan egindako lana eskertu du: “Algarak ekitaldi handi honekin, Mendizorrotzako jai honekin, urtebetez egin dituen ospakizunei amaiera emango die. Izan ere, haren ibilbideak eta ondareak ez dute gutxiago merezi. Dantzari horiek harro erakusten dute euskal kultura joan izan diren toki guztietan, eta preskriptore bikainak dira, eta lurraldearen kasuan harro egoteko moduko taldea da”.

Bestalde, Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantza diputatuak euskal nortasunaren transmisore gisa taldeak betetzen duen rola nabarmendu du: “Algara kultura bizia da. Eta, gainera, erreferentea da euskalgintzan, dantza ez baita emanaldi hutsa, identitatea, transmisioa eta etorkizuna ere bada eta. Urte hauetan guztietan, belaunaldi askori helarazi dizkiezue gure tradizioak eta euskararen arnasa, bai Euskal Herrian, bai kanpoan, eta hurbiltasunez eta kalitatez”, adierazi du Iñaki Gurtubai Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako diputatuak.

Ekitaldi honek Vital Fundazioaren, Laboral Kutxaren eta EITBren babesa ere badu.

25 urte euskal tradizioaren defendatzaile gisa

Algara Dantza Taldea 2000. urteko apirilaren 13an jaio zen Gasteizen, mundu osoan musika, kultura eta euskal dantzak erakutsi nahi zituzten 15 lagunek bultzatuta. 

Gaur egun, taldearen estiloaren ezaugarri nagusia koreografia garaikideak eta euskal dantzak eta instrumentu tradizionalak uztartzen dituela da. Era berean, bertatik ehunka pertsona igaro dira urteetan zehar eta gaur egun 120 dantzari eta 10 musikari inguruk osatzen dute. Taldea Gasteizen kokatuta dagoen arren, Euskal Herri osoan zehar dantzatzen dute eta Hungariara, Turkiara eta Ingalaterrara ere iritsi dira. 

2025ean, mende laurdena bete zuten eta ospatzeko hainbat ekimen bultzatu dituzte: hainbat ikuskizun, egutegi bat, bideo bat, dantzari txikienentzako euskal jaiak, ‘Algara munduan’ (okasio horretarako sortutako oroimenezko jantziak -elastikoa, kirol-jertsea eta elastiko teknikoa- mundu osoan zehar soinean eramatea du oinarri). 

Otsail honetan, ospakizunez betetako urteari amaiera emango diote etorkizunari begiratuz; izan ere, amaierako ekitaldi horretarako aukeratu duten izenburuak dioen moduan, “oraindik badugu zer dantzatu”.

araba.eus

  • DataOtsailak 12
  • Gaia Arte eszenikoak