Azken hiru urteetan Lezoko Antzerki Testu Laburren Lehiaketak izandako arrakastaren ondoren, Lezoko Udalak eta HIKA Teatroak laugarren edizioa jarriko dute martxan. Proiektu hau HIKA Teatroa Lezoko herrian garatzen ari den LEZO ESZENA 2026 izeneko bitartekaritza, sentsibilizazio eta publiko berriak sortzeko programaren barne kokatzen da eta, besteak beste, antzerki egileak ikusaraztea, gazteak antzerkigintzara hurbiltzea eta talentu berriak idaztera animatzea du helburu.
Lehiaketa euskararen eremu geografikoko dramaturgo, idazle edo idaztea gustukoa duen edonori zuzenduta dago. Parte hartzeko epea hilaren 23an, ostegunean, hasiko da eta piezak irailaren 11ko 14:00ak arte bidali ahal izango dira.
Aurkeztutako lanen artean, Hodei Arrastoak eta Olatz Gorrotxategik osatutako epaimahai profesionalak lau testu finalista aukeratuko ditu. Finala, Lezoko IV. Antzerki Testu Laburren PARTIDA, urriaren 3an izango da, Lezon. Bertan, 4 antzerki-testu finalistak Irakurketa dramatizatuan aurkeztu eta ikuslegoak erabakiko du zein izango den 1.000€-ko saria irabaziko duen testu garailea.
Gazteak erdigunean jarri nahi ditu lehiaketak. Ildo horretatik, antzezlanak 2 pertsonaiez eraikiak egon beharko dira, eta gutxienez horietako bat gaztea izan beharko da. Gainera, istorioetan ez ezik, dramaturgoen artean ere gazteen presentzia bermatze aldera, 4 finalistetatik batek gutxienez 35 urte edo gutxiago izatea bermatuko du epaimahaiak.
Iaz bezala, aurten ere euskararen aldeko apustua egin dute eta euskaraz idatzitako testuak baino ez dira onartuko. Testuek gai librea izango dute, baina Lezoko herria traman agertu beharko da (idazleak nahi duen moduan).
Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.