Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazioarteko Jaialdiaren 19.º edizioa aurkeztu du, literatura garaikidearen hogeita hamar bat erreferenterekin

  • Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazioarteko Jaialdiaren 19.º edizioa aurkeztu du, literatura garaikidearen hogeita hamar bat erreferenterekin

Astearte honetan, otsailaren 12a, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Gutun Zuria Bilbao. Letren Nazioarteko Jaialdiaren 19. edizioa aurkeztu die komunikabideei. Jaialdia otsailaren 24tik 28ra ospatuko da. Hitzaren inguruko diziplina anitzeko sorkuntzaren erreferente bihurtuta, iteratura garaikidearen hogeita hamar bat egile bilduko ditu. 

Gaur goizean ospatu den prentsaurrekoan Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak; Txomin Olabarri, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko zuzendaria nagusiak; eta Iván de la Nuez, María Mur eta Iñaki Esteban, Jaialdiko batzordearen aholkulariak, hartu dute parte.   

Gutun Zurian egungo literaturaren ekosistema osoa bateratzen da: irakurleak, egileak, argitaletxeak eta liburuko profesionalak, aurkikuntzarako, ikaskuntzarako eta lankidetzarako aukerak sortuz”, gogorarazi du Gonzalo Olabarriak. “Ahots berriak ikusaraziz eta aniztasun narratiboa sustatuz, Gutun Zuriak panorama kulturala aberasten du eta gure errealitatea ulertzeko dugun gaitasuna zabaltzen du”, ziurtatu du. 

Bestalde, Txomin Olabarrik azpimarratu duenez, “jaialdi irekia da, eta hala islatzen du aurtengo programak”. Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko zuzendari nagusiak egun osoan zehar egiten diren jarduerak zehaztu ditu, publiko guztiarentzako proposamenekin. 

Jaialdiko batzordearen aholkulariek esan duten bezala, “literatura etengabe berritzen ari da, eta jaialdi hau hori ikusteko gunea egokia da. Ikusleak jaialdi honetara etortzen dira, erreferentziazko egileekin batera egoteko. Baita ahots berriak eta egungo narratibaren aniztasuna gertutik ezagutzeko ere. 


Gutun Zuria Bilbao, 19 urte hitzaren inguruan arakatzen 
Hirian antzinakoena den nazioarteko jaialdi honek, urtero, zubi-lana egiten du idazten eta irakurtzen duenaren artean, eta bizipen komun bihurtzen ditu normalean esperientzia intimoak izaten diren irakurketa eta literatura.   

Hitzaldi, eztabaida, tailer, ikastetxeekin hitzartutako programak, Gutun Zuria Bilbao PRO eta Auditorioan, Bastida aretoan eta Mediatekan elkarrizketen bidez, Gutun Zuria Bilbaok idatzizko ondareari balioa ematen dio eta, aldi beran, gonbit egiten du forma narratibo, digital edo hibrido berriak esploratzera. 

2026ko edizioan, literaturaren eta argitalpenen arloko hogeita hamar bat sortzailek hartuko dute parte eta bertan, idazleek modu anekdotikoan eta lagunarteko giroan landuko dituzte beren sormen-prozesuak.  Aurtengo programaren ardatza izango da literatura eta naturaren, testu eta irudiaren, politika eta kulturaren, klase eta identitatearen, merkatu eta opariaren, hizketa eta entzutearen, solasaldi eta aktibismoaren, mugimendu eta gelditasunaren arteko harremana.  

Jaialdiak irauten duen bitartean, Azkuna Zentroan hainbat formatutako jarduerak egiten dira egun osoan zehar. Goizetan, publiko gazteena forma narratibo berriekin elkartzen da. Liburuaren eta ekoizpen editorialaren etorkizunari buruzko eztabaida profesionalerako unea ere bada.  

Arratsaldean, idazleekin solasaldiak izaten dira, eta literatur sorkuntza gainerako arte diziplinekin lotzen duten solasaldiak. Jaialdiaren jardunaldi bakoitza amaitzeko, hitz mintzatua, soinu hitza, hitz fisikoa, hitz idatzia eta hitz eszenikoa azaleratzen diren proposamenak egingo dira.  


Auditorioan solasaldiak 

Jaialdian zehar, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko Auditorioa eta Bastida Aretoa euskal, estatuko eta nazioarteko testuinguruko egileen elkarrizketen topagune bihurtzen dira. 

