Euskadi Veneziako Bienalera itzuliko da 2026an, arte garaikidearen nazioarteko agertoki nagusietako batera. 1976an lehen aldiz agertu, eta berrogeita hamar urtera itzuliko da, "I Baschi alla Biennale 1976/2026" proiektuarekin. Proiektuak memoria eta sorkuntza garaikidea uztartzen ditu, eta arteak adierazpen, askatasun eta baieztapen kolektiborako tresna gisa betetzen duen zereginari buruzko hausnarketa proposatzen du.
Imanol Pradales lehendakaria izango da maiatzaren 6tik 8ra bitartean Venezian zabalduko den Euskadiko proposamenaren buru. Programa hiru ardatz osagarritan egituratuko da: ardatz instituzionalean, ardatz akademikoan eta ardatz artistikoan.