37 partaide batu dira aurten Eibarren: guztira, hamabost bideojoko argitaratu dira ekimenaren aterpean. Itch.io plataformaren bidez joka daitezke
Game Erauntsia Elkarteak, Zomorro Studiok eta UniEncounter ekitaldiak Euskal Game Jam topaketaren 3. edizioa burutu dute. Asteburuan, 48 orduz, garatzaile eta artista euskaldunek joko proiektuak hasi eta bukatu dituzte, beren trebezia eta gaitasunak aditzera emanda.
Eibarko Uni Eibar-Ermua ikastetxetik zein etxetik aritu dira aurtengo edizioan izena eman duten 37 partaideak. Ohi bezala, programatzaileak, 3D modelatzaileak nahiz marrazkigileak batu dira, baita diseinatzaileak, musikagileak, gidoilariak zein itzultzaileak ere. Taldean aritu dira zenbait —gehienez bost pertsonako taldeak osatzeko aukera egon da—, baina batzuek bakarka sortzeko erronkari ekin diote.
Denboran barrena
Urte honetako gaia denbora izan da: ideia horri lotutako mekanikak eta proposamenak garatu behar izan dituzte egileek. Laguntzeko, tresna sorta zabala erabili dute: Godot, Construct, GameMaker, Unreal Engine edo Unity bezalako garapen motore ezagunekin batera, Audacity, Photoshop, Krita eta bestelako programak izan dituzte eskura ordenagailuetan.
Buru-belarri lanean ibili ondoren, hamabost bideojoko argitaratu dituzte EGJ 3aren itch.io webguneko orrialdean. Hemen esteka guztiak:
Hirugarrenean plataforma abentura koloretsuak, tamagotchi eta digimon gailu zaharren estiloko izaki kudeatzaile ederrak, puzzle joko irudimentsuak, danmaku erako tiroen infernu zitalak, borroka titulu frenetikoak edo estrategia proposamen itzelak eratu dituzte sortzaileek, esan bezala, denboraren ideia kontuan edukita.
Gaiarekin batera, eskaera bakarra egin zaie garatzaileei: bideojokoak euskaraz egotea. Euskal Herriko bideojoko sortzaileen egoera ezagutzera eman, eta euskal sortzaileak ezagutzea nahiz elkarrengandik ikastea bilatzen du EGJ topaketak. Eibarren nahiz prestatu dugun Discord zerbitzarian ideiak partekatzen eta elkarri laguntzen aritu dira asteburuko sortzaileak, giro ederrean.
Hau esanda, joko guztiak Game Erauntsian euskarazko bideojokoen zerrendara gehitu direla aipatu beharra dago, ohi bezala. Hemen aurkituko dituzue, gainera, lehenengo zein bigarren Euskal Game Jam topaketetan sortutako tituluak.
Lanez gozatzen eta baloratzen
Sormen prozesuari amaiera eman ondoren, EGJ 3a atzo bukatu zen ofizialki; izan ere, igande arratsaldean bozketa faseari amaiera eman zitzaion. Hiru kategoria desberdinen artean bozkatu dute Jamean parte hartu dutenek —publiko orokorrak ezin izan du botoa eman—: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena eta jokorik dibertigarriena saritu dira.
Kukua izan da bozkatuena: aurkezpenik bikainenaren zein jokorik dibertigarrienaren kategorietan lehen postuan geratu da, guztira 4.200 puntu eskruatuta. Hil-tzulera geratu da bigarren postuan, ideiarik originalenaren domina lortuta eta dibertigarritasunaren arloan Kukuaren parean geratuta: 4.133 puntu eraman ditu. Hirugarrena, Suaren Ahotsa izan da, 3.917 punturekin guztira.
Asmoa ez da txapeldunak edo garaileak izendatzea izan, gainerakoek egindako lanaz gozatzea eta ideiak goraipatzea baino.
Bozketa epea bukatuta, jokoak nahi bezala gaurkotzeko, txukuntzeko eta hobetzeko aukera daukate egileek.
Game Erauntsiaren aldetik, milesker bihotzez aurtengo ekimenean parte hartzera animatu zareten guztioi! Benetan eskertzen dugu baita Zomorro Studio-k, UniEncounter-ek, Uni Eibar-Ermua zentroak nahiz Eibarko Udalak eskainitako laguntza: hauek guztiak gabe ezinezkoa izango litzateke EGJ 3a antolatzea!
Antolatzaileei buruz
Zomorro Studio. Ibai Aizpurua irundarrak osatutako bideojoko estudioa da. Aizpurua EHUko Arte Ederren Fakultatean ikus-entzunezkoetan espezializatu zen. Gaur egun, bideojoko garatzaile independentea da. Jokoak bere kabuz animatzen, diseinatzen, programatzen eta argitaratzen ditu; horrez gain, irakaslea da EUNEIZ unibertsitatean. Animazio edo bideojoko lantegiak emateko ohitura dauka eta Game Jametan parte hartzea maite du. 2021ean plastilinazko Barraka bideojokoa argitaratu zuen Durangoko Sorkuntza bekari esker; egun, Barraka-ren eguneratutako bertsioan eta euskal mitologian girotutako Guillotine-n lanean ari da.
Game Erauntsia. Euskal bideojokozaleen komunitatea osatzen du Game Erauntsia Elkarteak. Euskarazko bideojokoen eta hauei lotutako edukien eskaintza urria ikusita, euskara eta bideojokoak uztartzeko hainbat ekimen abiatu ditu 2014. urtetik: jokoak euskaratzea, industriaren gaurkotasuna zein kritikak lantzeko blog komunitarioa eta podcast-a kudeatzea, txapelketak eta ekimenak prestatzea, tailerrak antolatzea, hitzaldiak eskaintzea, eta, orokorrean, bideojokozale euskaldunak elkartzeko espazioa eratzea izan dira elkartearen eginkizun nagusiak.
UniEncounter. Teknologia, berrikuntza eta networkingaren zale amorratuak biltzen dituen ekitaldia da UniEncounter. Uni Eibar-Ermua ikastetxeko ikasleek eta irakasleek elkarlanean antolatua, hitzaldi, tailer eta jarduera interaktiboen bidez, ikasteko, esperientziak partekatzeko eta sektoreko adituekin konektatzeko gune paregabea eskaintzen du.
Esteka interesgarriak