Ildo honetan, otsailaren 24an, asteartea, Bernardo Atxaga, Jabier Muguruza eta Karmele Jaio idazleek Biharko berbak izenburupean etorkizunaz, espekulazioez eta digabazioez hitz egingo dute. Arlo pertsonalaren eta kolektiboaren artean, itxaropenaz ere hitz egin daiteke. Esate baterako, gaztaroan izaten ziren itxaropenak, gero denborak ñabartuak edo gezurtatuak. 

Asteazkenean, hilak 25, Gutun Zuria Saria irabazi duen Valerie Milesek eta Estrella de Diego idazle eta arte kritikariak hiru ahotsetako elkarrizketa izango dute. Artean eta denboran jaialdiaren espiritua islatuko duen elkarrizketa bat osatuko dute: irudien eta hitzen arteko topaketa, gure garaiaz pentsatzeko.    

Otsailaren 26an, osteguna, Miren Agur Meabe eta Mario Obreroren ahotsak entzungo dira. Biek beren testuak irakurriko dituzte, hari gisa etorkizuna hartuta, beti ere zentzu poetiko zabal batean. Bi talaiatxo hitzaldian, agian idazketa garatzeko moduak ere kontrastatuko dituzte, hausnarketei joko ukitu bat emanez. 

Larunbatean, hilak 28, Didier Eribon filosofoaren eta Alana S. Portero idazlearen txanda izango da. Oraintsuko eztabaida kulturaletan, ohikoa izaten da generoaren eta klasearen arteko aurkakotasuna. Alana S. Porterok eta Didier Eribonek zalantzan jarriko dute aukera faltsu hori Itzuli nora, zein garaitara, zertara? Solasaldian. La mala costumbre edo Regreso a Reims lanetan huts egindako etorkizun batetik era berean gatazkatsua den jatorri batera doazen ibilbideak marrazten dituzte. elkarrizketa honek orainaren kritika egiten du, eta, aldi berean, aukera berriak ematen ditu etorkizunaz pentsatzeko.    


Bastida Aretoan solasaldiak 

Bastida Aretoa izango da Gutun Zuria Bilbaoren esparruan egingo diren elkarrizketen beste epizentroa.  

Asteartean, otsailak 24, Etorkizunez kargatutako idazketa saioan Danele Sarriugarte eta Layla Martínezek literatura esku-hartze kritikorako tresna gisa hartzea proposatzen du. Beren ibilbideetatik abiatuta, idazketan, orainaren ondoezarekin borrokatzen dira, oinordetzan jasotako kontakizunak iraultzen dituzte, utopia pertsonal eta kolektibo berrietarako espazioak sortzen dituzte, eta erakusten dute idaztea jarrera hartzeko eta etorkizuna aldatzeko modu bat ere badela.  

Egun bat beranduago, asteazkenean, Iván de la Nuez, Iñaki Esteban, María Mur eta Beñat Sarasola izango dira protagonistak Horizonte y panorama de las letras solasaldian.  

Alba Garmendia eta Jule Goikoetxea utopiaren indar literario eta politikoaz jardungo dira eta nola begiratu diezaiokegun etorkizunari gaur eta hemendik.? Utopiak pentsatzeko marko bat izenburuarekin, gai honi helduko diote ostegunean, otsailaren 26an, utopia batek gaur egun duen gaitasun eraldatzailean pentsatuz. 

Dolua sormen elkarrizketak Hedoi Etxarte, Lur Olaizola eta Uxue Razquin bilduko ditu, idazketaren, zinemaren eta artearen bidez galera nola eraldatzen eta transmititzen den jorratzeko. Topaketan, otsailak 27an, ostirala, gai hauei helduko diete: dolutik sortutako sormen-prozesuak, horiek zeharkatzen dituzten zalantza eta erabaki formalak, eta obra horiek sortzen dituztenengan eta jasotzen dituztenengan identifikazioa, laguntza eta katarsia sortzeko duten ahalmen etikoa eta politikoa. 

Larunbatean, hilak 28, Natalia Castro Picón, Premio Anagrama de Ensayo, eta Iñaki Estebanek itxiko dute Bastida Aretoko programazioa. Bertan, errepasatuko dute nola 2008ko shock finantzarioaz geroztik, hainbat krisi eta mehatxu izan diren, eta eragina izan dute, besteak beste, demokraziaren sisteman bertan, ekologian, etxebizitzan, arrazakerian eta emakumeen eskubideen aurkako indarkeriazko oposizioan.    


