Deialdi honen helburua da bitartekaritza kokatuko prozesu esanguratsuen eta bitartekaritzaren arloko ikerketa diskurtsibo eta metodologikoen garapena babestea eta sostengatzea, Tabakalerako Hezkuntza arloan egiten den lanean laguntzeko eta osagarri izateko.
Helburu bikoitz hori garatzeko baldintza material egokiak sustatzearren, deialdiak bi modalitate ditu:
1. Bitartekaritza-prozesu bat garatzeko egonaldia: Egonaldiak sei hilabete iraungo du, eta Tabakaleraren hurbileko testuinguruan bitartekaritza-prozesu bat garatzeko espazioa, denbora eta baliabideak eskainiko ditu.
Aukeratutako bitartekariak edo kolektiboak proposamena taxutu eta egonaldian gauzatu ahal izango du, 2026ko irailaren 28tik 2027ko martxoaren 21era bitartean. Proposamen bat aukeratuko da lehenengo modalitate honetara aurkezten diren proiektu guztien artean.
2. Bitartekaritzan ikertzeko egonaldia: Egonaldiak hiru hilabete iraungo du, eta bitartekaritzaren inguruko ikerketa-proiektu bat garatzeko espazioa, denbora eta baliabideak eskainiko ditu. Ikerketa ez da bitartekaritza-prozesu baten garapenarekin edo programa baten aktibazioarekin lotuta egongo. Modalitate honen helburua arlo honetan ezagutza sortzen laguntzea da, baita ezagutza horren kolektibizazioa sustatzea ere, arlo honetan lan egiten duten gainerako eragileen eskura jartzeko tresna gisa.
Hautatutako bitartekariak egonaldian zehar taxutu ahal izango du proposamena, 2026ko irailaren 28tik abenduaren 20era bitartean. Proposamen bat hautatuko da bigarren modalitate honetara aurkezten diren proiektu guztien artean.
Bi egonaldi-modalitate horiek ez dute lanaldi osoz egotea eskatzen. Dena den, egoiliarrak konpromisoa hartuko du Tabakaleran antolatutako lan-eremuetan presentzia jarraitua izateko, testuinguruarekin eta Hezkuntza arloarekin harremanak ezartzeko eta/edo mantentzeko. Maiztasun hori batzordearekin adostuko da deialdira aurkezten den lan-egutegiaren proposamenaren arabera, eta jarraipen-bilera bat izango du hilean behin gutxienez. Bestetik, bi egonaldi-modalitateen artean, bat datozen hilabeteetan, gurutzatzeko eta trukatzeko espazioak sortuko dira.
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.