Abian da Tabakaleran Ikusmira Berriak programaren 12. edizioa

  • Abian da Tabakaleran Ikusmira Berriak programaren 12. edizioa

  • María Alché, Harkaitz Cano, Anna Ciennik, Tizza Covi, Desirée de Fez, Santiago Fillol, Lucile Hadzihalilovic, Víctor Iriarte, Alexandre Koberidze eta Juliana Rojas dira proiektuen tutoreak
  • Hautatutako sei zinemagileak lehengo astetik ari dira programaren lehen fasean lanean, eta lan-saioak partekatuko dituzte Florencia de Múgica, Javier Martín eta Olimpia Pont Cháfer adituekin

Joan den martxoaren 9az geroztik, Ekain Albite, Rod Llaverías, Inês Nunes, Gala Hernández, Kavich Neang eta Valeria Hofmann lanean ari dira Tabakalerako Zinea eta Ikus-entzunezko laborategian (Donostia) eta apirilaren 19ra arte denbora, espazioa, testuingurua eta baliabideak izango dituzte beren proiektuak garatzeko. Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldi-programaren hamabigarren edizioaren lehen fasean, proiektu bakoitzerako ex profeso aukeratutako profesionalen aholkularitza izango dute, beren beharretan oinarrituta: María Alché, Anna Ciennik, Tizza Covi, Desirée de Fez, Santiago Fillol, Alexandre Koberidze eta Juliana Rojas izango dira proiektuen tutoreak eta Harkaitz Cano idazleak, Lucile Hadzihalilovic zinemagileak eta Víctor Iriarte zuzendariak idazketa-tailerrak eta irudi-sorkuntzako tailerrak emango dituzte.

Proiektuen aurkezpen publikoa Zinea eta Ikus-entzunezko laborategian egin du gaurkoan Maialen Francok, Donostia Zinemaldiko prestakuntza-programen arduradunak. Ekitaldi horretan egon dira ere Maialen Beloki Zinemaldiaren zuzendariordea; Clara Montero Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko kultura-zuzendaria eta Carlos Muguiro EQZEren zuzendari akademikoa. Edizio honetan hautatutako sei pertsonak aurkezteaz gain, zinemagile bakoitzari, bere eskaerak eta proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, tutoretza pertsonalizatuak (aurrez aurrekoak eta online bidezkoak) emango dizkieten zinema-arloko pertsonen izenak jakinarazi dituzte.

Horrela, beraz, Inês Nunes-i (Tavira, 1993) Tizza Covi zinemagile, gidoilari eta argazkilari italiarrak lagunduko dio The Spirit Healer is Away for the Weekend film luzearekin estreinatzeko aurrera egiten. Film horretan, beroa eta turismoa nagusi diren Algarven, bi emakume merkataritza-gune batean babestu dira. "Bi leku horiek —zinemagilearen hitzetan— kontsolamendua eta kide izatearen sentsazioa ematen dute, baina, aldi berean, gure antsietate handienak kapitalizatzen dituzten tranpak dira".

Jarraitu irakurtzen


  • DataMartxoak 18
  • Gaia Ikus-entzunezkoa