Solasaldiak BBK Mediatekan 
Mediatekan egiten diren solasaldiak sorkuntza garaikidea pentsatzeko topagune dira, gorputzaren, hitzaren, edizioaren eta diseinuaren arteko gurutzaketatik abiatuta. Elkarrizketa horietan egoitzako artistek parte hartzen dute, hala nola Olatz de Andresek edo Ixiar Rozasek, zeinek beren ikerketa-prozesuak partekatzen dituzten eta formatu editorialetara itzultzen dituzten. Zikloa osatzeko, Javier Liñera antzerkigilearen hitzaldi bat eta tipografia garaikideari buruzko topaketa bat izango dira, diziplina horren oraina eta etorkizuna pentsatzeko. 

Gutun Zuria PRO, liburugintzaren erronkak

Jaialdiak Gutun Zuria Bilbao PRO jardunaldien hirugarren edizioa ospatuko du, edizio literarioaren inguruko jardunaldi profesionalak. Edizio honetan, gogoeta, azterketa eta eztabaida gune honek literatur generoak liburuaren katetik zeharkatzea proposatzen du. Aurten Jaialdi osoa egituratzen duen etorkizunaren noziotik egiten du, generoak nola eraldatzen diren, sortzen ari diren iruditeria berriak eta datozen urteetan egileek, argitaletxeek, liburu-dendek eta irakurleek aurre egingo dieten erronkak planteatuz.  
 
Programa otsailaren 25ean eta 26an garatuko da, eta hogei bat idazle, argitaletxe, itzultzaile, kultur programatzaile eta sektoreko eragile biltzen ditu, eremu bakoitzeko erronka profesional espezifikoei zein liburuaren katearen ekoizpenaren, hedapenaren eta irakurketaren etorkizun posibleak eratzen dituzten dinamika partekatuei heltzeko.  
 
Sei mahai tematikoak argitalpen-sektoreko funtsezko gai batzuetan zentratzen dira. Horietako bakoitzak hiru eragile profesional osagarri biltzen ditu, sorkuntzatik, ediziotik, zirkulaziotik eta/edo hedapenetik lan egiten dutenak.   


Bestelako jarduerak Azkuna Zentroan 

Bere jatorriari leial, Jaialdiak idazkeraren eta beste arte batzuen arteko konbinazioari eusten dio, bikaintasunaren eta ospakizunaren arteko konbinazioari, eta aurten, programazioa osatzen duten hainbat jarduera batzen ditu. Jaialdiaren aurreko astean idazketa tailer bat egingo da, Iñaki Esteban kazetari eta idazleak gidatuta, otsailaren 16, 17 eta 18an Didier Eribon idazlearen obran sakontzeko. Topaketak Eribonen bi libururen ingurukoak izango dira, autoreak jatorri sozialari eta klase-memoriari buruz hausnartzen baitu horietan. 

Tailerraren formatua ere izango du Irakurtzen dugunean ikusten ez dugun guztia, tipografia garaikideari buruzko tailerra Laura Meseguerrekin, otsailaren 27an, ostirala. Bertan, aukera egongo da tipografia literatura-sorkuntzaren funtsezko parte modura ikusteko eta letrek istorioak ere kontatzen dituztela jakiteko.   

Egun berean, topaketa nabarmena izango da Leire Bilbao, 2025eko Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala jaso zuen Klera (Elkar, 2024) lanagatik, eta Lehen Hezkuntzako ikasleen artean. Otsailaren 27an, ostirala, haurrek poesia jolas-, adierazpen- eta sormen-modu gisa ezagutzeko aukera izango dute, eguneroko bizitzan askatasun eta sentsibilitate modu gisa txertatuz. Kontakizun sentikor eta sakon horretan, haurrek gerraren aurrean duten begirada erakusten du, eta bizitzeko indarra, itxaropena eta nahia nabarmentzen ditu, baita egoerarik zailenetan ere.  

Aurtengo edizioan, 8 urtetik gorako haur ikusleak elkartzeko gunea ere badu antzerkiak. Tanttaka Teatroak Azkuna Zentrora darama Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez, Fernando Bernuesen antzerki-ideia batean oinarrituta. Harkaitz Canok idatzitako album ilustratu hau, 2024ko Euskarazko Haur eta Gazte Literatura Saria jaso zuena eta Isabel Herguera zinemagilearen ilustrazioak dituena, liburutegiak eta literatura omentzen ditu, eta literaturaren munduan sartzera animatzen ditu gazteak. Mundua pitzatuta dago, baina hantxe gabiltza oinez lanak munduari irekitako leiho-sorta baten gisa erakusten du liburutegia. 

