Zas Kultur-ek eta Hibridalab-ek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute HibridaZas 2026 programa garatzeko. Ekimen horri esker, Arabako artistek urtebetez lan egin ahal izango dute Hibridalab-en instalazioetan eta fabrikazio digitaleko tresnekin.
Akordioak urteko izaera du, eta sorkuntza artistikoaren, esperimentazio materialaren eta fabrikazio digitaleko teknologien arteko lanerako espazio partekatu bat irekitzen du. Programa honen bidez, parte hartuko duten artistek ikerketa eta ekoizpen prozesuak garatu ahal izango dituzte 3D inprimagailuak, 3D eskanerra, laser bidezko ebaketa makina, plotterra edo bioinprimagailua bezalako baliabide teknikoekin harremanetan, betiere aldez aurreko prestakuntzarekin eta FabLaben taldearen laguntza teknikoarekin.
Hibridalab berrikuntza irekiaren eta transferentzia sortzailearen zentro bat da, eta diziplina, sektore eta eragile askoren arteko hibridazio prozesuak sustatzen ditu. Bere jarduera teknologiaren, ezagutza aplikatuaren, enpresaren, kulturaren eta herritarren arteko topaguneak sortzera bideratuta dago, praktika desberdinek elkarrizketa izan eta ikerketa, prototipatze eta lankidetzarako prozesu berriak garatu ditzaketen esperimentazio testuinguruak sustatuz.
Zas Kultur, berriz, Gasteizko Alde Zaharrean kokatutako sorkuntza, ekoizpen eta artistei laguntzeko espazio independentea da. Egonaldien, lan programen, erakusketen eta jarduera publikoen bidez, tokiko testuinguruarekin lotutako ikerketa eta ekoizpen artistikoko prozesuak bultzatzen ditu, baita gaur egungo praktika berrien garapena ere.
Programaren 2026ko edizioan hasiera batean Anabel Quincoces eta Ariana RAC artistek hartuko dute parte. Biek beren lan prozesuak Hibridalaben barruan tailer gisa prestatutako espazio partekatu batean garatuko dituzte.
Bi artisten lanak lotura zuzena du esperimentazio materialarekin eta, zeharka bada ere, industria edo teknologia prozesuekin elkarrizketan dauden teknikekin. Anabel Quincocesen ibilbidea eskulturan eta instalazioan oinarritzen da, eta arreta berezia jartzen dio beira puztuari, tenperatura altuetan materia eraldatzea eskatzen duen prozesu tekniko konplexu bati. Bere lanak materiaren, argiaren, irudiaren eta espazioaren arteko harremanak ikertzen ditu, eta bideo elementuak eta gailu optikoak ere txertatzen ditu.
Ariana RACek eskulturatik eta instalaziotik egiten du lan material askorekin, sarritan industria edo ekoizpen testuinguruetatik datozenekin. Bere praktika aurkitutako elementuak —xafla metalikoak, egiturak edo industria prozesuetako hondarrak— berrerabili eta testuinguruz aldatzean oinarritzen da. Elementu horiek muntaketa eta berrantolaketa eragiketen bidez eraldatzen ditu, materiaren adierazkortasun aukerak eta eraldaketa prozesuak aztertuz.
HibridaZas programa irekia da, eta urtean zehar beste artista batzuk ere hartu ahal izango ditu, hasierako parte hartzaileek FabLaben dauden tresnak erabiltzen ikasi ondoren.
Programa 2026ko apiriletik 2027ko martxora bitartean garatuko da, eta aldi horretan egindako lanaren aurkezpen publiko batekin amaituko da Hibridalaben instalazioetan.
Ekimen honen bidez, bi erakundeek praktika artistikoen eta esperimentazio teknologikoko inguruneen arteko lankidetza modu berriak aztertu nahi dituzte, ezagutzaren trukea eta sormen prozesuen eta fabrikazio digitaleko tresnen arteko topaketa sustatuz.