Gainera, Jaialdiak Cabina literarias ekimena babesten du Cía. Proyecto Culturalen proiektua. Bertan, telefono-kabinak birmoldatu dituzte publikoa idazle handiekin lotzen duen proposamen sentsorial honetan. Entzungailua jaso eta zenbaki literario sakatzean, Lorca, Gloria Fuertes edo Emily Dickinsonen poema bat entzuten da; edo Kixoteren pasarte bat, María Moliner-en hiztegiko sarrera bat edo Shakespeareren bertso batzuk.   


BBK Gutun Zuria Bilbao Sariak

Aurten, BBK-k eta Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok BBK Gutun Zuria Bilbao Ohorezko Saria emango diote Gerediaga Elkarteari, bere 60. urteurrena ospatzeko, euskal kulturaren eta literaturaren funtsezko eragile gisa egindako lana eta Durangaldeko eta, oro har, Euskadiko ondare historiko eta kulturala zaintzeko, ikertzeko eta zabaltzeko konpromisoarekin markatutako ibilbide eredugarria aitortzeko. Bere historian zehar, Gerediagak euskal kultura garaikidearentzat funtsezkoak diren proiektuak bultzatu edo lagundu ditu, horien artean Durangoko Azoka nabarmentzen delarik, Euskadiko kultur ekitaldi nagusietako bat.  

Era berean, aurten BBK Gutun Zuria Bilbao saria eman zaio Valerie Milesi (New York, 1963), nazioarteko literatura-edizio garaikideko figura nabarmenetako bati, bere ibilbide profesionalagatik, non sormen-, adimen- eta kultura-bitartekaritzako lana nabarmentzen den. Granta en español sortu zuen 2003an, eta argitalpenaren zuzendaria da harrezkeroztik eta The New Yorker, The New York Times eta The Paris Review -ekin kolaboratzen du.   Granta en español argitalpenetik, Harkaitz Cano, Eider Rodríguez, Karmele Jaio eta Uxue Alberdiren gaztelaniazko eta ingelesezko itzulpenak bultzatu ditu. 
 
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Gorka Martínez BBK-ko zuzendari nagusiak ohorezko makilak emango dizkiete Jaialdiaren inaugurazioan, otsailaren 24an. Ondoren, Gari abeslariaren emanaldia. Gutun Zuria Bilbao jaialdiaren inaugurazioan, Aresti eta Abesti lanaren aurrerapena aurkeztuko da. Dokumentalak Gabriel Aresti idazle bilbotarraren lana eta eragina aztertzen ditu, bere heriotzaren 50. urteurrenean. Ikus-entzunezkoak Arestiren poesia, euskal musikariekin izándolo lotura eta euskara batuaren sorkuntzan eta garapenean bete zuen funtsezko papera nabarmentzen ditu. 

Hitza, Gutun Zuria Bilbao-ren ardatz nagusia 
Aurten, jaialdiak uste sendoa du literaturarik futuristena ez dela “etorkizunari buruz” idazten dena, baizik eta “hemendik” idazten dena. Literatura honek ziurtzat jotzen du etorkizuna gaur bertan gertatzen ari dela, ametsez eta amesgaiztoez betez gure eguneroko oraina. Literatura hau bere garaiaren aurretik doa, eta iraganera itzultzen da, gure gaurko kontuetarako erantzunen bila.    

Dimentsio hori jorratuko du aurtengo edizioak. “Jaialdiak kritika hartzen du bere gain eta, aldi berean, ez du soilik katarsian babestu nahi. Benetan uste dugu gaur egungo ezinegonak, kexatzera eramateaz gain, proposamenak egitera ere eraman behar gaituela. Gutun Zuria Bilbaon, lehen bezala uste dugu sustrai semantiko bera izateak baino zerbait gehiagok lotzen dituela optimismo eta optimo hitzak”, diote.   

Sarrerak salgai daude gutunzuria.azkunazentroa.eus webgunean. 


  • DataOtsailak 12
  • Gaia Literatura, Artxibategiak eta Liburutegiak, Ondarea